Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa

 

Ez ahal dakizu amodioa ibaiaren jite berdinekoa dela

Irri bat, so bi, usain lau eta zazpi oroitzapen biluzi?

Adurri hegian bazabiltzanean

        Euri egunetan uraren dorpea

Zeruaren grisarekin ezkontzen denean

Nahas puntu ezabatuari beha zaude

        Harriturik.

 

Pena baten bide gurutzean

Ezerk eta nehork ez zaituela

Hiltzetik trabatzen

        Xuxurlatzen dizu

Laguntasun dei samurrez

Zehatz ezin den

Ibaiaren ortzaiz borobilak:

        Bakardadez ito uhinetan

Betetasun erraldoiraino isuriko

Gara biak.

 

Haizeak ihi belarrak astintzen ditu.

Bat-batean eguna urratzen da, pindar.

Herioa golde doakio buruan.

        Amodioa aldi berean

Itsaso laino eta harkaitz zorrotz dela

Erraten dio

        Li Baiek.

 

 

Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa