www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kantikak eta neurtitzak
Gratien Adema, «Zaldubi»
1851-1901, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Kantikak eta Neurtitzak, Gratien Adema "Zaldubi" (Ales Bengoetxearen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

AXERIA, OTSOA ETA ZALDIA

 

Axeri gazte bat amarruz bethea

Eta duda gabe oilaskoz asea,

Trankilki zagoen bere ohatzean;

Ikusten du behin zaldi bat larrean;

Sekulan ez zuen zaldirik ikusi,

Eta badohatzu lasterka ihesi.

 

Zaldiaren ganik urrundu denean

Hor atxemaiten du otso bat bidean.

Et' erraiten dio: «Ori aixkidea,

Ongi atsegin dut zu hemen kaustea;

Heldu naiz abre bat hantxe ikusirik,

Halakorik ez da munduan bihirik.

Batetik gizena bertzetik handia,

Loria da hari beira egoitia».

 

—«Othoi behar duzu ethorri nerekin

Hurbilduko gaizko biak elgarrekin».

Otsoak orduan dio ihardesten:

—«Indarra baduen ez dautak erraiten»:

—«Zeren beldur zare, dio axeriak;

Ez gaitu segurki izituko biak;

Fortunak emanik, hunat behar bada,

Gure janaritzat gaur ethorria da».

 

—Esperantza hortan badohatzi beraz

Ezen segur dire jadanik aferaz.

Salutatzen dute humilki zaldia,

Halako lagunen beldurrik gabia.

Axeriak dio errespeturekin:

—«Nola deitzen zaren nahi nuke jakin».

—Hunek errepusta bere laguneri:

—«Zapatainak deraut izena ezarri

Zangoaren zolan: Nahi baduzue,

Hola dagolarik irakur zazue».

Axeriak dio: «Ene ahaidiak

Erromesak ziren bethitik guziak

Ez zuten ahalik en' eskolatzeko

Zilho bat bakharrik gauen pasatzeko;

Bainan jaun otsoa, zure burasoak

Ez ziren segurki gisa hortakoak:

Dudarikan ez dut egiten batere

Egotu zarela urthe bat bedere

Zenbeit eskoletan, eta irakurtzen

Laster guzieri zinela nausitzen».

—Lausengu horiek aditu ondoan,

Phentsa zer dabilkan otsoak gogoan.

Badoha lasterka zaldiaren gana,

Irakurtu nahiz jaun harren izena;

Bainan zer zitzaion orduan gerthatu?

Zaldiak ostikoz hortzak phorroskatu!

Axeriak dio: «Min hartu baduzu,

Dudarikan ez da, zure falta duzu.

Lehengo zaharrek erraiten zaukuten,

Eta egiazki arrozoina zuten:

Ez gintezen sobra fida arrotzeri.

Zaldiak hoi dautzu erakutsi zuri».

 

aurrekoa hurrengoa