BETIRISANTS
Betirisantsez aspaldi dik
Ez zela deus berri handirik;
Zioten ehortzi zutela bizirik,
Lurpetik ilkirik,
Ez duk ez hirririk,
Munduz mundu herratua ibilirik,
Oraikotik ditik Betirik
Indarrak hartu, guk utzirik;
Hor ziagok kargu handitan jarririk.
Hor ziagok kargu handitan jarririk.
Betirisants bai lehen ere
Zer den aski jakinak gare:
Zer-nahi jukutria, eta halare
Orai arte pobre;
Orai du podore:
Zorri hilik piztuen enperadore;
Gaixto eta tzarren fagore,
Hoein ganik baitu ohore.
Jende zuzenak orai behar du gorde.
Jende zuzenak orai behar du gorde.
Betirisants lehen ardura
Balinbazabilan barura
Orai hargatik legunik dik itxura.
Amarru segura,
Jin zaiok burura
Hain aphaletik igaiteko tronura,
Lausengatuz jende makurra,.
Egiatzat salduz gezurra.
Holaxe dik mundua bildu eskura.
Holaxe dik mundua bildu eskura.
Betirisants dugu lehena
Lege hau ekharri duena:
Indarraren meneko dela zuzena.
Nor baita txarrena,
Hark dik hark hobena;
Gaixtagin azkar den bat nola kondena!
Orai nor-nahik dakiena,
Ofiziotan den hitsena
Bide da kontzientziadunarena.
Bide da kontzientziadunarena.
Betirisantsen politika,
Bera laxo, bertzeak tinka;
Gero «Bibe la liberte» errepika.
Jendea dabilka
Tiraka, purtzika,
Legar eta lege berri ukhaldika.
Nausi nahiz oro gaindizka,
Bainan oro ezin aldizka.
Diote hori dela Errepublika.
Diote hori dela Errepublika.
Betirisanstarren Jainkoa
Da mundu huntako gozoa,
Erlisione libro eta lazoa,
Aphez gabekoa,
Erran gabe doa,
Gure xakurrarena bezalakoa,
Gerokotzat bego geroa;
Bainan damurik herioa
Hoieri ere zaiote jin gogoa.
Hoieri ere zaiote jin gogoa.
Betirisantsen soldaduak,
Framazon Beltzak deituak,
Non-nahi zaizkigu nausi pharatuak.
Zer nahasmenduak,
Kalteak, gastuak,
Derakharzken hoien gobernamenduak!
Jainkorik ez nahiz, munduak
Jabe hoiek ditik hartuak.
Ez dik gaizki irri egiten debruak.
Ez dik gaizki irri egiten debruak.
Betirisantsen zangopetan
Oi! zenbat dabilan herrestan,
Eta zenbat den haren aztaparretan!
Bai aberatsetan,
bai nekhatzaletan,
Zenbat libro uste 'ta diren gathetan!
Bizitze gisa batzuetan,
Jainko legez trabatuetan.
Errexki daude Betiriren legetan.
Errexki daude Betiriren legetan.
Betirisantsi bertze asko
Begiak itsurik darraizko;
Hek ere gisa baitire harendako,
Zeren diren gaixto,
Xoro edo asto.
Arren zenbat den bazterretan holako!
Jaun xanfarin, xilodun kasko,
Edale, mandril, esku mako,
Hoien bozak Betirik ditu beharko.
Hoien bozak Betirik ditu beharko.
Betirisanstarren haurreri
Eskola zor zaie deneri,
Bainan eskolan Jainkorik ez zilegi.
Gero da ageri,
Behatuz hoieri,
Han ikhasietan direla trebegi.
Berthuteaz nihor ez bedi
Hoier mintzatzerat atrebi:
Ez galde jendetasunik abreeri.
Ez galde jendetasunik abreeri.
|