AITA SAINDUARI
(1877)
Airea: Gernikako arbola
Erromako aldetik zer da argi hori?
Egiak dauku handik argitzen orori.
Beha dezogun beha bethi Erromari,
Erromako Eliza Ama Sainduari;
Beha dezogun beha umeek Amari.
Hara Aita Saindua Jesusen ordaina,
Aphez Soberanoa, artzainen artzaina
Jaundoni Petiriren ondoko zuzena.
Fedeaz dohanean tronpa ez daitena:
Erromatik mundua argitzen du dena.
Piarresi ziozkan guretzat Jainkoak
Atxikitzerat eman argi fedezkoa!...
Argi berak daduzka haren ondokoak
Munduko goibeletan ezin histuzkoak,
Orai hastean bezein garbi-ta osoak.
Jesusek Piarresi erran zion behin:
«Elizaren zimendu hi behar haut egin.
Hartako diat nahi harriz izan hadin.
Ez zirok deus irabaz etsaiak hirekin,
Berak dik minhartuko hi jotzearekin!».
«Hire gain uzten diat ene arthaldea.
Bildotsen bai ardien xuxen alhatzea.
Hiri zagok Anaien beren azkartzea:
Hik idek edo hets duk zeruko athea:
Hik duk ene gakhoen podore bethea».
Munduko nahasduren ulubiak ditu
Orai arterainoko guziak suntsitu.
Piarresen harroka guti da higitu:
Elizaren arbola xutik da gelditu;
Inharrosteaz zaizko erroak handitu.
Lurreko puxantziek uste zuten eiki
Aise behar zutela Eliza aurdiki.
Berak dire erori!... gero ezin jeiki!
Guziak goaki bainan Eliza egoki...
Hemeretzi menderen berri ja badaki.
Erroma! o Erroma! Hiri aiphatua!
(Lehen oro harena omen zen mundua.)
Piarresen harroka han da landatua,
Eta mundu guziko Eliza Saindua
Dena haren gainean da asentatua.
Nork erran Piarresen Erroman sartzea?
—Laster ohartu hintzen Enperadorea!—
Biak nausi, elgarri jartzen dire beha:
Bat artzain ona bezein otsoa bertzea:...
Hauta zak hor Erroma zoin dukan hobea!
Hainbertze girixtino odol iretsirik;
Berari odol hura zainetan sarthurik,
Erroma xutitu zen girixtinoturik.
Enperadorek berek tronutik jautsirik.
Aita Saindua zuten utzi han jarririk.
Aphez eta Errege: bi bothere betan,
Oi! zein ederki dauden haren eskuetan!
Ez da sainduagorik buruzagietan:
Nor da zuzenagorik, nor khorodunetan?
Gaixtaginek hortako dute begietan!
Munduak Erromari zer dio galdetzen?
Egi eta gezurra han bake ditezen.
Horra beraz mundua zertaratu haizen...
Egiarik ez nahi hautsiz-mautsiz baizen!
Bainan Aita Sainduak osorik dauk zaintzen.
Munduko nausitasun guzien gakhoa,
Horra Aita Sainduak duen eskukoa:
Lurrekotzat emana zerutikakoa.
Hori hari khen eta nork duke dretxoa
Gizonak gizonari deus manatzekoa?
Oi zein handi zein eder, zein gora zaren zu!
Zuri loriatuak beha gogozkitzu.
Aita Saindu maitea, haur bihotzdun batzu,
Eskualdunak gu ere zureak gaitutzu:
Zurerik baizen ez da Eskualduntzat haizu.
|