Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa

 

Gau beltzaren mende,

        Suprefeturaren aitzinetik

Adurri hegian lerratzen da

Suge pilpiratsu,

Eta zubi gorriaren puntan

Ortze mugan marra urre bat

Mirets dezake,

        Eguna zarta zorian.

 

Santa Izpiritu saihesten duela

Argiak

Botatzen dion errainuaren indarraz

Itsutzen da:

        Ez du deus ikusten.

 

Burdinezko pasa gunean aldiz

Argi oparo horren mihi

Herbalen batek zergatik ez dion

        Bihotz desolatua

Milikatzen eskatzen dizu.

 

Entzun nahi zaitu.

Bakardadearen harri idorrak

Harriei pindar jauki ondoan

Bihotz desolatuan

        Pizten ahal zenioke

Irauteko behar duen sua.

Entzun nahi zaitu,

        Zu.

 

 

Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa