Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa

 

Uraren azalean itzal ikaratia

Antzematen zuen:

        Gabarra etsi bat eta

Gainean gizon aieru bat zutik,

Ibaiaren bihotzean metatu

Lokatzaren mendetik

Untzitxoa salbatu nahian bezala

        Hagari bultzaka.

 

Antzera basak sumatu ditu urrunean.

        Rainer Maria Rilke gogaide

Ainarak itzuliko direla badaki.

        Bat-batean

Urratsaren taupada ozenez

Ibaiaren hegiko harri-zuloetarik       

Bele saldo bat hegalda arazi du:

        Aire firfira soilaz

        Gauaren oreka

Den mendreena hausten da.

 

Norabide berezirik ez duen untzia

Izan nahiko zenuke,

Ukamenez mugatu mugikortasuna,

Ausentziaren oihalean urrakoa,

        Edo adibidez

Haize arinek biderkatu aldaketa

Urria, ezer ez, salbu begirada

        Samurrak

Ilunabarrean

        Hormatu gabarra.

 

 

Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa