www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kantikak eta neurtitzak
Gratien Adema, «Zaldubi»
1851-1901, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Kantikak eta Neurtitzak, Gratien Adema "Zaldubi" (Ales Bengoetxearen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

ESKUALDUNAK

        (1882)

 

Eskualdunak nor eta zer garen

Ez dugu behar ahantzi:

Ekhialdeko jendaia zaharren

Ginela lehen azkazi.

Iberrin ginen hasi

Bizitzen berex gure nausi;

Iberritar berberak hemen

Eskualdun ginen berezi.

Gure Eskualherri hautan lehen

Gure legez ginen bizi;

Sekulan arrotzik ez ginuen

Gure nausitzat onetsi.

 

Aberats bai hastetik aberez

Ibar eta mendietan,

Gero burdin, zilhar eta urhez

Lur barnetako mietan;

Eskualduna denetan

Antzedunena zen jendetan.

Gero abiatu zen urez

Bidaiatzen untzietan;

Pheniziatik ingurunez

Sartzen zen lur urrunetan.

Ezagun dire deiturez

Haren hatzak guzietan.

 

Hannibalen bai eta Ponperen

Gerla-gizonen erdiak

Eskualdun zalhu zailak ziren

Hoberentzat berexiak.

Nekhe, laster, jauziak,

Haurretik hala ikhasiak;

Beren bazter librotan deusen

Beldurrik gabe haziak;

Irrintzinaz gudura oldartzen,

Gero han ezin heziak.

Hek amorrik eman baino lehen,

Hilzera zauden guziak.

 

Goizik ginen gu girixtinotu,

Ja jainkobatar ginenak;

Santiagok baigintuen argitu

Gu orotarik lehenak.

Ama Jainkoarenak,

Saragozen agertu zenak,

Bere Pilharra utzi dauku,

Hari berma gaiten denak.

Gure fedea ez du higitu

Geroztik etsai gaitzenak;

Eskualdunak bethi etsai ditu

Kristoren etsai direnak.

 

Basa jendez zelaiak gaindirik

Jen ginen mendietara;

Gero berritz Mairuak ethorririk,

Nihork ez zetzazken bara.

Heier buruz gerlara

Noiz-nahi jausten ginen hara;

Bortz mendez hola jazarririk,

Jo ginuen Nabasera;

Berehun mila Mairu han hilik

Itzuli ginen etxera.

Librorik, gatheak guk hautsirik,

Espainia zen athera.

 

Eskualduna, zerbeit hintzen ari,

Hire mendi hauk beiratuz,

Frantziari eta Espainiari

Mairuen traban pharatuz,

Biak hala salbatuz!

Hire saria zak irakus:

Libroenik utzi beharra hi,

Bizi haiz bertzek manatuz;

Hirekilako patuak hautsi

Dauzkitek hitaz trufatuz;

Estekan tinko haute ezarri

Hire fueroak khenduz.

Mundu guziko mintzaietarik

Zaharrena, ederrena,

Entzuten dugu jakintsunetarik

Dela Eskualdunarena.

Nor othe zen lehena

Eskuara asmatu zuena?

Lehenbiziko jendetarik

Du Eskuarak hastapena.

Eskualdunek dugu hau bakharrik

Gure mintzaia zuzena,

Eta oraino dugu hortarik

Ohorerik handiena.

 

Lapurdi, Nabarpe 'ta Zibero,

Eskualherriak Frantzian;

Bizkai, Gipuzko, Alaba, Nabarro,

Berdin dire Espainian.

Zazpiak bat nahian

Bagaude aspaldi handian.

Zazpiek bat dute izan gogo

Elgarren oneretsian.

Oi! zein litekeien ederrago

Baldin, Eskualdun herrian,

Eskualduna bere gain balago

Bere zuzenen erdian.

 

Lauretx, Bizintxo, Loiola, Txaberi,

Lauak Saindu Eskualdunak.

Harizpe, Ager, Zumalakarregi,

Gure gerlari gaindunak.

Astarloaren lagunak,

Atxular, Oihenart, hitzdunak;

Lizarrag' eta Larramendi,

Irakasle hain entzunak;

Bonaparte, Dibasin, Abadi,

Intxauspe, lau jakintsunak:

Horiek dire Eskuaran aspaldi

Argitzaile ditugunak.

 

Eskualdunak bereziki orai

Fedeak gaduzka xutik.

Jainkoaren beldurra dugu bai,

Gizonenik ez hanbatik.

Jainkoa da goratik

Gure nausi egundainotik;

Guri manatzeko ez da gai

Jainko gabeko puxantik,

Ez sinheste, ez odol, ez mintzai

Ez dutenak deus guretik.

Aixkide ditugun ala etsai

Ahal dakigu engoitik.

 

aurrekoa hurrengoa