Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa

 

Ibaiaren ispiluan iltzatzen zaitu:

Herri mina, itzul minaren partez,

        Izan mina balitz?

Sekula ez bazina itzuli?

Irautea zer den ez bazeneki?

        Herri mina ohizko bideko

Zedarrien

Galtze mehatxuaren izuan errotu

Nostalgiaren harresia baino ez

        Balitz?

 

Zeure buruari

Ipuinak kontatu dizkiozu

Dudak haika eta segurtasunak berme

Inguruarengandik karitatezko

        Onarpen eske:

        Geroztik Ibai hegiko lasterrean

Mamu saldoen erdian

Ipuinen dolua dakarzu.

 

        Hitz egiterakoan

Ez duzu gehiago gu ahoskatzen:

        Ur latsen oheak lokatzez emokatuz

Eraikitzen ari den herri berriaren

Ipuinen dolua dakarzu.

 

 

Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa