Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa

 

        Arrats apalean

Beste ibai baten ezpondetan

Kulunkatzen zara

        Munduko erreka guztiak

Zure haurtzaroko Uharan horren

Zirimolatan juntatzen direla

Itxuratuz:

        Portalen Mississippi erraldoia,

Tropika tristeetako Amazona,

Hogeita zazpi zubien azpitik lerratzen den

Rainer Maria Rilkeren Danubea,

Danteren malkoak hurrupatu zituen Arnoa,

Esku beltzak tinkatuz euritan itoa

Maite zenuen Seina,

Manuel Mariaren Minhoren isiltasun alferra

        Eta urratsean

Zure irudira

Larraitz ireki, bakarti eta desolatu gisa

Imajinatzen duzun Adurri hau.

 

Tchourako bidean galdu zenean

Ur berdeen gris koloreko oroitza

        Kantatzen zuen Li Baiek,

Leku orotarik haizatua izan ondoan

Ez maitatuenganako herra

        Bihotzean lehergai:

        Yi-hiu, hou!

 

 

Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa