www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kantikak eta neurtitzak
Gratien Adema, «Zaldubi»
1851-1901, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Kantikak eta Neurtitzak, Gratien Adema "Zaldubi" (Ales Bengoetxearen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

—Alegiak—

 

BILDOTXA ETA OTSOA

        (1873, Sara, 1. saria)

 

Primadera goiz batez, xirripa batera,

Ama gabe, bildotxa gan zen edatera.

Hantxet ari zelarik xurga xurga bera,

Oihanetik otsoa zitzaion atera.

 

Otsoak, goraxago urean sarturik:

«Ur hau, erraten dio, zikhintzen dautak hik».

—Bildotxak errepusta: «Jauna, nik nihundik

Hemendik ez dezaket zikhin zure urik».

 

—«Ixil hadi, kixkila, jaz ari baihintzen

Ene fama onaren nun-nahi funditzen».

—«Jaz ni oraino, jauna, sortzekoa nintzen;

Amaren ttittirat naiz oraino ibilzen».

 

—«Hire anaia zuan, hi ez balin bahaiz».

—«Ez dut nik anaiarik; ume bakharra naiz».

—«Hots! zuetarik norbeit entzun diat nik maiz.

Nitaz bazerasala zer-nahi elhe gaitz».

 

Hortan zen bildotxari oldartu otsoa,

Eta bi klaskaz zuen iretsi gaixoa.

Azkarrak duenean partida flakoa,

Hauzia zoinena den erran gabe doa.

 

Otsoak bildotxari egin zioena,

Jainkorikan ez balitz, nork liro kondena!

Jainko legetik kanpo zertan da zuzena?

Galde ezazu indarrez zoin den nausi dena.

 

aurrekoa hurrengoa