Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa

 

        Haren soa falta zaizula

Sentitzen duzu aspaldian,

Haren soa eta haren irria.

 

        Noiztenka bakardadeaz jantzi

Behar dela erraten dizu, kateez

Ametsik ez egin eta goiz zurpailetan

Euri zitalaren pean ibili.

        Norberarekiko dolamen lehertu,

Ama xifrituaren bihotzean hil sortuen

Lekua ebatsi duen iruzurra

Izana barkatu.

Mintzo zaizun gizonak gehitzen du:

Ikas ezazu zure berezko historiak

Premiazkoa duen eremuaren

        Zedarritzen.

Zintzurra kordoka, ihardesten diozu:

Etxerik ez duenak ez du jagoitik

        Berea altxatuko.

 

        Haren soa falta zaizula

Sentitzen duzu aspaldian,

Haren soa eta haren irria.

 

 

Hautsak errautsa bezain
Itxaro Borda

Maiatz, Elebi 6, 2002ko azaroa