Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa

 

Estira hilkorrak noiz nahi

        Dardarazten zaitu.

Burua goratzen duzu baina zeruak

Kontsolamendu izpirik ez dizu

        Luzatzen.

Izerditan zabiltza

Muga pasatu eta

        Segurtasun hitzak amoinatzen.

 

        Ongi dakizula

        Dio:

Ez zaitu herioak beldurtzen

Baizik eta aldaketa aitor ezinaren

Zinezko oinazeak,

        Galdeak eta erantzunak,

        Bihotzean erein duzun

Axola gabeziaren hazi berriak,

Bat batean

Larru zintzilikatuak dolorez

Erretzen dituen eta bilakatu zaren

        Haize arinak.

 

Non dabil otso urratsez

Hurbildu zitzaizun

        Izate minbera hura?

        Anartean

Li Bai Tchou mendian barna

Ibiltzen hasi da

Antzera basen hegaldiak begiko.

 

 

Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa