AMAXO
(1879)
Opularda beltx eta zai ile gorritan,
Neguko egun batez zagon iguzkitan,
Emakume xahar bat buruko xuritan,
Altzorat alabaren haurra harturikan.
Aña ttikiak dio bere amaxori:
Nolaz duzu, amaxo, ilea hoin xuri?
—Ikus-azu mendian, haurra, elhur hori:
Ene adinak ere negua dirudi.
—Arphegi pollit hori zertako, amaxo,
Ez duzu amak bezen legun eta goxo?
—Haurra, urak maldari errekaz doatzo.
Nigarrek naute egin ni ere hoin atxo.
—Zertako egin nigar, amaxo maitea?
Zure kontsolatzeko ez niza zurea?
—Bertze asko neureez, al. ene umea.
Ikusi dut denboraz etxe hau bethea.
—Amaxo, zein baraxe zu zaren ibiltzen!
Zalhukiago naiz ni ttikitik higitzen.
—Haurra, ni ere lehen, zu bezala nintzen...
Urte soberek naute oral dorphegitzen.
—Bizitzen balin banaiz zu bezenbat urthe,
Amaxo, zu bezala, izanen naiz othe?
—Haurra, zenbat munduan luzez bizi uste,
Menturazko agintza beizik ez baitute...
—Jainko maiteak bethi, amaxo, zertako
Ez gaitu elgarrekin biziaraziko?
—Bizi huntaz bertzerik, haurra, guretako,
Badagoka hoberik, eta sekulako.
—Ai, amaxo, biak gu bagine zeruan!
Ai... zer dut nik? Eri naiz... Ai min dut buruan!
—Haurra, goazen barnera, hobeko dugu han:
Xakurra pleinuz dago gure inguruan.
Handik bi aste gabe bi gorphutz elizan
Etxe hartarik ziren ekharririk izan
Eta bien arimak zeruan zabiltzan
Lurreko gaitzetarik bethikotz gerizan.
|