www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kantikak eta neurtitzak
Gratien Adema, «Zaldubi»
1851-1901, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Kantikak eta Neurtitzak, Gratien Adema "Zaldubi" (Ales Bengoetxearen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

GAUDEN GU ESKUALDUN

        (1893)

 

                Eskualdun besta eta biltzarretako kanta

 

        Errepika

Zazpi Eskualherriek bat egin dezagun

Guziak bethi, bethi, gauden gu Eskualdun.

 

Agur eta ohore Eskualherriari:

Lapurdi, Basa-Nabar, Zibero gainari;

Bizkai, Nabar, Gipuzko, eta Alabari.

Zazpiak bat besarka lot beitetz elgarri.

 

Haritz eder bat bada gure mendietan,

Zazpi adarrez dena zabaltzen airetan,

Frantzian, Espainian, bi alderdietan:

Hemen hiru 'ta han lau, bat da zazpietan.

 

Ekhalde-Iberrian noiz othe sortua?

Lau mila urthe huntan hunat aldatua;

Hain handi eta azkar lehen izatua,

Orai gure haritza zein den murriztua!

 

Funditua uholdez, zirimolez, ortziz;

Aizkorari arrotzek adargoiak hautsiz;

Harrek ere ixilka barnetik iretsiz;...

Haritz maitea, min duk aphaltzea gaitziz.

 

Gure haritz hau, azken mende hautaraino,

Zaharturik ere zen eder bezein sano.

Bere lur hoin garbian oso zagoeno,

Gainetik zoakona behar zen arrano.

 

Hi haiz, Eskualherria, haritz hori bera,

Arrotza nausiturik moztua sobera.

Oi! gure arbasoak, ez, othoi, ez beira

Zein goratik garen gu jautsiak behera.

 

Eskualduna jendetan, Eskuara mintzotan,

Lehen-lehenak dire, jakinen ahotan.

Nahiz orai arrotzak azpian hadukan,

Eskualduna, egoadi Eskualdun herrunkan.

 

Gu gare, Eskualdunak, berexiak beraz

Gure ethorkiz eta mintzaira eskuaraz.

Nihongo arrotzekin ez dadien nahas,

Arrotzek gur' eskuara ez dirote ikhas.

 

Gureak ziren lehen bazter hauk guziak,

Arbasoek utziak, hek irabaziak.

Guri esker Frantziak eta Espainiak

Daduzkate dituzten Eremu handiak.

 

Mairu beltza zelarik Espainian nausi,

Nabasen Eskualdunak egin zion jauzi.

Hark ekharri gatheak han gintuen hautsi,

Eta hilez bertzeak igorri ihesi.

 

Orduan gure alde oihuz zauden oro:

«Bere lurretan nausi Eskualduna bego.

Frantziak, Espainiak, bai orai bai gero,

Deus khendu gabe dute gerizatu gogo».

 

Agintz' hoitaz geroztik gan dire denborak.

Ukathu diozkate hartzedunei zorrak.

Oi! indar makhurraren lege latz gogorrak!

Galduez zuzendunen alfer heiagorak.

 

Ez bahaiz, Eskualduna, lehen bezein handi,

Aphaldu gabe xutik bederen egoadi,

Odolez eta fedez bethi berdin garbi,

Bethi tink' atxikia hire Eskuarari.

 

Gureez gure lehen hain libro ginenak,

Ezin ahantziz gaude orduko zuzenak.

Zer ametsak ditugun, zer orhoitzapenak!

Jaungoikoak bakharrik badakizka denak.

 

Zuri gaude othoitzez, Jaungoiko maitea,

Lagun zazu zerutik Eskualdun jendea,

Begira dezan bethi lehengo fedea,

Zor zaizkon zuzenekin ardiets bakea.

 

aurrekoa hurrengoa