www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kantikak eta neurtitzak
Gratien Adema, «Zaldubi»
1851-1901, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Kantikak eta Neurtitzak, Gratien Adema "Zaldubi" (Ales Bengoetxearen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

PILOTARIAK

        (1890)

 

Pilotak ohore du Eskualherrietan,

Zeren den ederrena joko guzietan.

Eskualdunak gaztetik, pilota-plazetan,

Agertzen du baduen odolik zainetan.

 

Lehengo pilotari handien izenak

Espantutan gintuzke erran behar denak,

Oraiko gizon gazte deus zainik dutenak

Oro ernaraz detzan heien aiphamenak.

 

Perkain eta Azantza, zer pilotariak!

Elgarren bethekoak, joile bihurriak

Ikustekoak ziren esku huska biak,

Xixtuz zohazinean hoien ukhaldiak.

 

Bai besain, bai besazpi, bai punpa lasterrak,

Oro zituen eder Kurutxet Ezkerrak.

Domingo Ezpeletar zafrari supherrak

Harrituak zaduzkan hark ere bazterrak.

 

Jandarma Betiri-ta Heraizko Martin,

Bi Soldadueneko osab' ilobekin;

Ibarl'eta Exkanda Duronearekin,

Eskuz bai eskularruz oro ziren berdin.

 

Sustun Itsasun eta Zuraiden Bettiri,

Soin gehiago ziren erreferan ari.

Onddore-ta Puttiko eta Franxistegi

Bumebarekin botan ziren lau piklari.

 

Kaskoinak eskularruz Kaskaka, xirrixtan,

Pilota nora nahi zabilkan ximixtan;

Jokoz bezenbat kaskoz, munduaren bixtan,

Nekhez agerturen da haren parerikan.

 

Berrogoi-ta-zazpiko Irungo partida...

Sekulan halakorik nun ikusiko da!

Kaskoinaren trunkoa ez zaitela bira,...

Hark han eman zituen guziak azpira.

 

Kaskoinaren denboran baziren hainbertze!

Lopetegi, Gamio, Senjan, Hauziartze,

Tripero, Kandelero, Ottarre, Goietxe,

Harriaga, Norbertto, Larronddo, Bizintxe.

 

Gero Espainiatik, guri nausitzera,

Meltxor, Antsa, Mañuel, zitzaizkun athera.

Horien joa ez zen guk usatu bera;

Guante luzeaz zohan atxik eta fuera.

 

Atxiki joko hori laster ikhasirik,

Frantsesak ez zagozken ez lo, ez geldirik.

Mattiu Aheztarrak, gazterik hasirik,

Españolak zituen iduki hezirik.

 

Mattiuri bertze hauk zitzaizkon jarreiki:

Bere hiru anaiak, gazteena Betti;

Gregorio, Leitzelar, Organbide, Halti,

Bi Eizartze, Larralde, Xantrea gaindizki.

 

Eskularrua utziz, arte hortan, oro

Xixteraz hasi ziren nork jo urrunago.

Jo urrun horren leia xuxenean dago,

Eta hurbiletik du indar gehiago.

 

Bidaur, hiru Larronddo, Xilhar eta Jatsa:

Lau gathu, axeri bat, seigarrena hartza.

Seiek dute jokoa murritz eta gaitza.

Damurik xahartzeak oro geramatza.

 

Berterretxe, Patzola eta Abadia...

Sakhatik da bihurri hoien ukhaldia.

Ottarre, Belekabe, Ziki plekaria...

Plazarat agertzeko oi! zer gazteria!

 

Pilotari xaharrak joaiten has orduko,

Berriak dire bethi ondotik helduko.

Eskualherrian bada bethiko muthiko,

Ohore hoi baitute xutik idukiko.

 

Saratar hoiek dire sortzez pilotari.

Hazparnen ere hautak badire noiz-nahi.

Ezpeletar, Khanboarrak zirenean ari,

Hek ere segur lehen bazuten behari.

 

Plaza bat izaiki 'ta pilotaririk ez;

Asko herritan hortaz dagode ahalkez.

Eskualdun aztureri ukho hoi egitez,

Eskualduna da hola Kaskointzen nahi-t'ez.

 

Igande 'ta bestetan ofizioz goiti,

Pilota partida bat behar laite bethi.

Hartan herriko seme hoberen zonbeiti

Zor zaie agertzea guziz ohorezki.

 

Askotan eder zaiku plekako jokoa,

Trinket partidatto bat, orobat laxoa.

Bego hargatik nausi errebotekoa.

Pilotako legea hortan da osoa.

 

Gaztetik ez denean pleka beizik artzen,

Pareta hari joka besoa da galtzen;

Bixta eta indarrak guti han largatzen,

Zabaleko joari nekhez gero jartzen.

 

Ez du bere parerik errobot zabalak;

Pilotak airatzeko han ditu hegalak;

Botak bai erreferak, marrak bai gibelak,

Han dituzte agertzen nork bere ahalak.

 

Pik arrasak ez badu hiltzen errefera,

Errebotaren joa doha urrunera.

Paso aldekoak du bihurtzen barnera,

Ahalaz xaxa edo kintze egitera.

 

Bainan erne baitago errobotlaria;

Zolak igorri joan du bere loria.

Errexaxarieri orobat guardia;

Besoa dute zalu bai eta begia.

 

Butariaren joko latz eta borthitza;...

Maiz horren eskuan da partidaren giltza.

Paso marrako edo arte-jo murritza,...

Kintze gudukatuan hark du azken hitza.

 

Kintze, trente, kuarenta, joko da laugarren.

Hoien artean zenbat gora behera den!

Erreferaria da beldur arraiaren,

Eta kuarentaduna ados jaustearen.

 

Pilota partidetan hau ikusten dugu:

Ez dela aski joa handi ez mukuru.

Gehienik duenak begi eta buru,

Kintze irabazteko maiz joa xuhur du.

 

Oro plazarat bilduz hantxet beha gaude.

Bortz bortzi ari dire bi gizon aralde,

Zoinek jo xuxenik, bizi edo lore.

Irabazleak gero han du han ohore.

 

Eguerdik jotzen badu partida artean,

Eskualdunak zer garen ezagun gare han:

Buru has eta xutik, denak othoitzean;

Gu baino gorago bat baitugu gainean.

 

Pilota zoin den joko ohoragarria,

Ongi dakiena da Musde Abadia.

Gazteak pilotara ditezen lehia,

Hark ematen diote bermatze saria.

 

Saridun partidetan, begira hargatik

Jukutria gaixto bat guri egitetik.

Pilotan ari dena sari horrengatik,

Zinez artzen ez bada, dohala bixtatik.

 

Barne edo zokhotan dagon gazteari

Trufa egin dezogun zeren den hoin nagi.

Kaskoinen jostetetan gostu badu ari,

Ez dela Eskualduna aise du ageri.

 

Kanpo aro ez bada, hortakotz barnean,

Inbido-ta hordago joka bai musean.

Orduan da arnoa goxo mahainean,

Guziz irabazirik edaten denean.

 

aurrekoa hurrengoa