Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa

 

Erreka nahasiaren ur zirimoletan

Zuhaitz enbor biluzia igeri

Doan uhin berdinaren bizkarrean

        Sortu izanaren damua

Datorkio uholde:

Ohartu da

        Noiztenka,

        Berantetsiaren aztaparrek

Bihotza setiatzen diotenean adibidez,

Ibai hegiko isiltasunean

Bere buruarekin mintzatzen

Hasten dela.

 

Hitzaren, aditzaren eta elearen

Mailukadaz

        Behingoz

Nortasun desolatuaren aurkako

Borondatearen eraso hausleak

Ekidin eta iradoki nahi ote ditu?

        Frankotan

Mailuak, oihartzun eskasez

Ausentziaren, lotsaren eta hutsaren

        Musika minbera

        Baino ez dio jotzen.

 

Erraiok hik Li Bai,

Harilka ditzakeen

        SOS mezuak

Uzten ahal dizkiola.

        Besteak ez bezalakoa da.

 

 

Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa