www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kantikak eta neurtitzak
Gratien Adema, «Zaldubi»
1851-1901, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Kantikak eta Neurtitzak, Gratien Adema "Zaldubi" (Ales Bengoetxearen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

MARIA BEKHATURIK
GABE KONTZEBITUA

        (1877)

 

        Batek

Amodio ohore

Ama Birjinari,

Maria notha gabe

Kontzebituari.

 

        Guziek

Agur, agur, agur Maria.

Agur, agur, agur Maria.

 

Gure lehen aitamen

Bekhatuak ez du

Sekulan Mariaren

Arima goibeldu.

 

Bekhatu gabekorik

Adamen arrazan

Ez zu bezalakorik

Ez da nihoiz izan.

 

Maria zu hain garbi

Hain saindu sorthua,

Zuk duzu sugeari

Lehertu burua.

 

Jaunak zu bethidanik

zintuen beiratzen,

Zure Seme zuganik

Sortzekoa baitzen.

 

Jainkoaren eskutik

Ez da atheratu

obrarik hain ederrik

Nola baitzare zu.

 

O Birjina Maria,

zer konpara zuri?

Elhur egin berria

Ez zait aski xuri.

 

Zure baithan Maria,

Berthutea dago

Mendiko ithurria

Baino garbiago.

 

Zutan gauza handiak

Jaunak egin ditu,

Eta haren graziak

Zaizkitzu gainditu.

 

Jaunaren baratzeko

Lore hautatua,

Gizon da eta Jainko

Zure fruitua.

 

Emazte pare gabe

Jainkoak egina,

Amatuz geroz zare

Gelditu Birjina.

 

Oi zu Birjina Saindu

Jainkoaren Ama!

Amatzat guri zaitu

Semeak emana.

 

Zure semea hiltzen

Ari zelarikan

Gutaz amatu zinen

Dolore handitan.

 

Oi zein puxanta zaren

Birjina Maria,

Zeruko loriaren

Erdian jarria!

 

Zure haurren othoitza

Othoi entzun zazu.

Ama zure laguntza

Zerutik iguzu.

 

Gure Ama maitea,

Zuk othoi zerutik

Eskualdunen Fedea

Idukazu xutik.

 

Eliz' eta Frantzia

Dagotzu nigarrez,

Zureganik Maria

Laguntza beharrez.

 

Lagun zazu Eliza

Zure bothereaz.

Bothere berak beza

Frantzia altxaraz.

 

aurrekoa hurrengoa