www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

LAUGARREN ERAKUSALDIA

 

Espiritu Santuaren etorreraren gañean.

 

        Atsegin, eta poz andi bat agertzen du Espiritu Santuaren egun onetan Eliz Ama Santak, eta deitzen digu Espiritu bera onratzera, eta adoratzera. Alleluia dio: Jaunaren Espirituak bete du lur guzia: atozte, adora dezagun: Alleluia. Pozaldi, edo festa au da gañerako festa guzien koroa, eta betegarria bezala, eta batzuen iritzian da guzien artean andiena. Onen gañean itzegin bear degu bada gaur. Aditzera emango det lenengo lekuan, Espiritu Santuaren etorrera, eta oni dagozkan gauza miragarriak. Urrena, nola guk ere iritsi ditzakegun beraren doayak. Enzun arretarekin.

 

 

§ I.

 

        Espiritu Santuaren etorrerako egunean aditzera eman, edo barreatu zan Jesusen Lege berria, eta orduan gertatu zanaren anz eder bat arkitzen degu Lege zarrean. Egon ziran Israeltarrak denbora luzean Ejipton katiberio gogorrean. Jaunak atera zituan andik egiten zituala mirari andiak, eta asko. Irten ziran aurreko egunean egin zuen Jaunaren agintez Pazkoako festa, jaten zuela bildots errea etxe bakoitzean. Berrogei ta amargarren egunean eman zien amar aginte, edo Mandamentuon Legea, orain esatera noan eran. Agindu zien Sinai zeritzan mendira etzitezela igo eriotzaren penan: gorde zezeela, ezkonduak ere, garbitasun, edo kastidadea, eta zeudela soñeko garbiakin. Legea adirazi zan iru egunez lenago asi ziran Israeltarrak beren prestaera onetan. Irugarren egunean Sinaiko mendia jarri zan sua, ta garra alde guzietatik zeriola. Odei lodi batek inguratu zuan, eta aditzen ziran turmoi ots izugarriak, eta ekusten ziran tximistak tximisten gaiñ. Asi zan Aingeru bat tronpeta batekin amar Mandamentuak adirazten, añ sendoro, non aditzen zituen Israeltarrak, Aingeruak esaten zituan gauza guziak, eta baziran mendiaren inguruan iru milloi gizon. (Vide Exodum a cap. 15). Egun andi onen oroipena egiten zuen Israeldarrak urte oro, beren Pazkoatik, berrogei, ta amargarren egunean, zeren egun onetan eman zien Jaunak bere Lege Santa Sinaiko mendian, eta festa oni deitu zioen Pentecostes, esan nai du berrogei, ta amargarren eguneko festa: eta fest au izan zan bada gaurkoaren anz, eta iduri ederra, orain ekusiko degun bezala.

        Etorri zan Salbatzallea, munduaren asieratik Jaunak agindua zedukan eran. Egin zan gizon, eta gugatik gurutzean eman zuan bere bizitza. Ainbesteraño maite izan ginduan Aita Zerukoak, non eman zuan bere Seme bakarra, dio S. Juanek: Sic Deus dilexit mundum, ut filium suum unigenitum daret. Etzan kontentatu gure Jesus ona gugatik bizitza ematearekin: ipiñi zituan gañera zazpi iturri, edo Sakramentu, graziaren ur gozoa beti ematen ari, etan beñere agortzen ez diranak. Au guzia eginda ere, gauz asko bear ziran gure Erospen, edo Redenzioko Obra Andia-osotoro bukatzeko. Aditzera eman bear zan Jesus beraren Lege berria: Lege bat, debekatzen zituana, munduaren alde guzietan adoratzen ziran idolo, edo Jainko gezurrezkoak. Lege bat gure gura, eta griña txarren kontra dijoana. Autuak zeduzkan onetarako bere Apostoluak, baña oek ziran gizon jakinezak, leundugabeak, eta beldurtiak. Gañera, ekusten zuan Jesus onak, bere odol preziotsuaren kostuz, eta Sakramentuakin Zerurako bidean gu ipiñita ere, beti geratzen giñala argalak, gaitzera makurtuak, eta onerako gogo gutxirekin, eta nai zuan Zerurako bidean gu ibiltzea alaitasun, eta atsegin andiarekin. Orregatik erabaki zuan, bere Aitagana igo bear bazuan ere, bidaltzea Espiritu Santua Apostoluetara, eta bere Elizara gure Erospen, edo Redenzioko obra osatzera. Ala esaten digu S. Agustiñek: Ut quae Salvator inchoaverat, Spiritus Sancti virtus consummet.

        Aditzera eman zien Apostoluai, nola joan bear zuan Aitagana, baña etzituala utziko ume zurtzen eran: erregutuko ziola Aitari, eta bidalduko ziela Espiritu Santua: Et alium Paracclitum dabit vobis (Joan. 14): eta Zerura igotzeko zegoala, agindu zien, zeudela Jerusalenen, Aitak agindu zuan Espiritu Santua etorri artean. (Acta Apost. c. 1.º).

        Igo zan Jesus Zerura: biurtu ziran Apostoluak Jerusalena, eta dirudianez, ezkutaturik egon ziran ostegun santuko aparia egin zuen etxe artan bertan. Aen orduko Jan guzia izan zan beren biotzak prestatzea, Espiritu Santua artzeko. Pazkoatik berrogei, ta amargarren egunean, goizeko bederatzietan bezala asi zan turmoyaren anza zuan ots bat. Agertu ziran suzko miak Apostoluak zeuden lekuan, eta jarri ziran aen, eta beste an arkitzen ziranen burugañean.

        Jaunaren graziaren apaindura ederrarekin arkitzen ziran Apostoluak; baña suzko mingañak aen burugañean egon ziran bitartean, guk esan al baño geyago, ugaritu zien Espiritu Santuak graziaren doai ura, baita fede, esperanza, eta karidadearen birtuteak ere. Gañera ugari ixuri zituan aen biotzetan bere zazpi doayak, eta utzi zituan, Jaunak nai zuan guzirako ederki prestatuak. Len Apostoluak ziran gizon moldakaitz, ez jakin batzuek, eta Espiritu Santuaren doayak artu zituen ezkero, geratu ziran Zeruko jakiundez beteak, ainbesteraño non aditzen zituen Eskritura Santak erakusten dizkigun gauzarik ezkutatuenak ere. Aditzen zituen gañera izkunza guziak. Len Apostoluak ziran gizon argal batzuek, ostegun santu arratsean beren maisua utzirik igesi joan ziranak; baña Espiritu Santuaren doayakin geratu ziran añ alai, ta sendoak, eta ainbesteraño Jaunaren amorioz beteak, non prest arkitzen ziran Jesusen Lege Santa mundu guzian barreatzeko, eta beren bizitzak beragatik emateko. Zer geyago? Eman zien gañera Espiritu Santuak gaizkiñak ayenatzeko, eriak sendatzeko, illak pistutzeko, eta beren izkunza norinai aditzera emateko doaya.

        Aditu zuen Jerusalendarrak, eta orduan Jerusalenen arkitzen ziran, arrotz askok ere turmoyaren otsa, eta igerri zuen, non izan zan gutxi gora bera ots au. Zer gertatzen zan jakin nayez, joan ziran Apostoluan etxeronz, ez Jerusalendarrak bakarrik, baita arrozetatik ere, asko eta baziran oen artean izkunza guzietakoak; zeren Pentecostes, edo berrogei, ta amargarren eguneko festa artara munduaren lau aldeetatik joan oi ziran Jerusalena Jauna adoratzera. Ekusirik Apostoluak, beren etxearen inguruan gizatalde ura guzia, irten ziran oetara beldurrik batere gabe, eta asi ziran adirazten Jesu-Kristoren Misterio miragarriak, eta Legea, añ ederki, eta gozotoro, non aditzen zeuden guziak, arrituen eran arkitzen ziran. Ekusten zuen, Apostoluak zirala gizon leundugabe, ta jakiunde gutxikoak. Ekusten zuen doidoya jakingo zuela beren erriko izkunza, eta alaere guziz ederki itzegiten zuela Jesusen Legearen gañean. Ekusten zuen, Apostoluak itzegiten zuena aditzen zuela enzuten zeudenak, Erreñu, eta izkunz askotakoak izan arren. Miretsiak zeuden guziak, ta galdetzen zioen elkarri: Zer da au? Zer aditzera ematen du orain dakuskunak? Quidnam vult hoc esse? Baziran batzuek isekaz zioenak: ardoz beteak, edo ordiak zeudela Apostoluak: Musto pleni sunt (Acta Apost. c. 2).

        Orduan asi zan S. Pedro itzegiten Lege berriko Aita Santua bezala, eta esan zien: Judatar Jaunak: Viri Judaei: zuek uste dezue, ordiak daudela gizon oek; baña utsegiten dezue uste orretan. Badakizue, goizeko bederatzietan gaudela, eta onelako jayetan eguerdiraño ez dala ezer jaten, ez edaten. Jakizue, anziñatik aditzera eman zuala Jaunak Joel Profetaren autik, gizon oetan ekusi dezuena. Aditzera eman zien gero, nola Jaunak bidaldu zuan Jesus, anzinatik agindu zuan bezala, Adan, eta bere umeak Zerurako bidean ipintzeko: nola illerazo zuen gurutzean, eta piztu zan. Guk gerok geren begiz ekusi degun gauza da au: Cujus nos testes sumus. Jakin bezee bada Israeldar guziak, gurutzean illerazo duen Jesus bera dala Munduaren Salbatzallea. Gauz arrigarria! Pedro gizon jakiunde añ gutxikoa, eta Juduen beldurrez iru bider bere Maisua ukatu zuana! eta alaere gizon onek Juduai, eta mundu guziari era onetan itzegin die! Zer egiñ ez dezake batek Espiritu Santuaren doayakin? S. Pedroren lenengo itzaldi onekin sinistu zuen Jesu-Kristogan iru millak bezala, eta batayatu ziran. Eta asiera onelakoa izan bazan, zer egingo etzuen gero ala Pedrok, nola beste Apostoluak? Zabaldu zuen Jesusen Legea munduaren lau aldeetan: alperrik altxa ziran Luzifer, eta bere lagun guziak Apostoluen kontra. Alperrik munduko Errege, eta jakintsu guziak: etzuen utzi Apostoluak beren lan andi hau, eta egiaren alde ixuri zuen beren odola. Orra, nere Kristauak, nola aditzera eman, edo barreatu zan gure Lege Santa Espiritu Santuaren etorrerarekin: eta orra gaurko Misterio andiak aditzera ematen diguna.

 

 

§ II.

 

        Espiritu Santua jatxi zan Apostoluetara, aditu degun bezala: bete zituan bere doayakin, eta geratu ziran beraren onran bizitza emateko prest. Etzan Espiritu Santua jatxi Apostoluakgatik, edo aen onagatik bakarrik, baizik Kristau guzien onagatik, eta geratu zan Elizan betiko, esan nai det, Kristau fededunen bilkui, batzarre, edo kongregazioan. Ala agindu zien Jesu-Kristok berak Apostoluai (Joan. 14) Gerta diteke, eta gertatzen da asko bekatuan loituak arkitzea, baño beste asko daude Jaunaren grazian: eta oen biotzetan dago Espiritu Santua, bere doayez betetzeko, ela bear duen lagunza guzia emateko, artarako bear dan prestaera ipintzen duela. Orregatik S. Paulo Apostoluak deitzen dio Jaunaren grazian bizi danari, Espiritu Santuaren jauregui, edo Eliza: Templum Spiritus Sancti (1 ad Corint. e. 3 et 6.º).

        Beraz zu, Kristaua, Jaunaren grazian bizi zeran bitartean, zera Espiritu Santuaren Eliza bezala eta zu ongi prestatzen bazera, zure biotzean ixuriko ditu bere doayak. Au onela izan, eta ez gera prestatuko alik ongiena? Eta zer ote da guk egin bear deguna? Ara zer. Lenengoa: gure biotzak garbitzea bekatuaren loyetatik; bekatuan bizi dana alabaña da Satanasen zulo nazkagarria, eta ezin artu ditzake Espiritu Santuaren doayak. Bigarrena: bekatuaren bide, eta perilletatik betiko aldegitea. Au ez egitera, ez dago, ez, bekatutik irteterik. Irugarrena bizitz on, eta garbi bati benaz, eta biotz osoz jarraitzea, eta Sakramentuak sarritan artzea. Atzenean Espiritu Santuari bere doayak umilki eskatzea, Jaunaren grazian, edo bizitz onean irauteko. Esan degiogun oraiñ Eliz Ama Santarekin:

        Atoz, o Espiritu Santua: eta bidal ezazu gure animetara zure argiaren erreñu bat bederik, bekatuaren illuntasunak ayenatzeko. Veni Sancte Spiritus, et emitte lucis tuae radium.

        Atoz beartsuen gurasoa, atoz doayen emallea, atoz gure biotzetako argia: Veni Pater pauperum, veni dator munerum, vent lumen cordium.

        Atoz, gure Konsolatzalle guziz ona, gure animen arrotz, eta inz gozoa: Consolator optime, dulcis hospes animae, dulce refrigerium. Onela bizitz onean irauteko, eta iristeko betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa