Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa

 

        Goiz nabarreko lainoen

        Dirdiran

        Ibaia,

Azaleko olio hondatu tatxarik gabe,

Bere bidetik dabilenean baino

Ez dela egiazki ibai

Diote gutariko anitzek.

 

        Ohizko ohetik kanpo

Beste ibai batean urtu desiraz

Ausartzen edo menderatzen

        Denean

Bere zinezko seinale garbien

Galtzea arriskatzen duela

Ondorioztatuz

Altxatzen dira

        Orroaz.

 

        Zeru grisean alta

Balizko bi marra beltz eta higikor

Gurutzatzen dira

Hegaldaka.

        Euriak nortasunak

        Ezabatzen dituela dio.

 

Eta jagoiti

Ez duzu izan nahi bestea.

 

        Lagundu ezazu bizitzen.

 

 

Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa