www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA EMERETZIGARREN ERAKUSALDIA

 

Adirazten da lenengo lekuan gure pensamentu, itz, lan eta nekeak Jaunari eskeintzeko degun zor andia.

Bigarren lekuan, eskeintze oetatik atera ditzakegun ondasun andiak.

 

Dominum Deum tuum adirabis,
et illi soli servies.
Deuter. 6 et Math. 4.

 

        Gure lan, eta egiteko guztien artean andiena, edo obeto esateko bakar bakarra da gure Jaun Jaungoikoa ezagutzea, adoratzea, ta serbitzea. Adoratuko dezu zure Jaun Jaungoikoa, ta ura bakarrik serbituko dezu, esaten zaku Eskritura Santan. Alaere egiteko au da guztien artean aztu-ena ta beti geroko utzitzen deguna! Ta gauza negargarria! Egiteko oni benaz ekin baño len etorri oi da eriotza, ta galtzen dira betiko ezin konta al anima! Au gerta eztakigun, eta denbora berean, Jauna serbitzean arkitu ditekean, neke guztia gozatzeko, ta arintzeko da egun oroko asi degun jaiera, edo debozioa. Ongi begiratzen badiogu jaiera oni, ta jaiera onetarako ipintzen diran gauzai, au da Kristauari dagokan bizitza onaren zimendua bezala; ta beragatik alik ongiena agertzea, azaltzea, adiraztea dagokana. Jaiera onen lenengo gauza da Jaunaren aurrean jartzea, edo sinistea, Jaunaren aurrean gaudela, ta begira daokigula. Bigarrena, Jaun bera umilki adoratzea, ta egin dizkigun ontarte ta mesedeaz eskerrak ematea. Oen gañean itzegin nizuen aurreko dotrinetan. Irugarrena da gure pensamentu, itz, lan, eta nekeak Jaunari eskeiñtzea, ta au izango da gaurko dotrinaren gaia. Aditzera emango dizuet, lenengo lekuan: gure pensamentu, itz, lan, eta nekeak Jaunari eskeintzeko degun, eginbide, ta zor andia. Bigarren lekuan, eskeintze onetatik, ongi egiten dala, atera ditzakegun ondasun andiak. Aditu kontuz.

 

* * *

 

        Ezagutzeko zuk, Kristaua, zure pensamentu, itz, lan, eta nekeak Jaunari eskeiñtzeko dezun, eginbide, ta zor andia, ez dezu neke andiren bearrik. Asko da onetarako zuk kontuz begiratzea, norenak diran zure izatea, ta beste, bekatuaz osterontzean, zuk dituzun, ta izan al ditzakezun gauza guztiak, ta zertarako eman dizkitzun gauz oek, gauza beren Jaun, eta Jabeak. Zabal itzatzu bada, Kristaua, zure animaren begiak, eta begira-ezazu benik bein, norenak diran zure izatea, ta beste bekatuaz osteronzean dituzun, eta izan ditzakezun gauza guztiak. Ekusiko dezu, zuk dezun gizonaren izate ori ez dala zurea baizik zure Egille onarena. Jaunarenak dira zure gorputza, ta gorputzaren sentiduak: Jaunarenak zure anima, ta animaren kemenak, edo Potenziak, oropena, adimentua, ta borondatea. Jaunarenak gera, esaten digu S. Paulok. Domini sumus. Ekusiko dezu, zure izate ori, iraungo badu, gauz askoren bear dala, ta gauz oek guztiak dirala gure Jaun Jaungoikoarenak, ez zureak. Jaunarenak dira Zeru eder oriek, Jaunarenak eguzkia, illargia, izarrak, gaua, ta eguna. Jaunarenak lurra, sua, ura, aizea. Jaunarenak egaztiak, ganaduak, arbolak, belarrak, loreak, frutak. Jaunarenak iturriak, ibaiak, itsasoak, arraiak. Zureak dira, Jauna, Zeruan, eta lurrean arkitzen diran gauza guztiak, dio Eskritura Santak, Cuncta enim, quae in Coelo sunt, et in terra, tua sunt.

        Ekusiko dezu, Zeruko atsegin-kontentuen, eta erreñuaren gai izateraño goratua arkitzen bazera au dala Jaunaren ontarte, ta doai miragarri bat, Jaun berak bere ontasunez, ez zure ederragatik egin dizuna. Ekusiko dezu, Adan gure lenbiziko gurasoak galdu zuala Zerurako esku, ta deretxa au, ta galdu berekin bere ondorengo guztientzat: eta geratu giñala guztiok Jaungoikoaren aserre, ta madarikazioaren azpian, eta etsaiaren mendean. Ekusiko dezu, Jaungokoikoaren semeak, gizon eginta gurutzean bizitza ematen zuala erosi zinduala beretzat; ta bere odol preziotsuaren kostuz idiki zituala Adanen, eta gure bekatuak itxi zituen Zeruko ateak. Argatik esaten digu S. Paulok: etzerate, ez zerenak; erosiak zerate alabaña, ta erosiak prezio andian. Ekusiko dezu, bataioko Sakramentuarekin atera zaituala Jaunak bekatu jatorrizkoaren, edo orijinalaren loietik; apaindu zaituala graziaren soñeko ederrarekin; egin zaituala Jaungoiko beraren Seme, Jesu-Kristoren senide, ta Zeruko erreñuaren jabegai, edo eredero. Ekusiko dezu, etzerala zerez gai Zerurako irabazirik txikiena egiteko, ez eta pensamentu on bat sortzeko-ere, ematen ezpadizu Jaunak onetarako Zeruko bere lagunza, indarra, edo grazia. Ala esaten digu S. Paulo Apostoluak. Ekusiko dezu atzenean, dezun guzia Jaunarena dala, ez zurea; ta zerbait izan al badezakezu, ura guztia bear dezula Jaun beraren eskutik. Ta gure izatea, gure indarrak, gure gauza guztiak Jaunarenak badira, norenak, eta norentzako izan bear due gure pensamentuak, itzak, lanak, nekeak? Baldin gauzaren jabearenak badira gauzaren frutuak: norenak izan bear due gure lanak? Norenak, gure Jaun Jaungoikoarenak baizik? Ta ona, Kristaua, nondik datorkigun, gure pensamentu, itz, lan, eta nekeak Jaunari eskeintzeko, edo berbera dana, Jaunaren onra, ta gloriarako egiteko eginbide, ta zor andia.

        Eginbide, ta zor andi au ezagutuko dezu gañera, begiratzen badezu, zertarako eman dizkitzun Jaunak dezun izatea, ta beste gauza guztiak. Ez dizkitzu eman, Kristaua, gauz oek, zere gura, ta naikunde txarrai jarraitzeko. Ez dizkitzu eman, abereak, edo zentzugabeko animaliak bezala bizitzeko; baizik zere Jaun on-maitagarria ezagutzeko, amatzeko, ta zor diozun onra, ta gloria emateko Jaun berari. Gauza guztiak egin zituan beragatik, edo bere onra, ta gloriarako, dio Eskritura Santak. Universa propter semetipsum operatus est Dominus. Au da onra bat Jaungoikoari bakarrik gauza guztien jabe, ta fiñari bezala zor zaiona. Onra bat eziñ Jaun berak-ere besterentzat utzi dezakeana. Emendik atera-ezazu, Kristaua, zein zor andia dezun zure pensamentu, itz, lan, eta nekeak Jaunaren onra, ta gloriara zuzentzeko, ta eskeintzeko. Ta oraindik-ere geiago aditu nai badezu egia onen gañean, adiezazu, zeiñ neke, ta kastigu izugarriak adirazten dituan Jaunak zor oni erantzun nai ez dionarentzat. Ipiñi zuan Jaunak masti eder-bikaiñ bat, dio Isaias Profetak. Inguratu zuan masti au esiz, eta paretez. Egin zion erdian torre bat, eta emen ipiñi zituan tolareak. Egon zan mats gozoen ustean zai, edo itxedoten; baña alferrik; zeren eman etzuan mats garratz-basatiak baizik. Aserratu zitzaion mastiaren jabeari, eta esan zuan: Kenduko diozkat esiak, eta pareteak; artu dezan edozeñek alduena, ta oiñpean guztia trinkatu dezeen. Utziko bet etze; ezta geiago iñausiko, eta podatuko; ez du beregan geiago ekusiko aitzurrik; ta estaliko due guztia sasiak, larrak, aranzak. Aginduko diet odeiai, ez dezeela euririk egin masti eskergabe onen gañera. Mastiaren izenez aditzen da emen Israelgo jendea, baita gutatik edozeñen anima-ere. Ezpadiozkagu Jaunari eskeintzen obra onen frutu gozoak, kenduko ditu, gure animak inguratzen dituen ainbeste laguntza, dotrina, ta ejemplo on. Utziko gaitu lur, etze baten eran; igoko dira, ta estaliko gaitue griña, ta pasi gaiztoen larrak, sasiak, aranzak; eta ezta gugana jetxiko Zeruko indar, lagunza, ta grazia indartsu-eragilleen inz gozoa. Asma diteke, Kristaua, pena, ta kastigu izugarriagorik? Eta ez dira txikiagoak Jesu-Kristok aditzea ematen dituanak morroi zabarraren, eta piko alferraren hipui, edo paraboletan. Morroi zabarra bidaldu zuan bere nagusiak, irabazirako eman zion dirua kendurik, betiko su, ta garren artera. Ta piko alferrari esan zion Jesu-Kristok. Jaio ez dedilla igandik sekulan frutarik batere. Doi doia esan zuan au Jesu-Kristok, igartua geratu zan pikoa. Ezagutu dezagun, nere Kristauak, obra onen frutu gozoak Jaunari eskeintzeko degun zor andia, ta izan gaitezen kontuzkoak zor oni erantzutean, ala Jaunari zor diogunari, nola eskeintze onetan gorderik dauden, ondasun andiai begiraturik. Goazen orain ondasun oen gañean itzegitera.

 

* * *

 

        Baldin guk kontuz, eta bear bezala eskeintzen badiozkagu Jaunari gure pensamentuak, itzak, lan, eta nekeak; baldin gure asmo, ta intenzio ona berrituaz, Jaunari agradatzeko, edo Jaunaren onra, ta gloriarako zuzentzen, eta egiten baditugu gure lanak; andiak dira, ta ugariak Kristauarentzat onetan gorderik dauden ondasunak, eta irabaziak. Baña gauza negargarria da gai onetan degun zabarkeria, ta arretaren falta. Batzuek eztakie nola, ta zein aisa eskeñi degiozkeen bere nekeak Jaunari; besteak jakinda-ere, ezdue ezertan artzen lan au; ta onela galtzen ditue nortaki zer ondasunak. Enzun ezazu, Kristaua, zur lanen eskeintze au nola egin bear dezun; ta au ekusi ondoan ekusiko ditugu onetan zuretzat dauden ondasun andiak.

        Esnatzen geranean, nere Kristauak, gure lenbiziko pensamentua, lenbiziko biotzaren mugimentua, ta aoko itza zuzendu bear degu Jaungoikoaganonz; jauntzi bear degu honestidadearekin, esaten ditugula bitartean Aita gurea, Abe Maria, Salbea, edo beste orazioren batzuek. Zor diozkagu Jaunari gure biotz guztia, ta biotzaren afekto guztiak, baña geiena agradatzen zaizkanak dira lenengoak. Ene seme, esaten digu esnatzen geranetik, indazu biotz ori. Fili, praebe mihi cor tuum. Eztakizu, o gizona, zure biotz, eta miñgañaren premiziak, edo lenengo frutuak egun oro zor diozkatzula zure Jaungoikoari? An nescis, o homo, quod primitias tui cordis, ac vocis quotidie Deo debeas? Au egin ordean, esnatu orduko gogoz, eta biotzez joaten bagera munduko arazoetara, edo are gaiztoago dana gosarian, edo anima loitzeko diran gauzetan pensatzera: au izango da, Jaunari eskeñi bear diogun biotza, aurrena munduari eskeintzea, ta munduaren barautsez loitzea, ta zikintzea. Au izango da ganadu beltzen eran, esnatu orduko askara begiratzea, edo zikinkerietan muturka asitzea. Oculos suos statuerunt declinare in terram. Kontu andia ipiñi bear degu bada, nere Kristauak, esnatzen geranetik biotza, ta pensamentua Jaunagana altxatzean, baldin Jaunari agradatzea nai badegu. Lenengo pensamentua, lenengo biotzaren mugimentua, lenengo itza izan bedi Jaunaren alabanza, esaten digu S. Lorenzo Justinianok. Prima cogitatio, primus affectus, prima vox divinam resonet laudem. Au egin ondoan jarri bear degu Jaunaren aurrean, adoratu ta eskerrak eman bear diozkagu egin dizkigun ontarte, ta mesedeaz; ta eskiñi egun guztiko pensamentuak, itzak, lan, eta nekeak, ez nola nai, baizik Jauna amatzeko, Jaunari agradatzeko intenzioarekin, edo berbera dana Jaunaren onra, ta gloriarako. Eta nola Jaunaren graziaren, eta karidadearen bizitza gauza bearra dan, gure nekeak Zerurako irabaziak izan ditezen, gauz ona izango da karidade, ta kontriziozko afektoak egitea; ta onetarako lagunduko due jaiera onetan ipiñirik dauden fede, esperanza, karidade, ta kontriziozko aktoak. Atzenean gauz ona da gure lan guztiak Jaunari eskeintzea Jesu-Kristoren irabazi guztiakin; eta bere Aitari zion amorio baztergabeko arekin betean. Argatik esaten digu S. Paulo Apostoluak: egiten dezuen guzia, dala itzez, dala lanez, guztia egizue Jesu-Kristo gure Jaunaren izenean. Omnia quaecumque facilis in verbo, aut in opere, omnia in nomine Domini nostri Jesuchti. facile. Era onetan gure lan, eta nekeak, berunezkoak dirudiela-ere, urre eder biurtzen dira, altxatzen dira asko, eta distiatzen due era miragarrian Jaunaren begietan. Atozea, Kristaua, baldin zuk erosi al bazentzake aitzur bat, kolpe bakoitzean ukuitzen duan guztia, dala arria, dala lurra, urre, edo zillar biurtzen duana; zer egin edo emango etzenduke, aitzur ura iristeagatik? Salduko zinduke dituzun gauza guziak, eta etziñake geratuko ura zeretu artean. Ongi: ta zure pensamentu, itz, lan, eta neke guztiak biurtu baditzakezu Zerurako irabazien urre eder-distiatzallean; ta au zure lanak Jaunari, Jaun beraren onra, ta gloriarako, Jesu-Kristoren merezimentuakin batean eskeintze utsarekin: nolako arreta, ta kontuarekin ekin bear ez diozu jaiera oni? Ona nola eskeñi bear diozkatzun goizetik Jaunari egun guztiko zure pensamentuak, itzak eta nekeak. Ezta egiaz arazo, ta neke andia lan au egitea; ez du eskatzen jakiunde andirik; bakar bakarrik eske du biotz ona, ta arreta piska bat. Baña zenbatere neke gutxiko egitekoa dan, kontuz egiten dala, berekin dakarzi ondasun andi-ugariak, eta frutu miragarriak.

        Frutu oetatik bata da egun guztiko lanak, eta egitekoak bakoitza bere denboran, eta bear dan eran egitea, baldin goizetik benaz, eta biotzetik asmoak artzen badira Jaunaren amorioz, eta beraren gloriarako egun guztiko nekeak egiteko. Gizon jakiunde, ta birtute andikoak goizetik egiten due egun guztiko lanen traza, ta aututzen due bakoitzarentzat denbora egokia. Baña Kristaurik geienak zabartzen dira onetan, eta galtzen ditue, gauzak bear dan eran egin gabez, ondasun andiak. Bigarren frutua da; goizeko Demonioari biotzaren ateak itxitzea. Beti ernai, ta gure inguruan dabill gure etsai amorratua leoi aserre baten eran, gu bekatuan amilderazteko deretxaren billa, S. Pedro Apostoluak adirazten digun bezala; baña bere sareak, lazoak, eta bizkak prestatu oi ditu konturik andienarekin, esnatzean, jan ondoan, eta lotarakoan. Bada gure etsaien artean bat gu esnatzen geraneko aurrera bidaldua, edo Prekursorea, dio S. Juan Klimakok: ta onek bere alegin guztiak ipintzen ditu gure lenbiziko pensamentua loitzeko, eta Jaungoikoagandik biotzari alderagiteko. Batzuetan esnatzen geran baño len prestatuko ditu ames gaiztoak, esnatzean zabartu ote gaitezkean; besteetan saiatuko da, bereala oroi erazteko etxeko arazoaz, edo munduko txorakeriaz, lagun urkoak egin dizkigun txarkeriaz, edo beste onelako gauzaz. Baña zuk, Kristaua, itxiko diozkatzu etsaiari biotzaren ateak, baldin jaiera onetan erakusten dan bezala, oitutzen bazera, esnatzen zeranean bereala Jaunari begiratzera, beragana biotza jasotzera, ta orazioren batzuek esanaz honestidadearekin jauntzitzera. Au egin gabez zenbat kalte ote dator animetara? Zenbat, eta zenbat, bear ez diran, edo esan-ere ezin ditezkean, gauzetan esnatzen diranetik asitzen dira gogoa, ta biotza loitzen, zikintzen, lardatzen? Zenbat... Baña ez goazen aurrerago. Jaunari goizetik gure biotzak, eta lan guztiak eskinzetik datorren irugarren frutua da gure bekatuai dagozten pena, ta nekeak gutxitzea, edo osotoro barkatuak geratzea. Laugarren frutua da egun guztian egiten diran lan guztiak, andiak, et txikiak, Zerurako irabaziak izatea; baldin Jaunaren grazian arkitzen bagera, ta badirau, goizean artu dan, asmo, ta intenzio onak. Ez dio gure jaun Jaungoikoak ainbeste begiratzen eskeintzen zaion, doai, edo gauzari, nola borondateari, ta borondatea da Jaunaren aurrean gure irabaziaren neurria, esan zuan S. Anbrosiok. Bostgarren frutua da: gauza berenez ez onak, eta ez gaiztoak diranetan-ere Zerurako irabaziak egitea, baldin ongi, ta fiñ onarekin egiten badira, ta denbora berean badiraue goizeko asmo, eta intenzio onak. Emendik atera ezazu, aitzurrean, arean, ardatzean aritzea, ogia egitea, jatea, edatea, ta beste onelako gauzak izango dirala Zerurako irabaziak, edo merezimentuak, baldin gauz oek goizetik eskeñi badiozkatzu Jaunari beraren onra, ta gloriarako, ta intenzio onek dirauela; ongi, ta bear dan fiñarekin egiten badituzu. Naiz jaten dezuela, naiz edaten, edo beste edozeñ gauza egiten, egizue guzia Jaungoikoaren gloriarako, esaten digu S. Paulo Apostoluak. Sive manducatis, sive bibitis, sive aliud quid facitis, omnia in gloriam Dei facite. Baña kontu emen; gauz oek nola diran jatea, edatea, ibiltzea, ta beste onelakoak, egiten badira gaizki, egin dezagun kontu bear ez dan denboran, edo neurrian, edo geren naikunde txarrai atsegin egiteagatik, orduan gauz oek ez dira ongi egiñak, eta onak, baizik alferrak, errenak, gaiztoak; eta beragatik ez dira gai Jaunari onra, ta gloria emateko, ta Zerurako irabaziak izateko. Atzenean Jaunari goizetik gure biotzak, eta lan guztiak eskeinzetik datorren frutu gozoa da biotzeko pakea, ta uste, ta konfianza andia bere Jaunagan. Pakeatsua da Jaungoikoa, dio S. Bernardok, ta gure lanetan berari begiratzea asko da biotza paketan, eta esnetan bezala geratzeko. Tranquillus Deus, tranquilla omnia, et ipsum aspicere quiescere est.

        Ekusten dezu oraiñ, Kristaua, zeiñ ondasun andiak dauden Jaunari gure lan, eta nekeak eskeinzean? Ekusten dezu, zeñ aisa egin ditzakean Zerurako irabazi andiak Kristau ez jakiñenak-ere? Florenziako mendietan bizi zan eremutar batez dioe gizon jakintsu askok, gogora zitzaiola mundu guztian ziran, anima onen artean bera onena ote zan? Jatxi zaite, esan zion Jaunak, Florenziara, eta zuk arkituko dezu an Pedro deritzan zurradore bat zu baño askoz obea. Jatxi zan Jaunak esan zion bezala, arkitu zuan Pedro, eta galdetu zion. Atozea, zer barau ateratzen dituzu? Zer zilizio daramazkizu zere gorputzean? Zenbat ordu igarotzen dituzu egun oro orazioan? Eranzun zion Pedro zurradoreak: Ez det nik gauz orietatik batere egiten. Nik egiten dedana da goizean jeikita bereala belauniko jartzea, eskerrak Jaunari biotz osoz ematea egin dizkidan mesede guztiaz, eta zeren egun au eman didan. Gero eskeintzen diot nere biotza osotoro egun guztiko nere pensamentu, itz, eta lan guztiakin batean, Jaun bera gauz oetako bakoitzean alegiñean amatzeko, ta berari agradatzeko deseoarekin. Au eginda bereala ekiten diot nere nekeari. Au aditurik, ezagutu zuan gure penitente eramutarrak Pedro zurradorearen birtute andia, ta etorri zitzaion gogorazioaren txorakeria. Aditzen dezu, Kristaua? Ekin bada gogotik, ekin benaz, et biotzetik jaiera oni. Ezta, ez, Indietako bazterretan arkitzen zillar, urre, edo diamanteen meatze aiñ aberats, aiñ ugari, ta baliotsurik, nola dan guri gure Jaun onak egun oroko lanetan utzi digun meatzea. Jaunari nai dakiola, egi au gure gogo-biotzetan ongi sarturik geratzea, ta egia onek erakusten diguna kontuz guk egitea. Onela egingo ditugu egun oro Zerurako irabazi andiak, eta iritsiko degu atzenean ango betiko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa