www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kantikak eta neurtitzak
Gratien Adema, «Zaldubi»
1851-1901, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Kantikak eta Neurtitzak, Gratien Adema "Zaldubi" (Ales Bengoetxearen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

HAITZA ETA IHIA

        (1901)

 

Haitza mintzo zitzaion behin ihiari:

«Ai! zein ez-deusa haizen ene aldean hi!

Beha zak, to, zein naukan handiagoa ni.

Hi hain herbail eta txar haut nik urrikari».

 

Ihardetsi zioen, haitzari ihiak:

«Jainkoak egin gaitu zu eta ni biak.

Harentzat berdin dire handi 'ta ttikiak;

Iguzki berak gaitu argitzen guziak».

 

—«Ez diagu berdinik deusik hik eta nik:

Hi denmendren haizeak hauka hor etzanik;

Ni ordean niagok kaskoa gorarik;

Ez diat hik bezala Jainko axolarik».

 

Hola mintzo zelarik ihiari haitza,

Horra nun altxatzen den kalerna bat gaitza;

Hedoi itsusi batzu airean dabiltza;

Laster dute zerua ezartzen beltz beltza.

 

Haitz hura hedoieri hurbilago baitzen,

Ihurtzuria zaio gainerat erortzen.

Haize zirimolak du bihurriki jotzen,

Bai eta erroz gora krisk krask aurdikitzen.

 

Ihi gaixoa zagon hantxet ukhurtua;

Gero ikhusi nuen berriz xutitua,

Bere mendretasunaz beraz salbatua,

Horra, jende xehea, zure etsenplua.

 

aurrekoa hurrengoa