www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERROGEI TA IRUGARREN ERAKUSALDIA

 

Adirazten dira aurreko erakusaldian utzi ziran gauzak, eta oek dira.

Lenbizia: Eliz Ama Santaren alegiñak dotrina guri ikas-erazteko.

Bigarrena: askoren aitzakiak dotrinara ez etortzeko, eta emendik datozen kalteak.

 

In mansuetudine suscipite verbum insitum,
quod potest salvare animas vestras.
Jacobi 1.

 

        Lenengo Erakusaldian aditu zenduen, zer aditzen dan dotrinaren izenez, eta zein gauza bearra dan Zerurako. Gaur aditzera emango dizut lenbizia: Eliz Ama Santaren alegiñak, dotrina guri ikas-erazteko. Bigarrena, askoren aitzakiak dotrinara ez etortzeko, eta emendik datozen kalteak. Asi gaitezen bi gauz oek ekusten.

 

* * *

 

        Eliz Ama Santaren nai guziz irazekia, eta ansia andia da bere umeak betiko bizitza doatsura giatzea; eta nola ezin bizitza ura iritsi ditekean dotrina jakin gabe, artu izan ditu au guri ikas-erazteko neurri ederrak, eta asko. Elizaren aurreneko denboretan Obispo Jaunak berak ari oi ziran beren kontuko animai dotrina erakusten. Oen artean izendatu ditezke S. Atanasio, S. Zirilo Jerusalengo Obispoa, S. Agustin, eta beste asko. Iñoiz besteri utzitzen bazioen egiteko au, izango zan ura gizon jakiunde andiskoren bat, eta oetatik izan ziran Alejandrian Panteno, ta Orijenes. Gerozko denboretan ere aritu izan dira lan onetan gizon andiak, naiz Obispoetatik, naiz besteetatik, nola diran Gerson, S. Ignazio Loiolakoa, S. Karlos Borromeo, ta beste ezin konta al. Kristauak ugarituaz joan ziran eran egin bear izan ziran Eliza berriak, eta oetan ipiñi ziran, eta ipintzen diran Arzaiai agindu zitzaten, erakutsi zegiezala Kristauai Zerurako jakin bear dan dotrina. Zer penak ez ditu ipiñi gai onetan nagiak diran Arzaien kontra? Gañera agindu die eskola-maisuai egiteko au bera, eta agindu die gurasoai, erakutsi degiezala beren umeai dotrina, edo bidal ditzeela ikasi dezakeen lekura. Eta dotriñetatik, eta Jainkoaren itza entzutetik igesi ez dabillen jendea, ez du nai Eliz Ama Santak aldean dauden hermitetan Mezarik esatea animen Arzaiak Jainkoaren itza adirazi dezan artean; eta urrutian badago hermita, ez du nai an Mezarik esan dedin dotrina gabe.

        Ez dira onetan geratzen Elizaren alegiñak. Anziñako denboran Elizatik botatzen zituan iru igandetan beren Elizara gabe geratzen ziranak. Etzitzaion iñori Meza entzuteko lekurik ematen, beste Eliza, edo Parrokiakoa bazan; aditzen da bidezkoa etzanean. Eliza bakoitzean, Meza asitzeko denboran, galdetzen zan: ote da emen Eliz onetakoa ez danik? Onelakoren bat bazan, ateratzen zuen Elizatik. Aiñ kontu estuak artzen ziran orduan, Kristau bakoitzak bere Arzaiaren dotrinatik iges egin etzezan. Obispadu onetako legeak agintzen zuan, erakarri zitezela Kristau guziak Meza nagusietara eta Trentoko Konzilioak agindu zien Obispo Jaunai, aditzera eman zegiezala bere mendekoai, nola beartua dagoan bakoitza alduanean bere Elizara etortzera Jainkoaren itza entzuteko. Ad audiendum verbum Dei. Atzenean debekatzen du dotrina eztakianari lenbiziko Komuniorako baimena ematea; debekatzen du onelakoak ezkontzea, eta deiak egitea ere bai, itz batean debekatzen du dotrina eztakienai Sakramentuak ematea. Ekusten dezu, Kristaua, zer neurriak artu, eta zer alegiñak egin dituan Eliz Ama Santak dotrina guri ikas-erazteko? Eta alaere arkitzen dira Kristauen artean dotriñetatik igesi dabiltzanak? Arkitzen dira, urte guzian Jainkoaren itza entzun gabe, bizi diranak? Eta gero? Bukatu oi ditue eren egunak Zeruko argiaren berririk gabe, ontzak bukatu oi dituan bezala. Dakuskun oraiñ, ze aitzakiak ematen dituen dotrinara ez etortzeko, eta zer kalteak datozen emendik.

 

* * *

 

        Gutxitan gertatzen da bekatariak aitzakiaren batekin bere burua edertu nai ez izatea. Ala gertatu zan Adan, eta Ebarekin, eta ala gertatu oi da oen umeakin-ere, eta oetatik dira dotrinak, eta Jainkoaren itza entzuteko nagitasunean bizi diranak. Ez gera aurrak dotrinara joateko, esango due batzuek, badakigu gure diña. Egingo bagendu dakigun onek erakusten diguna? Kristaua, nola itzegiten dezu era orretan, eta ainbeste dijoakizun gauzaren gañean? Ez gera, diozu, aurrak dotrinara joateko. Atozea, ta aurrak bakarrik dira dotrina, eta Jaunaren itza enzun bear duenak? Ez dezu aditu, nola Eliz Ama Santak agintzen duan, Kristau aziai-ere aditzera eman dakiztela jakin bear dituen gauzak? Eta nola aditzera emango zaizkitzu etortzen ezpazera? Ez gera aurrak, eta eztakizu, aurren antzeko biurtzen ezpazera, etzerala Zeruan sartuko? Ala dio Jesu-Kristok berak: Nisi conversi fueritis, et efficiamini sicut parvuli, non intrabitis in regnum Coelorum. Badakigu gure diña, diozu. Au esango balu S. Anbrosio batek, sinistu liteke, baña ez dio Santuak onelako gauzarik, eta onen ordez dio, ez dala iñor-ere ikastearen premia ez duanik: Nemo est qui doceri non indigeat. Eta zuk diozu, badakizula zuri dagokizun adiña? Ote dakizu zuk, ongi konfesatzeko nola prestatu bear dezun? Ote dakizu, Akto fedekoak, esperantza, karidade, ta kontriziozko afektoak noiz, eta nola egin bear dituzun? Ote dakizu etsaiaren tentazioak garaitzeko zer egin bear dezun? Ote dakizu dotrina liburutxoak dakarren piska ori ere? Gurasoa bazera, ote dakizu zer kontu, eta nolako neurriak artu bear dituzun zure umeak Zerurako bidean erabiltzeko, eta bekatuaren bideetatik kenerazteko? Erriko gauzetan nastutzen zerana bazera, ote dakizkitzu guzien onerako Erriak dituan ordenanzak? Ote dakizkitzu dezun karguak dituan egin-bideak? Ez noaski; gutxi dira alabaña gauz oetan zabartzen ez diranak; eta geienak bizi dira borondatezko ez jakin negargarri batean, eta ala iltzen-ere dira zabarkeriazko bekatu onetan. Ai! zuek, dio Isaias Profetak, ai zuek zeren begietan jakintsuak zeratenak! Vae qui sapientes estis in oculis vestris. Baña egin dezagun kontu, badakizula zuk zuri dagokizuna; eztakizu ezin gauz onik egin dezakezula Jaunaren laguntza gabe, eta laguntza oek askotan ugari eman oi dituala Jaunak beraren itza Santua umilki, eta biotz onarekin entzuten danean? Eztakizu, dotrina bat entzutean egon dala iñoiz zenbait betiko ez galtzea?

        Ezpagendu beste egitekorik, etorriko giñake dotrinara, dioe beste batzuek; baña aste guzian aunatzen gera, jaiean-ere milla arazo baditugu, eta nola etorriko gera Meza nagusietara, eta gero berriz beste dotrinara? Aste guzian aunatzen zera, Kristaua, ez dizut ukatuko, baña aunatzen zera gorputzak bear duanaren billa, eta animak ez due ezer bear? Etzera zu bakarrik nekatzen, zu bezala nekatzen dira beste asko-ere, eta badatoz Meza nagusietara; zergatik etzera zu-ere etorriko? Zergatik txanda ez dezu egingo etxekoakin? Jakiña dago zergatik. Zuk oraindaño ez dezu bururik ausi animaren onari dagozkan gauzetan, eta orain aldapa gogor bat arkitzen dezu Meza nagusietara etortzeko. Baña gauza bearra da, edo betiko doatsu, edo betiko doakabe izatea: gauza bearra da doatsu izate zuk animaren egitekoari gogotik ekitea, eta arretarekin jarraitzea: Porro unum est neccesarium. Animaren egitekoaren aldean zer dira gañerako guziak? Zeretu ezazu zure neke oriekin mundu guzia; bildu ezazu urre eta zillar guzia: egin zaite ardi, bei, lur, baso, eta beraze guzien jabe? Zer probetxu dezu gauz oriekin, baldin guzia utzi bear badezu denbora gutxiren barrunbean? Zer probetxu, baldin zure anima galtzen badezu? esaten dizu Jesu-Kristok: Quid prodest homini, si mundum universum lucretur, animae vero suae detrimentum patiatur. Utzi bada, Kristaua, aitzakia oek, eta oitu zaite Meza nagusietara txandaka bada-ere.

        Meza nagusietara etortzea guziok egin dezakegun gauza da, dio beste batzuek, eta ez datozenak alferkeriaz egiten due au, geienak beintzat; arratsaldeko dotrinara nola etorri al gaitezke? Elkar aditu dezagun poliki, Kristaua. Dotrina Meza nagusietan nik egiten dedana, da Kristau azientzat, eta Asteteren liburutxoak dakarrena ikasi duenentzat, edo artan ari diranentzat. Ezta neke au asko dotrina aurrai, ta len batere eztakienai erakusteko. Oentzat beste modurik bear da. Autu bear da ordu egoki bat, edo arratsaldean, edo goiz mezan, edo beste denboraren batean, edo galdetuaz, eta esanaz urte bakoitzean Abendutik Abendura igaro ditezke dotrinaren lau Parteak. Esan gidazu orain, Kristaua: badakizkitzu, edo ez dotrinaren parte oek? Ezpadakizkitzu, ikasi bear dituzu, edo Elizara zatozela, edo liburuaz edo bestez baliatzen zerala. Badakizkitzu dotrinaren lau Parteak, eta neke andia badezu arratsaldean etortzeko, atoz kontuz Meza nagusietara, eta jende gazteak bidal itzatzu beste dotrinara, egin dedilla au naiz arratsaldean, naiz goizean. Egizu alegiña etxean sarritan esan erazteko dotrina gazteai. Baña baldin oraiñ-ere zere aitzakiakin dotrinetatik igesi ibilli nai badezu, entzun itzatzu emendik etorri oi diran, eta erraz etorri ditezkean kalteetatik zenbait.

        Lenengo kaltea da gu Zerurako bidean giatu bear gaituan fedearen berri ongi ikasi gabe asko, eta asko bizitzea, eta iltzea. Eta gure bekatuen penan gertatuko baliz auzoan gertatu dan naspillaren antzeko bat, zer izango da dotrina ikasteko nagi bizi diran oekin? Zer? An zenbait lekutan gertatu dana bera. Ekusi dira an erri osoak, Jainko egiazkoa utzirik, gizon gaizto-errebes baten idoloa adoratzen, edo aren antz, eta imajiñaren aurrean belauniko, eta inzensu erretzen. Ala gertatu zan Brest deritzan erri andian, gizon bat bakarra ez, beste bildu ziran guziak jarri ziran Mrabouren imajiñaren aurrean belauniko. Nondik, eta onenbesteraño Katolikoak itsutu ote dira? Zeren gure fede Santaren ezaguera azaleko bat besterik etzuen; eta zeren beren Arzaiak erakusten zuen dotrina ongi aditzkeo arretarik ipiñi nai etzuen. Au bera gertatuko lizake emen-ere dotrina ikasteko gogorik ez duen geienakin, edozeñ gaiztakerietara kuturtuko litukee agintari, eta buru gaiztoak.

        Bigarren kaltea da, Jesu-Kristoren lege Santak, eta bakoitzaren estaduak, edo karguak dakartzian egin-bide, edo obligazioak ez jakitea, eta ez jakiñ onetan bizitzea, eta iltzea asko. Zer esango degu onelako Kristau gaixoaz? Zer, ezpada, begiak estaliak dauzkeela, jakitzen dirala betiko su, eta garren artera? Egizue kontu, sartzen dala bat San Franziskoren ordenan; ez duala arretarik batere ipintzen jakiteko, zer agintzen duan Santuaren erregelak; eta zabarkeria onetan bizi dala, eta iltzen dala. Zer esango genduke onelako Erlijiosoaz? Esango genduke, etzuala izan Erlijiosoaren jantzia, eta izena baizik, eta eraman zuela etsaiak, zeren artu zuan erregelako egin-bideak ezagutzeko konturik egiñ etzuan. Ongi: eta guk Kristautu giñenean ez genduan geren gaiñ artu Jesu-Kristoren lege Santa? Ez genduan lege au osotoro gordetzkeo itza eman gizonen, eta Aingeruen aurrean? Eta lege Santa au ikasteko alegiñarik egin gabe bizi, eta iltzen diran Kristauaz, zer esango degu Erlijioso gaizto artzaz esan deguna bera baizik?

        Irugarren kaltea da, Jesu-Kristok utzi zituan, graziaren iturri ugarietatik, edo Sakramentuetatik fruturik ez ateratzea, eta frutuaren lekuan gure animen puzoi biurtzea. Nola ori? esango dezu. Zeren dotrina ez dakiana ezin ongi prestatu ditekean Sakramentuak artzeko, batezere konfesioko, ta Komuniokoa. Zenbat onelako Kristau arkituko dira? Zenbat examina nola egin eztakienak? Zenbat bekatuen damu egiazko, eta ontzeko asmo osoa nola artu bear dan ikasi ez duenak? Zenbat, bekatu guziak esan ezkero barkatuak daudela, uste duenak? Zenbat... baña geiegi luzatuko nintzake emen ongi letorkean guzia esan bear banu.

        Ekusten dezu, Kristaua, zer alegiñak egin dituan, eta egiten ari dan Elzi Ama Santa guri Jesu-Kristoren lege Santa, eta Zeruko dotrina erakusteko. Ekusten dezu, zer kalteak datozen gure zabarkeria, ta aitzakietatik. Entzun ditzagun bada emendik aurrera dotrinak, eta Jainkoaren itza kontuz, eta, Santiagok dion bezala, biotz manso, eta umill batekin. In mansuetudine suscipite verbum insitum, quod potest salvare animas vestras. Onela ikasiko degu Zerurako bide ederra, bizi gaitezke Kristauak bezala, eta iritsi dezakegu betiko bizitza doatsua.

 

aurrekoa hurrengoa