www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kantikak eta neurtitzak
Gratien Adema, «Zaldubi»
1851-1901, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Kantikak eta Neurtitzak, Gratien Adema "Zaldubi" (Ales Bengoetxearen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

JESU KRISTOREN PASIONEA

 

Azken afaritikan

gauari behera,

Jesus atheratu zen

othoitz egitera.

Oliben baratzean,

hantxe dago bera...

Betbetan horra non den

erortzen lurrera.

 

Zerk aurdiki othe du

Jesus Jauna hola?

Agonian ahuspez

horra non dagola,

Bere heriotzea

bixtara zaiola.

Izerdiarekilan

dohako odola.

 

Bere agoniako

kalitza khiratsa

Iretsi behar eta,

oh! zenbat den lotsa!

Munduko bekhatuak

betan eta baltsa!...

Nola baita lehertuz

arnotzen mahatsa.

 

Judas bere Nausiaz

ixilka zokhotan

Juduekin ari zen

aspaldi tratutan.

Hoita-hamar pezeta,

horra zenbatetan

Saldu duen Judasek

Jesus arras hortan.

 

Soldatu tropa baten

bera aintzineko,

Heldu da Judas, eta,

ez huts egiteko,

Nori ere musu bat

emanen baitako,

Hori da seinalea,

hori lot bekizko.

 

Baratzean sarturik,

jada gau beltza zen,

Jesus bere lekuan

dute atzematen.

Musu maltzur bat dio

Judasek ematen.

Jesusek: «Aixkidea,

zer ari haiz hemen?»

 

Ihes abian ziren

denak harrituak.

«Har nazazue», dio

Jesus amultsuak.

Hedatzen diotzate

besoak, eskuak.

Orduan lotzen zaizko

laster soldadoak.

 

Jerusalem barnerat

orai deramate;

Gauak gauari presan

jujatu behaute.

Kaifasen tribunala

ospeka da bethe.

Jesus pasoka, thuka,

hantxe dabilkate.

 

Bertze Apostoluak

ganak ziren ihez,

Bakharrik zen jarreiki

Jesusi Piarres.

Ezkaratzetik beha

han zagon beldurrez,

Zer othe zuten bada

eginen Jesusez.

 

Kaifasen neskatoa

zitzaion ohartu.

«Errazu, Jesus horren

laguna zare zu».

Piarresek egiten

dio juramentu,

Ez duela hark Jesus

nihon ezagutu.

 

Piarresek Nausia

ukhatu orduko

Gauerdiko oilarra

kantuz hasi zako.

Jesusek ja errana

gogora dohako:

«Oilarrak jo gabe nauk

hik gaur ukhatuko».

 

Ohartzen da Nausia

beha dagokola.

Behatze hark jo dio

bihotzaren zola.

Badoha handik laster,

nigar dariola.

Piarres gehiago

ez daite kontsola.

 

Kaifasek: «Nor haiz?» dio

Jesusi galdetzen.

Jesusek: «Ni, Kristo naiz»

dio ihardesten.

Denak dire orduan

oihuz abiatzen:

«Ez haiz, hi, blasfemio

egile bat baizen».

 

Lekhukoak mintzatzen

abiatzen dire;

Gezurrean aurkituz

bai ixilzen ere.

Aitzinat oihuz daude

guziak halere:

«Hilzea merezi du;

ez barkha batere».

 

Gurutzean hilzea

duela merezi,

Kaifasek igortzen du

Jesus Pilatusi.

Pilatus hori baitzen

gobernuko nausi,

Horren baimena zuten

behar ardietsi.

 

Zertan othe den bada

Jesusen hobena,

Pilatusek nahi du

berak jakin dena.

Bilhatu eta deusik

ezin atzemana.

«Nik, ez, horren hilzea

ez dezaket mana».

 

Guziek berriz oihu:

«Bai kondena zazu;

Cesar enperadorek

etsai gaitz bat hau du.

Hunen alde bazare,

guardia emazu;

Ezen zure kargutik

har khenduko zaitu».

 

Orhoiturik hilzerat

kondenatuetan

Libraraz dezakela

batto egun hartan:

«Barrabas ala Jesus,

zoin da bi hoietan...

Hots! behauzue erran,

zoin?... libra dezadan».

 

—«Libra zazu Barrabas».

—«Ordean, Barrabas

Gizon hilzaile bat da;

Nik hura libraraz!»

—«Bai libra zazu hura,

eta hau hilaraz;

Bertzenaz Cesarekin

etsai zare arras».

 

aurrekoa hurrengoa