AMERIKETARAKO BIDEAN
(1854, Urruña, saririk gabe)
Huna jadanik hamar egun
Itsasoz itsaso noala,
Nere sor etxetik hain urrun
Utzirik amaren hegala.
Ai! ene amaren nigarrak
Orai ez daude xukaturik,
Aita zenaz seme bakharrak
Baitzadukan konsolaturik.
Arreba, hor egon zaite, zu,
Ama maiteren aldean;
Jinen natzaiola errozu
Bai, urthe laburrik barnean.
Iñharak horra airez aire
Nun doazin alde hartara;
Hegalak banitu, ni ere
Ez nindeke, ez, hemen bara.
Ametsetarik nintzen barda
Aberats etxerat itzuli;
Bainan ene ametsa juan da;
Hartan oro zaizkit itzali.
Lore bat hauzo baratzean
Ikhusi dut, eta han utzi;
Berari deus ez diot erran;
Igorriren diot goaraintzi.
Hor berean, lore gordea,
Egon zakizkit, hitstu gabe;
Zu izanen zare neurea,
Zu, nik ditudan denen jabe.
Ene gazte lagun maiteak,
Sor-herriaz goza zaitezte.
Ni hortik hoin urrun juaiteak
Oi! zein nauen ezarri triste!
Hik, bai, diru gose zorrotza,
Nabilkak hola zoraturik;
Hik dautak gogortu bihotza,
Hik ezarri nauk itsuturik.
Aberastu nahi naiz, bainan
Zuzenez eta ohorezki:
Herrirat heltzen naizenean,
Dirudun fama ez zait aski.
|