Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa

 

Kanta ezazu oraino:

        Konturatu zinen herdoilaren herrialdeko

Hiri nagusiko plazaren ilunbe bekaitzean,

Joan baino anitzez lehenagotik

Partitutzat jo zintuztela

Lagunek,

Gauaren aztaparretan lehertu zinen

        Egunetik hain zuzen.

        Exodoa aitzinetik idatzia zen.

Eta tresna batenganako herra guztia

Pairatu zenuen

Idatzia gezur gera ez zedin.

Ausentzia eta lo eskas ibiltaria zinen.

Mintzoa murmura urrun

Bilakatzen ari zitzaienentzat

Esperantza tristez troxatu abestiak

Zizelkatzen zenituen,

        Baina exodoa aitzinetik idatzia zen

Eta ez zenekien

Esperantza tristez troxatu abesti bakoitza

Agurraren ikurra zela.

 

        Exodoa erreinua zen.

 

        Hautsak errautsa bezain

Maite duzu eta zeru sakoneko

Izar soila aterbe zaizula

        Dio Li Baiek.

 

 

Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa