Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa

 

        Ibaian

Ilunbeak daroan ezerezaren ura

Dela amesten du,

Pairatzen ez duen gorputz likido bat

Edo sukalde izoztuetan

Gosearen belaunaldiek

Ogi bila joan aitzin ostikoka

Barreiatu duten suteko

        Ilaun zurpaila.

 

Li Baiek bihotza handi dauka:

        Jauregitik bota zuten

Gauerdian ilargiak

Zeukan trufa mentsaren

Airea

Gogoratzen du

Berak ere.

 

Deitu ezazu egunero.

Lagundu ezazu bizitzen.

        Hautsak errautsa bezain

Maite du orain.

 

 

Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa