www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kantikak eta neurtitzak
Gratien Adema, «Zaldubi»
1851-1901, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Kantikak eta Neurtitzak, Gratien Adema "Zaldubi" (Ales Bengoetxearen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

TRIBUNALETAKO
GURUTZEFIKEN KHENTZEAZ

 

                Airea: Xoriñua norat hua

 

Gure Gobernamenduak

Jainkoa hain higuin du,

Tribunaletarik baitu

Kurutzefika khendu.

Hainbertzenaz du Frantzian

justizia aphaldu:

Kontzientzien beldurra

du behinik bat galdu.

 

Ez bada tribunaletan

gehiago Kristorik,

Ez dezakeguke altxa

juramentuz besorik:

Han juje direnak beizik

ez bada goragorik,

Gure juramentu orok

ez dute baliorik.

 

Juramentuak lekhuko,

hartzen baitu Jainkoa.

Jainkorik ez balinbada,

haizu da zin faltsoa:

Jainkorik gabe zer nahi,

ona ala gaixtoa,

Denak orobat direla

hau erran gabe doha.

 

Gurutzefika ikusiz

sinhestedun jujeak

Makhur jujatze beldurrez

aise ziren hobeak:

«Ez zatzuela kondena,

zioen gurutzeak,

Ni egin nauten bezala

jende hoben gabeak».

 

Gizonezko justizia

gauza hits eta hotza:

Khurutzefika khentzean

khendu zaio bihotza:

Deus zuzenik gehiago

badukeien naiz lotsa,

Otsoa azkar delakotz

hobendun den bildotsa.

 

Frantziako justiziak

Jaungoikoa ukhatuz.

Oraikotik etsenplutzat

har dezake Pilatus:

Zuzen ari dela zaio

inozenta urkhatuz,

Hobendun aberatsari

bardin oro barkhatuz.

 

Jainko gabeko jujeak

framazon edo judu.

Hanbat gaixtoago zuentzat

Jainkorik ez badugu:

Zuen justizia orai,

zer sinheste dukegu?

Zuen sinheste gabea

hartzen dugu etsenplu.

 

aurrekoa hurrengoa