Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa

 

Mundu estu batean bizitzeko

Zorigaitza dagokizula diozu

        Itsas aire eta hasperen auhen,

Mundu hau bukatua eta mugatua

        Delako:

Hizkuntza, Nortasuna, Eskakizunak,

Desirak eta Gerorako Xedeak

Bukaeraz mugatu mundu honetan

Uher klosketan odolez blai

        Asmatzen dira.

 

        Li Baiek

Hegietan bizi zen garaiak

Daramatza gogoan

        Eta kantatzen du larruko

Poroen zorion min irekia.

        Erdira eta ohartu da

Bihotza usteltzen doakiola

Bukaeraz Mugatu munduari.

 

Nostalgia patetikoz

Hondar tren hura daramazu

Gogoan eta ele mingarriaz

        Errepikatzen duzu:

Joan nahi nuke!

Galdatzen dizu:

Baina nora?

 

 

Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa