Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa

 

Sortu zarenetik

Jarioa hausten zaion errekaren pare

Zabiltzala dio eta

        Maitatua ez izatearen

Barne izuarekin iharduten duzula.

Bizirik azkenean, Leinua

Bermatu duen mirakulua zara,

Haiek bat ni izan aitzin.

Zutaz zer erranen duten

Aurre ikusteak

        Beldurra eragiten dizu

Bizitzako urrats bakoitzean:

Haiek gabe

Nola har zenezake

        Hatsa?

 

Ikas ezazu haien berunezko begirada

Larderiatsuetarik ihes egiten,

Ikas ezazu harentzat, zuretzat eta

Oraino harentzat irriz lehertzen,

Ikas ezazu larruan zabalik daramazun

Segurtasun ezaren zauri irekia

        Ahanzten:

        Itsasora heltzeko

Eskubide osoa duzu

Eta euri egun baten samurtasunaz

        Besarkatzen duzula erraten

Baldin badiozu

Ez zaizu asaldatuko.

        Beste guztiek

        Ez bezalakoa da.

 

 

Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa