Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa

 

Erroitzen holtzetarik buztin urak

Garraiatzen ditu

        Ibaiak.

Izenik merezi ez duen maitasun baten

Aterki mehe gorrailaz

Harrizko hegal lohitsuak

Estaltzen dituzte.

        Errekaz erreka

Odola dario lurrari eta zeruak

Sutan ikazten dira,

Odola dario bihotzari eta hitzak

Zugan biderkatzen zaizkio,

Odola dario eta

        Erroitzen holtzetarik irazi buztin urez

Zure egarria ase dezakeela

Baiestera ez da oraino ausartzen:

        Martxo hondarreko mahastiak

Kukuaren kantak alegeratzen

Dituela

        Erraiok

        Li Bai.

 

        Beha geratzen zaizu

Galdua bailitzan

Itotzera zihoala laguntza eskaintzaz

Heldu zitzaion esku bakarra

        Zurea izan zelako.

 

 

Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa