www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kantikak eta neurtitzak
Gratien Adema, «Zaldubi»
1851-1901, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Kantikak eta Neurtitzak, Gratien Adema "Zaldubi" (Ales Bengoetxearen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

OTSOA ETA ZAKHURRA

        (1901)

 

Mundu huntako berri nahiz berak jakin,

Otsoa oihanetik athera zen behin.

Hiri eder baterat hurbiltzearekin,

Jarri zen buruz buru zakhur gaitz batekin.

 

Otsoa zakhurrari nahiko zen lotu.

Gaitzegi baitzitzaion, ez zen menturatu.

Zakhurra bera ere beharrik zen prestu.

Prestuaren indarrak badu errespetu.

 

Otsoa mehe bezein zakhurra lodi zen.

Otsoak erran zion: «Nolaz hiz hoin gizen?

Irakats diezadak zertaz bizi haizen.

Bainan ez niri erran egiarik baizen».

 

—«Jende aberatsekin bizi nauk aspaldi;

Egun oroz asea badiat bortz aldi;

Kozinariarekin nauk aixkide handi;

Hark niri uzten zautak jan ahal haragi».

 

Ezpainei milikatuz dago ja otsoa;

«Ai! nik ere, bai, banik hik dukan gozoa!...

Bainan gero zer lan duk? Gero norat oa?

Nik bezala othe duk gozatzen kanpoa?»

 

—«Hautematen badiat hurbiltzen ohoinik,

Eskale, makhiladun, tzarki bezti denik;

Saingaz hasten nauk eta haizatzen tiat nik.

Ez diat hori beizik hanbat bertze lanik».

 

Otsoa irriz zaio hasten zakhurrari:

«Errak, zer duk lephoan uhal eder hori?»

Zakhurrak errepusta: «Ez erran nehori,

Hunen esteka hautsiz nauk hunat ethorri».

 

—«Ez naik ez, ni, estekan nehork atxikitzen;

Nausirik ez jaberik ez diat ni baizen.

Hire bizi moldeak ez naik agradatzen.

Adios, oihanerat berriz nauk itzultzen».

 

Libertatea zer den otsoak badaki.

Gutartean hainitzek ez dakite aski;

Libertate zuzena zer den bereziki,

Eta hura zein oso behar den atxiki.

 

Beren herritik asko doazi hor hara,

Hiri 'ta gobernuko enplegu hoitara,

Hetan sartuz geroztik, zer beldur ikhara!...

Behar ordutan ere maiz ezin aldara.

 

Laborari biziak gure basherritan

Badu bertze gozorik; ez da dudarikan.

Xuhurki, ta ximenki hantxet egonikan,

Bakotxa bereekin, eta librorikan.

 

aurrekoa hurrengoa