Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa

 

        Hitzaren itsasoak

        Herioaren pare

        Mugarik ez du:

Gutaz irri zegiten sanoki,

Debekatua zitzaigun beren sintaxia bekaitzetan

Behaztopatzen ginenean.

        Munduaren hatz hegitik gentozen,

Lohiaren auzunetik,

Euri etengabeek hilotzak buztintzen zituen

Plaza desolatuaren minetik,

Murmurio isilen zintzur zoko idorretarik,

Etxe alde etsien ardi eta behitegi utzietarik,

Istripu linguistikoaren bihotz gutxietsitik,

Exodoa jadanik dastatu zuten sendietako

Azken abar antzutuetarik,

Huts egiten ez ziren gaueko tren eta

Urdinez gatibatu geltokietarik.

        Mundu horren hegi apalenetik gentozen.

Debekatua zitzaigun beren sintaxia bekaitzetan

Behaztopatzen ginenean

Elearen kaltetutzat ekartzen eta

        Karitatezko urrikiz sariztatzen gintuzten.

 

Mututasunez kateatu

Barne zartatzea

Hurbiltzen ari da.

Zu hura eraikiz beste hartarik

Bereiziko zaituen adiskidea

        Bilatzea

Aholkatzen dizu

        Li Baiek.

 

 

Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa