www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

EMERETZIGARREN ERAKUSALDIA

 

Bekatuaren ondoren gaiztoen artean laugarrena izan oi da Konfesio gaiztoak egitea. Au era askotara gertatzen da, len luzaro aditzera eman izan dedan bezala; baña ez naiz guzien gañean itzegiten geratuko, asi dedan lana guyegi luzatu ez dedin. Gaur ukituko dira, bekatuak lotsaz konfesatu gabe utzirik, egiten diran, konfesio gaiztoak.

 

Dereliquisti Dominum Deum tuum...
Scito, et vide, quia malum, et amarum est,
reliquisse te Dominum Deum tuum.
Jeremiae 2.

 

        Utzi dezu bekataria, zure Jaun, eta Jaungoikoa eta amairu Erakusalditan egin da alegiña, zu zauden perill izugarritik ateratzeko; baña alperrik: etzera esnatu bekatuaren modorra, edo lo astun orretatik. Jakizu bada esaten dizu Jeremiasek; jakizu, eta ekusi ezazu, gauza gaizto, eta samiña dala, zuk zure Jaun, eta Jaungoikoa utzi izan dezun eran utzitzea. Scito, et vide, quia malum, et amarum est reliquisse te Dominum Deum tuum. Egia au zuri adirazteko, azkeneko Erakusaldietan ukitu ditut, bekatuak berekin dakartzian, ondoren samiñetatik batzuek. Beste ondoren gaiztoa izan oi da konfesio gaiztoak konfesio gaiztoen gañean egitea. Au era askotara gertatzen da: baña ez det guziai ekiteko asmorik, zeren gai onetan luzaro itzegin izan dedan lenago. Askotan gertatzen da bekatariak lotsaz, edo beldurrez bekaturen batzuek konfesatu gabe utzitzea, eta konfesio gaiztoa egitea. Au norekin, eta nola gertatu oi dan adiraztea izango da gaurko itzaldia, eta ondoren ukituko det, zeñ gauza gaizto, eta samiña dan era onetan gure Jaun, eta Jaungoikoa utzitzea. Enzun, Kristaua, arretarekin.

 

* * *

 

        Gure Salbatzalleak batayoko Sakramentuarekin barkatu zigun bekatu etorkia, jatorrizko, edo orijinala: au da, arako lenengo gurasoetatik datorkigun bekatu ura. Apaindu ginduan graziaren soñeko ederrarekin: ornitu ginduan fede, esperanza, eta karidadearen birtuteakin: eman zizkigun gañera Espiritu Santuaren doayak. Konfirmazioko Sakramentuarekin indarrez bete ginduan, beraren gudari, edo soldadu alayak bezala, animaren etsayak garaitzeko. Aldareko Sakramentu miragarrian geratu zan gurekin bizitzeko, guri bere ondasunak emateko, eta Zerurako bidean laguntzeko. Gu nor izatera, etzan Konfesioko Sakramentuaren bearrik, baña ekusten zuan Jesus onak, txit gutxi izango zirala, etsayaren kontra bear bezala peleatuko ziranak: ekusten zuan alde aldean guziak galduko zuela graziaren bizitza, eta geratuko zirala bekatuan illak. Orregatik ipiñi nai izan zuan Konfesioko Sakramentua, batayoa ezkero egindako bekatuak barkatzeko. Zerura igo zan baño lentxeago, sartu zan Apostoluak zeuden tokira eta esan zien: Arrezazue Espiritu Santua: accipite Spiritum Sanctum: zuek barkatzen dieztezuen bekatuak barkatuak izango dira, eta oraindanik barkatzen zaizte: Quorum remisseritis peccata, remittuntur eis: eta zuek barkatu gabe uzten dieztezuenenak barkatu gabe geratuko dira: Et quorum retinueritis retenta sunt (Joan. 20). Baña Sakramentu onek ez ditu nolanai barkatzen bekatuak, baizik egiten duala bekatariak bere aldetik egin bear duana: eta beste gauz askoren artean gauza bearra da bekatariak bekatuak Konfesoreari aitortzea, bere biotzean arkitzen dituan bezala, larriak beintzat. Ala erakusten digu gure sinisteak. Baña zer gertatzen da? Bekatariak badu ausardia bekatu egiteko, baña garbiro aitortzeko, edo konfesatzeko txit beldurtia da, eta asko dira, gizon jakintsuen iritzian, lotsaz, edo beldurrez bekatuak konfesatu gabe uzten dituenak; emendik konfesio, eta komunio gaiztoak egitea, eta betiko su, eta garren artera amiltzeko zorian bizitzea. Eta zu, aditzen zauden bekataria, ez ote zera oetatik bat? Au ezagutzeko, begiraldi bat eman degiogun zure bizitzari.

        Zuk, Kristaua, gaztetxoa zirala, ikasi zinduan gaiztakeri batzuek, edo senide, edo auzokoren batzuekin: askotan gogora etorri zaizkitzu dotrinaren bat aditzean, edo konfesioko egunetan; baña lotsaz utzi dituzu konfesatu gabe, zeregan esaten dezula: txikia nintzan orduan. Atozea, eta zenbat urte zinduan orduan ? Jauna, zazpi, zortzi, edo geyago. Atozea, eta etzinaten ezkutatzen gauz oriek egiteko? Bai, Jauna: beldur naiz bada, gaiztoak izan ote ziran zure konfesioak.

        Zuk, amar, amabi, edo geyago urte zinduanean, egin zinduan ibillera itsusiak: ukitu zinduan zaurian dotrinaren batek, edo konfesorearen galdeak: konfesio batean aitortu zinduan bekatu oriek, baña, zere burua edertzeko, esan zenduan: Jauna, artean ez nituan bost, edo sei urte besterik. Auxe da bekatua osotoro ukatzea bezala; zeren konfesoreak usteko du ibillera oriek gertatu zirala, onaren, eta gaitzaren ezaguerarik etzenduan adiñean. Orregatik zure konfesioa izan zan gaiztoa.

        Zu askotan egon zera zeregan garbitasun, edo kastidadearen kontrako gogorazioetan, len igarotako gauza gaiztoak gogora ekartzen zinduala: batzuetan poztutzen ziñan, besteetan goisatzen, orduan bertan gertatzen balira bezala; besteetan gaitzerako gura esnatzen zan. Alaere lotsatu ziñan zeregan igaro zitzatzuna garbiro esateko, eta esan zenduan, etzenduala ezer seigarren Mandamentuaren kontra, edo esan zenduan etzeniela lekurik eman gogorazio gaiztoai. Au da bekatua gañtxuritzea, eta konfesio gaiztoa egitea. Gogorazio gaiztoak etortzea naiz fedearen, naiz karidade, eta garbitasunaren kontra, ez da bekatu, baldin guk, oartzen geranean, bereala egiten badegu alegiña gogorazio gaiztoak ayenatzeko, dala pensamentua beste gauzetara aldatuaz, dala esturan Jesus, Maria, ta Jose esanaz, dala Birjiña txit Santari biotza altxatuaz; baña askotan gertatzen da bekataria, oartuta ere, llilluraturik eta txoraturik egotea gogora datorkion gauza gaiztoetan poztutzen edo goisatzen dala, eta askotan Ieku emateko perill andian.

        Zuk zere buruarekin, aur denboran ezezik, gero ere egin dituzu eskuz, edo bestela bekatu itsusiak. igerritzen zenduan, modu oriek etzirala izango onak, edo beintzat bazenduan ar bat, esaten zizuna, ez dira gauz oek ongi dirudienak. Ala ere ez dituzu konfesatu. Noizbait esnatu ziñan dotrinaren batekin, eta konfesatu zinduan modu itsusi aek, baña edertu zinduan esaten zenduala: ez niakian bekatu zirala. Beldur naiz, zure konfesioak izan dirala gaiztoak. Badira gizon, edo mutill batzuek añ basatiak, eta abereak, non uste duen, ez dala bekatu mutillak mutillakin edozeñ gauza egitea; baña jakin bezee oek, emakumeakikoa baño itsusiagoa dalagizonezkoak gizonezkoakin zikinkerian ibiltzea: eta au bera esan bearko lizake, egingo balitue emakumeak emakumeakin gauza debekatuak. Sodomatarrak oitu ziran lizunkeri oetara, alako eran, non erri artara zijoazen gizon arrotzak ere bortxatu nai zituen ibillera nazkagarrietarako. Aserratu zitzayon Jaunari, eta Lot, bere emaztea, eta bi alaba ez, beste guziak erriarekin batean auts biurtu zituan bidaltzen zuala sufre erazekizko euri ugaria.

        Zuk, bekataria, an, eta emen zabiltzala, ederetsi diozu edari biziari, eta askotan jarri zatzu lausoa begietan: moteldu zatzu mihia: asi dira etxeak jiraka; itz batean, atxitu dezu arako aditzen dezun gauzatxo ura. Alaere ez dezu garbiro aitortu konfesioan zure bekatua, baizik esan dezu: berotuse nintzan: alegeratuse ginan: bear baño geyago edan nuan. Onelakoen konfesioak askotan izan oi dira gaiztoak. Eta gizonezkoakin au gerta baditeke, zer izango lizake, emakumeak oituko balira edari bizi eta goisoetara, eta atxituko balue polita baño andixeagoren bat? Onelako emakumeak gutxitan berez aitortuko luke gertatua garbiro.

        Zu, bekataria, etzera osotoro orditzen; baña sarritan, edo era dezun guzian bazarraizka edanari; emendik dator zorrai ez eranzutea; umeak gaizki azitzea, eta emaztea gosea iltzeko, eta umeak estaltzeko, bear danaren billa ibiltzea. Atozea, eta edanerako zure oitura orren ondoren oek garbiro esan dituzu konfesioan? Oriek ez jauna; zeren oriek garbiro esan ezkero, nortaki zer aginduko ziran? Eta ez dezu ekusten zure konfesioak gaiztoak izan dirala? Urlia ez da osotoro orditzen, baña arekin dira suak, eta garrak, eta botatzen ditu lagun urkoen kontra birauak galerazten du pakea etxean, eta lagun artean, eta agertzen ditu besteren tatxa ixilik zeudenak. Atozea urlia, eta garbiro esan dezu konfesioan, zer ondorenak datorkizun edanetik? Ez, Jauna; galdua ninzan alabaña oriek garbiro esanda. Gaiztoak izan dira beraz zure konfesioak. Sandia ere ez da osotoro orditzen, baña era danean badarrayo goisoari, edo biziari, eta gauza jakina du, ongitxo edaten duanean, lasaitzen, eta erraztutzen dala aragiaren atsegin loyetarako: ezer ez bezala dira arreizkero itz desonestoak, ukiera, eta keñada lotsagarriak: orregatik esan zuan S. Bizente Ferrerek, illak piztutzea baño mirari andiagoa dala onelakoak garbitasuna gordetzea. Atozea oraiñ gizon, edo emakumea, garbiro osan dezu konfesioan, zer bekatutan erori zeran edanagatik batezere garbitasunaren kontra? Ez, Jauna; beldur nintzan alabaña, debekatuko zidala edariari diodan jayera. Orra bada, nola beldur orregatik egin dituzun konfesio gaiztoak. Emen gazteai itz bat: mundu gaiztoan bizi zerate, eta edanerako griñagandik iges egizue, bestela galduko zerate, ala munduaren, nola Jainkoaren aurrean.

        Zuk, Kristaua, noizbait egin zinduan bekatu itsusi batzuek, eta bear bada abere, edo ganadu, edo egaztiren batekin, eta konfesioan esan zinduan pensamentu utsak bezala. Egin zenduan konfesio gaiztoa. Badira batzuek, bekatuak diran bezala esateko, biotzik ez duenak, baldin konfesorearen galdeak zaurian bertan ukitzen ezpaditu. Ostu omen zuan mutil batek anzumeren bat: galdetu zion konfesoreak: ostu dezu arkumerik? Eranzun zion: ez Jauna: eta gero zion, arkumearen lekuan esan balit antxumea galdua nintzan. Kristaua, edo konfesoreak galdetu, edo ez, zuk bekatuak aitortu bear dituzu, zeregan arkitzen dituzun bezala.

        Zuk, bekataria, urliarekin, edo sandiarekin egin zinduan bekatu batzuek; ura zan aldea, ezkondua, edo beste estadutakoa. Esan zenduan konfesioan bekatua, baña ez zer estadutakoa zan, edo aidea zala. Egin zenduan konfesio gaiztoa.

        Zuk egin zenduan bekatu urliarekin, eta ez dezu konfesatu, zeren ark eragin, eta esan zigun, kezkarik ez idukitzeko: berak kon fesatuko zuala guzia. Atozea, eta orrenbesterekin konfesatu gabe daukazu bekatua? Eztakizu, bakoitzak berak esan bear dituala bere bekatuak?

        Zuk denbora batean utzi zenduan konfesatu gabe lotsaz arako bekatu ura: gero garizumaren batean berritu zinduan konfesio guziak; baña etzenduan izan biotzik esateko, arako bekatu ura utzi zenduala lotsaz konfesatu gabe. Ause da, konfesioak berritzeko egin dezun lan guzia galtzea, eta berriro egin bearrean geratzea. Zuk asieratik esan baziñuka konfesoreari: jauna onenbeste urte dira onelako bekatu lotsaz utzi nuala konfesatu gabe: arreizkero urtean egin ditut onenbeste konfesio. Era onetan erraz, eta ongi egin zentzakean zere konfesioan berritzea, eta au egin gabez geratu zera len baño gaizkiago.

        Zuk egin zenduan urliarekin, edo sandiarekin arako bekatu itsusi ura: konfesioan, zere burua edertu nayez, esan zenduan: bortxaz, eta nai ez nuala eragin zidan, Jauna. Bortxaz? Balizake, baña gutxitan au gertatzen da. Bortxaz? Atozea, etziñan gustoz egon urliarekin aura begira, eper-zakurra eizari dagokan eran? Atozea, eta deadar egin zenduan? Jauna, esaten nion, utzi zegidala pakean. Orise da ardiak otsoari esatea: otsoa utzi gidazu pakean

        Zuk gizon, edo emakume ezkondua, egin dituzu zere bizilagunarekin, Jaunaren legeak debekatzen dituan, asko gauza, batzuetan, aur asko izan ditzatzun, beldurrez; besteetan aragizko atsegin zikiñ berriak arkitu nayez. Igerritzen zenduan, etziruditela ongi modu nazkagarri oriek: askotan gogora zatzu, konfesoreari gauz oek esatea, baña lotsatu zera esateko, eta aurrera joan zera zere modu itsusietan, zeregan diozula: ezkonduen artean zillegi dira gauz onelakoak. Kristaua, zure konfesioak gaiztoak izan dira, zeren beldur, eta kezka oriek kentzeko arretarik izan ez dezun, eta jarraitu diezu zere modu itsusiai. Jauna, ez da bada emaztea gizonarena, eta gizona emaztearena? Bai, baña ez, Jaunak debekatzen dituan gauzak egiteko. Zurea da zatoan, edo bonbillan daukazun ardo ona, ez ordea zere burua, edo besterik orditzeko. Sararen lenbiziko zazpi gizonak ezkonduak ziran; alaere Sararen gelara sartzean, zazpiak urkatu zituan Demonioak. Judas Patriarkak ezkondu zuan bere Seme nagusi Her zeritzana Tamarrekin, eta Seme nagusi oni bizia kendu zion Jaunak, zeren gaiztoa zan beraren begietan. Ez digu Eskriturak esaten, zer gaiztakeria zan Herrek egiten zuana; baña jakintsu askoren iritzia da, egiten zituala loikeria nazkagarriak. Patriarkak eman zion alargunari bigarren seme, Onan zeritzana (au zan alabaña orduko usanza Seme nagusia aurrik gabe illtzen zanean). Bigarren Seme onek ere egiten zituan lizunkeri itsusiak, eta kendu zion Jaunak bizia. Ekusten dezu, nola ezkonduen artean ere gerta ditezkean asko bekatu? Orregatik gauzaren batzuek kezka ematen badizue, galdetu bear diozu konfesoreari, bekatu diran edo ez.

 

* * *

 

        Era onetan, nere Kristaua, gure animak sendatzeko, eta Zerurako bidean ipintzeko, gure Salbatzalleak utzi zigun sendagai miragarria biurtzen du bekatariak bere animaren puzoi, eta amilka dijoa bekatuaren bideetan. Orra zer datorren gure Aita ona uztetik: eta orra zeñ egia andia dan Jeremiasek diona: gauza gaizto, eta samiña dala guk gure Jaun, eta Jaungoikoa utzi degun eran utzitzea: Scito, et vide, quia malum, et amarum est reliquisse te Dominum Deum tuum. Noiz artean bada, bekatari zere galgarria, noiz artean igesi ibilliko zera zure animaren jabe, eta arzai onagandik? Aspaldi zure billa dabill, eta deyez dagokizu: biur zaite bada beragana; baña biur zaite osotoro: aztuko da zure eskergabekeri guziaz, eta emango dizu betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa