Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa

 

        Oin pean

Lasterrean ibiltzen dela

Ateri bulta luzeen ondotik,

Errauts ametsez hautsa errausten zaio:

        Zure deiak

Sokorri oihar zaizkio.

Negar dagi oraino.

Hargatik ihes jo lezake

        Diotenaz

        Adurrik iparraldean eta

Ebrok hegoaldean,

Tinkatzen duen

        Eta erdiminez

        Dirauen herrialdetik.

 

        Abia puntu, pausa leihor edo

Bakardadezko hondartza baino ez daitezkeen

Ibaiak noiztik dira herriaren herts muga?

Eta etzi etsian

Antzera basa zaurituen

        Helburu soil dirateke.

 

Ihes egizu, dio, lagunduko zaitut

        Laidoen eurite zitaletan

Hautsak errautsa bezain maite

Baldin banauzu.

        Hitzaren itsasoak

        Herioaren pare

        Mugarik ez du.

 

 

Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa