Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa

 

Ibaietan ere ur guztiak berdinak

Izanagatik

Jario ezberdin franko kausitzen

Dela agertzen dizu

        Amoltsuki.

Ezberdinaren onartzea

Bakunaren ugaritasunaren

Bermatzea dela gehituz

Musua pausatzen dizu

        Erauzketa

Hormatuaz iziotu esku

Ahurraren minean.

 

Bazen beraien artean

        Hitzak ibai,

Sare, erreka, dolore, istinga,

Haize eta euri

Txirikordatzen zituen poeta

        Gosaio bat.

        Ez zekiten.

 

Rainer Maria Rilkeren erako eresia

Aldatzaileen hazi luzeegi zokoratuak

Kaskoko arroiletan erein zizkiona

Atzematerainoko

Urteak eraman zituen,

Li Baien malenkonia arinaz

        Kulunka.

 

 

Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa