Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa

 

Bakartia eta bakartua,

Erreka tematsua izan zarela

        Dio, hargatik

Hartzen eta ematen ez duzula

Nehoiz ikasi:

Aukerarik ukan ahal duzu?

Maitatua dela amets egiten duen

Harrian zintzilikatu goroldioa zara.

Ez duzu astirik

Zeru grisean antzera basak

Nola desagertzen diren miresteko.

 

Kideen soak urruntzen dizkizun

Aditza daramazu

Ezpainetan zauri:

        Hala ere,

Ihes marra zuzen horietan galdu

Plegu gune konkorrak laket

Zaizkizula

Salatzen diozu.

 

Ama zikoitzaren moldean,

Zure beldurra zaintzen

Duen urguilu propioa

Baztertu eta

        Gizon hori maita

Ote dezakezu?

 

 

Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa