Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa

 

Nahikunde jariakorra eta itsas gustua salbu

Bizitzeko kuraiarik ez dela behar

Irakasten dio ibaiak,

        Untzi herdoilduak eta arratoi

Sotilak eta ur azalean

Maitasunaren zimurrak eta polizi autoen

Garrasiak goiztirian eta hotza ke kopetan

Eta oin hotsak eta hatsa eta tren hurbil

Baten drangada burdinezko zubian pasatzean

Eta antzera basak zeruan eta

Ainara beltz papo zuriak hegaztegietan

Eta Rainer Maria Rilke gogoan.

 

Nahikunde jariakorra eta itsas gustua salbu

Ihardukitzeko kuraiarik ez dela behar

Tehenta ari zaio,

        Amodio pixka bat eta ardo xorta bat

Eta munduaren oinarrizko tristeziaren

Haizatzeko adiskide bat eta hondorik

Gabeko zeru zati bat eta ibai bazterrean

Laster egiteko zama bide hertsi bat

Eta nehoiz ez geldi.

 

        Ez geldi,

        Non ez den

        Ibaiak zein amoltsuki biltzen diren

Miresteko.

 

 

Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa