www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kantikak eta neurtitzak
Gratien Adema, «Zaldubi»
1851-1901, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Kantikak eta Neurtitzak, Gratien Adema "Zaldubi" (Ales Bengoetxearen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

ABEREAK IZURRITEAREKIN

        (1866)

 

Izurrite gorria baitzen aberetan,

Ikustekoak ziren denak ikharetan;

Hobendun handi zonbeit bide zela hetan,

Gogoratu zitzaien guzieri betan.

 

Hamikaho lehoina errege baitzuten,

Hark manatzen diote guziak bil diten,

Zoin den hobendun dena atzeman dezaten:

Denen hiltzea baino hobe dela baten.

 

Erregeren baithara oro bildu eta,

Huna Hamikahoren mintzatze onhesta:

«Jaunak izurrite hau, dudarikan ez da,

Hobenik ez baginu ez laiteke gertha.

 

»Noren fallaz gaitz hori sartu den gutara,

Bakhotxak gure hutsak detzagun deklara.

Hobendun bat bizirik uzten balin bada,

Izurrite hau nehoiz ez daiteke bara.

 

»Ni hasten naiz neureen aithortzen lehenik:

Ardi, ahari... asko hil eta jan dut nik;

Zenbeit artzain orobat, gerla hek emanik.

Ez dut uste dukedan nik bertze hobenik».

 

—«Biba lehoina!... zaio axeria hasten,

Ardi eta artzainak zintuela jaten!...

Ez dut uste zuretzat hori bekhatu den.

Zuk janik izaitea ohore zitzaien».

 

Axeriak arrozoin duela diote;

Lehoinari —hoben duk— nekhez erran daite.

Hartzek eta otsoek berdin aithor dute

Hek ere bai eginik arthaldetan kalte.

 

Ordean hoiek ere larri eta azkar,

Holako ihizier nol'  eta nor jazar?

Hoien hutsak ez dire handi izan behar.

Hanbat dute xuritzen handi hoiek elgar.

 

Axeriak hau dio: «Ez dezaket ukha,

Oilo bat hasirikan gau batez pikoka,

Uste gabez hil nuen, maiteegiz, potka.

Gostu tzar bat bazuen zeren zen koloka».

 

Jan hark kalte eginik zela eri egon...

Geroztik oilokirik ez zitzaiola on...

Axeria nor-nahik garbi zela zion,

Ez baitzen gezurtirik hain abilik nihon.

 

Hor gero azkenekotz astoa heldu da.

«Kontzientzian, dio, hau dut errenkura:

Igortzen baininduten lanetik barura,

Larreko belharretik jan dut nik ardura».

 

Astoaren aithorra dutenean entzun,

Denek oihuz diote: «Hoi da, hoi, hobendun!

Holako gaixtaginik ez da izan nihun.

Horra izurritea noren gatik dugun».

 

Beraz, zeren den asto, hor peka dezala.

Ithotzen dute eta jaten berehala.

Mundu huntako legez ere halahala,

Sakrifikatua da maiz jende aphala.

 

aurrekoa hurrengoa