Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda
Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa
Ur txiripa bakoitza
Bere mendi arteko aska meharrean
Isurtzen da
Garden, bihurri eta hotz,
Bakuna dela ustez.
Ez daki azken finean urak
Itsaso beilegian
Urtuko zaizkiola:
Jakin nahi ote du?
Absolutua frankotan
Indar itsuaren antzera,
Ezjakintasun nagiaren ondorioa dela
Erraten dizu,
Begiez
Kliska urdin eginez eta
Nehoiz ez geldi
Gomendioka urtuz.
Ez geldi,
Non ez den
Aldaketa etengabearen bezperan
Ibaiak zein lainoki biltzen diren
Miresteko.
Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda
Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa