 |
SANTA GRAZIA
Errefaua
O Santa Grazi maitea,
Gure lorea zare zu!
Zure Eskualdun jendea
Zerutik zuk lagun zazu.
Grazi paganoetarik
Luzitanian zen sortu;
Aitak jakin gabetarik
Goizik zen giristinotu.
Gazte, eder, aberats zen,
Aingeru bat bezein garbi;
Ez zen Jainkoari baizen
Bere hautuz eman nahi.
Bainan aitak hitzemana
Narbonako printze bati,
Zeramaten hunengana
Saragoz hirian gaindi.
Birjina giristinoa
Gelditurik Saragozen,
Hango prefet paganoa
Laster hari ohartu zen.
Prefet hau zen Daziano,
Kristauen etsai nausia;
Berriki zuen oraino
Bixintxo hil-arazia.
Entzun baitzuen zein eder,
Zein aberatsa zen Grazi,
Haren dohaineri aiher
Preso zuen har arazi.
Manatzen dio lehenik
Arnega dezan Fedea.
Grazik: «Jauna, ez dut ez nik
Utziren Jainko neurea».
Hasten zaio burregoa
Ukhabil ukhaldiz joiten.
Geldi-geldia, gaixoa,
Nigarrez zaio egoiten.
Zaldi baten buztanari
Emana sokaz estekan;
Zaldiaren lauhazkari
Grazi darraiko herrestan.
Burdin orrazez harraska
Larrua diote khentzen;
Zango besoak tiraka
Diozkate atheratzen.
Bulharrak ere errotik
Trukesez zaizko khenduak,
Gibel-erraiak barnetik
Kanporat dilindatuak.
Halere Grazi martira
Oraino dago bizirik,
Zeruetarat begira,
Oinhazeak ahantzirik.
Presondegian, gaixoa,
Hola zuten berritz sartu;
Handik zitzaien usoa
Bere hegalez airatu.
Orai bethiko biziaz,
Grazi han zare gozatzen,
Zure odol ixuriaz
Orai zare loriatzen.
Jainkoaren baratzean
Hain eder zaren arrosa,
Maiteki gure artean
Deitzen zare Graziosa.
Arima zeruan eta
Gorphutza presondegian;
Santa Grazia gordeka
Ezarri zuten hobian.
Bakea jitearekin,
Kristauek lehen urthetan
Eliza bat zuten egin,
Sainda hunen ohoretan.
Ohoin batek Sainduari
Beso bat baitzion khendu,
Ebatsi 'ta gorde nahi...
Mendi hautan zuen galdu.
Urhez eta diamantez
Beso hau zen estalia;
Bainan holako ebastez
Ohoina ezin balia.
Handik laugarren mendean,
Huna nola zen besoa,
Santaugraziko lurrean,
Atxeman oso osoa.
Zezen bat oihan heietan
Egun oroz zen ikhusten,
Adar puntak su kharretan,
Haitz bati belhaunikatzen.
Aphezak lekhuko hartuz,
Jakin zezaten zer zen han,
Haitz barne kofa miatuz,
Besoa zuten atzeman.
Eliza bat han berean
Egin izan zen hortako,
Arroztegi bat aldean
Arrotz beilariendako.
Sei mendez, hamar kalonje
Santagrazin egon ziren,
Lehenik harroken jabe,
Gero laboratu lurren.
Higanot etsaiek gero
Denak zituzten herrautsi,
Ereman ahalak oro,
Besoa ere, ebatsi.
Erreleki hau galdu 'ta
Jendeak zauden nigarrez,
Saragozerat oihuka,
Hunen ordain bat beharrez.
Santa Graziren erhi bat
Ardietsiz Saragoiztik,
Ekharri zuten herrirat,
Eta han dago geroztik.
Erhi hura bera denez
Santagrazin altxatua,
Gure Jaun Aphezpikuez
Bethi da begiztatua.
Santa Graziren erhiak,
Oraino hango beiletan,
Sendatzen ditu eriak
Maiz gaitzik handienetan.
|
 |