Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa

 

Zubi Berrian ardura

Ikusi dut Rilke

Seine zokilaren azal nahasian

Li Baien irudia kausi ote

Zezakeen kezkatzen.

        Han zegoen bai

Irri maltzurra ezpainetan,

Marmaratzen ziola:

        Ez zara inoiz

Pragara itzuliko

Eta zure ondoan dagoena

Are gutxiago

Bere sorterrira.

        Etxea uzten duenaren

Sutondoko lekua

Ahanztearen galernak

Ahamen bakarraz

Irensten du.

        Ez ezazu halatan

Nehon eta nehoiz

Ongi etorririk espera:

Etxea betikotasunaren

Plomuzko sareetan datxikate

        Eta zu anitz aldatu zara.

 

        Herri mina,

Itzul minaren partez,

Izan mina balitz?

        Ohartarazten dizu.

 

 

Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa