www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kantikak eta neurtitzak
Gratien Adema, «Zaldubi»
1851-1901, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Kantikak eta Neurtitzak, Gratien Adema "Zaldubi" (Ales Bengoetxearen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

AMA BIRJINA LURDEKOARI

 

                Airea: Atzar gaiten atzar lotarik...

 

        Errepikaz guziek

Guazen, guazen, galdetzen gaitu

Ama Birjinak Lurdera:

Dugun ikus nun den agertu

Guazen Lurdeko Harpera.

 

        Batek

Eskualherrian entzun dugu

Mirakuilu baten fama:

Lurdesen ikusi omen du

haur batek Jesusen Ama.

 

Guziek: Guazen, guazen, galdetzen gaitu.

 

Hamalau urtheko nexka bat

Deitzen zena Bernadeta

ur hegiko zariketarat

Zoan suko abarketa.

 

Harrabots handi bat entzunik,

Zer othe zen beha zagon.

Andre bat harroketan xutik

Agertu omen zitzaion.

 

Harpe betetik goraxago

Zilhoska baten erdian,

Ama Birjina beha dago

Bernadetari lorian.

 

Argi xuriz bezti omen zen

Eta xoragarri eder.

Haur bihotz garbi bati baizen

Ez zaiteken hala ager.

 

Erran omen zion haur hari

Ithurri bat bazela han:

Edan zezala, eta garbi

Zadiela ur berean.

 

Harpe hartan ez baitzen urik

Lehen sekulan ikusi:

Bernadetak han ithurririk

Nihun ez zezaken kausi.

 

Bernadetak harpe xokhoan

Eskuz xilhaturik lurra,

Bet betan hark egin xiloan

Sortzen hor hasten da ura.

 

Ithurri bat nasaia orai

Erran dute han badela

Sendatzen handiak ere bai

Ur hark egin dituela.

 

Gero hau erran zion omen

Birjinak Bernadetari:

«Eliza bat nahi dut hemen;

Errozute aphezeri».

 

Hau ere omen zion erran:

«Mintza zaite Bernadeta,

Jendea proasionean

Hunat bil dadin osteka».

 

Bernadetak zion Maria

Oihuz zagola gutara:

«Othoitz eta penitzentzia

Egizue-ta ez bara».

 

Bertze behin zen saminago

Ama Birjinaren hitza:

«Ez dirot atxik gehiago

Jaunaren beso borthitza».

 

Hau da galdegin zioena

Haurrak gero Birjinari:

«Andre ona, zure izena

Erradazu othoi niri».

 

Andrea orduan eman zen,

Zeru ederrari beha;

Zioelarik: «Ni naiz deitzen

jaiotze notha gabea!»

 

aurrekoa hurrengoa