Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa

 

Gogora ezazu kanta samin hau:

        Nola asma genezakeen ezer ez zegoela

Gure izaera zuri-beltzean finkatzen zuen etsairik,

Ez bakerik, ez gerlarik, are gutxiago

Irabazte edo galtzerik.

Agian, errege xendaren arroiletan

Igel marraka xume bat,

Bele orroa desesperatu bat,

Sagarroi gaixo baten tripak airean,

Haizeak mehatxatu urratsaren hatza

Errautsean,

Irri marra triste bat gauean,

Larruen elkar hunkitze ebatsia irudi,

Bizirik irautearren lau gezur borobil

Eta bakardadezko aitormenaren

Egia bakar bat.

 

Ibaiari itsasora isurtzeko

Lasterra susmatzen duzun moldean

        Begietan

Malko pobre eta durduzak

Ikusten dizkiozu:

Hautsak errautsa bezain

        Maita dezakezu?

 

 

Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa