Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa

 

Damurik gabeko

Ibai ireki baten maneran

Eroaten zaituela sentitzen

        Duzu

        Eta txiripa laino hori

Maite duzu.

Ahantz ezazu, sortzearen, hiltzearen eta

Leinua etsitzearen ideiak

Antsiaz korapilatu umekia zinela.

 

Halatan gozamen zaizu

Zintzotasunaren horman

Soaz iltzatzen zaituenean

Edo zure irri zozoak

Ezpainak bastatzen dizkionean:

        Maite duzu

Hautsak errautsa bezain.

 

Uhin berde nasaiaren oldeak

Zazpi pusketan

Inarrosten eta hausten zaituenean,

        Barne mortuaren zelaietarik

Ke altxatzen zaion hitz bakoitzaz

Laztantzen zaitu.

Ez duzu adiskidantzaz gain balizko

Besterik asmatzearen beharrik:

        Ongi sentitzen zara.

 

 

Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa