Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa

 

Adurri bazterreko harrizko hegi estuetan

Urrunetik lasterka segitzen zaituzte apurrek,

        Haize buhako azkarrago batek

Zure urratsaren oinarrizko oreka desesperatua

Urera noiz bulkatuko duen galdezka.

 

Ibaiaren kantak dei hautematen dituzu

Bazterrak ekaitz errepikatuen ondotik

        Lurrean hondamendi biltzen

Diren puloen aldetik.

 

Segitzen zaituzten horiek badakite

Aurki eroriko zarela

Eta lehen bezala holtzetan

Nehor ez dela zure alde

Higituko.

 

Eroriko zarenean erranen dute:

        Bagenekien.

Munduko poeta kuttunak oro

Gonbidatzen ahalko dituzu

Lekukotasun baikor baten ekartzera

Baina mutu egonen dira,

        Barka ezina zarelako.

 

 

Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa