www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kantikak eta neurtitzak
Gratien Adema, «Zaldubi»
1851-1901, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Kantikak eta Neurtitzak, Gratien Adema "Zaldubi" (Ales Bengoetxearen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

BEHARRAREN INDARRA

        (1882)

 

                Airea: Atharratze jauregian

 

Aitak manatu zion seme bati behin,

Larrerat egurketa goizetik gan zadin:

«Hik ekhartzeko daiat zama bat han egin;

Osorik garraia zak; ez zakala arin».

 

Muthikoa larretik deus gabe heldu da.

«Aita, nik ez dezaket altxa zama hura.

Ontsa behatu diot, ez zazula duda,

Bakharrik ez naiteke lotzerat mentura».

 

Aitak: «Zer! ez hakien hik, behar bezala,

Beharra deitua den gizon bat han zela?

Hail, hots! oihu egiok lagun dakikala.

Beharra, o beharra, haugi berehala».

 

Muthikoa larrera itzultzen da berriz.

Egurrari so dago, hunkitzen du erhiz.

Gero oihuz hasten da bortz edo sei aldiz:

«Beharra, haugi, othoi... Beharra, hots! nun hiz?»

 

Nehor ez zaioela heltzen laguntzera,

Khexuz eta hasarrez hor lotzen da bera,

Bi haitaz altxatzen du zama bizkarrera;

Mila debruka gero derama etxera.

 

«Aita ez zen nehor han; egin diot oihu».

—«Nork lagundu hau bada kargatzen hoin zalhu?»

—«Beharrak nau bortxatu, orai ez dut dolu.

Oxala, bertze hura, debruak joan balu!»

 

Aitak, erraten dio: «Bethi hola egik,

Ontsa bermatzen denak indar handia dik,

Nik errana hoi huen; ez zuan bertzerik.

Jainkoak laguntzeko ez duk deus hoberik».

 

aurrekoa hurrengoa