www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa  

LXIII
Espiritu Santuaren Bazk-ondoko
ogei ta laugarren igandeko irakurraldia

 

Erit enim tunc tribulatio magna, qualis non fuit ab initio mundi usque modo, neque fiet. Matth. 24,21.

 

Gaia: Egiteko gogorra da alferkerian
ta joan-etorri ta arazo anditan
bizi diranendako azken juzganza

 

        Abenduko igandetik asten da Eliz-urtea ta egungo igandearekin bukatzen Eliz-urte bera. Kant izugarri batekin asi zen egun artako Ebanjelio santua ta kanta berarekin ta horduko izugarza galdu ez duen kantarekin bukatzen du egungoak bere egitekoa ta Eliz-urtea. Ebanjelio artako kanta zen azken juzganz eguneko tronpeten soñua ta egun berean ta lenagokoetan ere munduko jende agitz estutuak eta itsaso aserretuaren orraak, bagak eta olastak erabilliko duten eskanbilla ta arazo arrigarria: et in terris pressura gentium prae confusione sonitus maris, et fluctuum. Soñu ta eskanbill ta arazo bera da, baila beste bidez agertua, egungo Ebanjelio santuan arkitzen duguna. Horduko arazo, kanta ta eskanbilla egun artako irakurraldian agertu genuena da ta egungoa orain guk agertu beharra.

        Daniel profetak adirazia daduka, dio egungo Ebanjelio santuak, Jangoikoaren itxe santuan gertatuko den akaball itsusi izugarria ta hau ikasten duenak jakin beza bakoitzak aldi artan egin beharra. Horduko nekanzak Judan edo errian arkitzen dituen guziak lenbaitlen igan bitez gañeko mendira ta tellatuan arkitzen diranak ez dute zer jaitsi azpiko gelara an utzi zuten gauza arzera, ta lur-lanean hari den nekazariak utz beza galdutzat itxean gelditu zaion soñekoa. Zori tristekoak horduko egunetan humedun ta aurrak azitzen hari diranak. Eskatu Jangoikoari zuen igeska agi-gerta ez dedilla neguan edo egun santuan; bada parerik ekusi ez duten ta ekusi ere behar ez dutenak izanen dira aldi artako arazo, odol-irakinz eta bihotzen dardar, salto, ito-nai ta ezin egonak eta gañerako neke guziak.

        Berez izan behar zutenak baño gutiago izanen dira aldi artako egun nekedunak, eta ala ez izatera, on berak ere galduak izanen lirake aldi izugarri artan. Denbor artan norbaitek esanagatik «Ara non den Kristo», ez da zer ara joan, ez eta zer sinistu ere; bada agertuko dira anti-Kristo ta anti-profetak edo Kristo jaunaren ta profeten izena gaizki artuko duten gizonak, eta giza txar oriek egiñen dituzte milagro beren itxurako gauzak eta alde onetatik eta beste bidez egiñen dute beren eginala, onak berak eta santu andiak ere beren alde ta Jangoikoaren etsai egin naiez. Orra, bada, agertu dizuet, dio Jesusek, etorkizuna, ta dio geiago ere, bada dio:

        «Egun orietako nekeen buruan agertuko dira eguzkia illundua ta argirik bage illargia, izarrak zerutik eroriko dira ta ikaratuko zeruko indardi berak edo birtute andiak. Hordu berean agertuko da zerutik datorren Kristo Jaunaren estandart gurutz santua ta negarrez asiko dira lurreko guziak eta ekusiko dute Kristo Jaun bera nola datorren odei gañean bere Jainkontzaren edertasun guziarekin ta aingeruz ingurutua. Berak artara bidalzen dituen aingeru bereziak bilduko dituzte bazter guzietan adituko den tronpeta soñuarekin zeruan ta lurrean arkitzen diran an guziak. Pikoa adar berriz ta ostoz betetzen den egunetan ekusten dezue aldean dela uda (ta prestatzen zarazte horduko zeren lanetara ta bilzen dezue negu guzirako beharko dezutena) ta aditu dituzuen gauzak asten diranean, jakiñen dezue ez dela urrun kontu izugarrietako egun hau ta eternidade guziko gaba. Kontu, bada (esan nai digu Jesusek) nola zabilzten ta prestatzen dituzuen an bearko dituzuen gauzak. Gaurko Ebanjel santuan esaten die Jesusek hau besteei ere bai, ta aldi onetan ekusiko ditugun alfer ta arazari guziei.

 

 

§ I.

 

        Badira gure artean, bai, alfer Jangoikoaren kontu andirako gauzak prestatzen anitz nekatzen ez diranak. Alfer guziak ez dira egiteko guzietan alfer. Eternidadeko gauz askotan alfer izanagatik, lurreko beren gauzetan langille andi bortitzak dira zenbait. Haste guzian nekatzen dira oriek ezin geiagoraño ta esku-tartetik utzi bage egiten dituzte egun orietako beren egiteko guziak; baña igande bat edo jai osoa datorren aldiko alferzen dira, egun orietan egin behar lituzkeen gauzak ez egiteko. Jai-igandeko gauzak dira Jangoikoaren serbitzuko gauzak, eta gauz, osoki, garbiro ta bekatuz zikindu bage egin beharrak, eta hau da hast-egunetako lan guzian nekazari onak diran anitzek egiten ez dutena; bada egiten ez dituzte egun orietan Jangoikoari dagozkan ta orien beren animak eskatzen dituen gauza guziak, edo zikinzen dituzte Jangoiko beraren legeak debekaturik daduzkan beste gauzak egiñez.

        Jangoikoaren legeak debekatzen dituen lanak dira tripanz, gañezko edanz ta borondegiko egonz luze, jokanz galgarri ta beste gaistaginz guziak. Gauza debekatu beretatik dira neska-mutil sallan ta besteen arrean zenbait aldiz izaren diran begirun ta hitz-ket lizunak, eskuk, itsask, ukitz zikiñak eta era bereko beste gauzak. Gauz debekatu beretatik dira festan, dantzan edo dantz-festen estalpean hitzez, gogoz edo edozein beste bidez egiten diran gauz ez-garb-onak. Eta haste guzian lurreko beren lanak ederki egiten dituzten anitz alferzen dira igande-jaia datorreneko ta uzten dituzte legizken gauz on anitz eta egiten dituztenak ere zikinzen dituzte adirazi ditugun gauzetatik batekin edo bestearekin. Orregatik nekazari zenbaiten Eliz-nagusi jaun batek esan oi zuen: «Nere eliztarrak aingeru dira lan-egunean ta deabru jai-eguna ta igandea datozeneko».

        Aferkeri gaistoa berengandik aienatzeko ta deabrutu ez ditezen egun orietan haste guzian aingeru gisan bizitu diranak, esaten dute gure Doktore Eximiok, Silbestrok eta beste theologo andiak lan galgarri oriek eta alferkeri enoigarria alde bat uzteko zillegi dela isiilik eta gordean donzellak eta beste edozeñek jai osoan ta igandean zerbait esku-lan egitea len, Jangoikoaren legeko irugarren mandamentuaren klaranz-aldian adirazi genuen bezala. Onetan ekusiko dezu gauz zein itsusia den Jangoikoaren begirako ta prestanz zein gaistoa Jangoiko beraren tribunalerako nekazari ta langille orien jai-igandeetako alferkeria ta ibiller gaistoa.

        Itsusi gaistoagoa izaten da jai ta haste alfer diran beste zenbaitek egin oi dutena. Haste guziko nekazari zenbaiten jai-eguneko alferkeria izaten da zenbait urtez nekatu ta urteren batez atseden duten lurren ta alorren erakoa; ta haste ta igande lan bage ta egiteko andirik ez dutela bizi diranen alferkeria, beti edo unte askotan geldirik dauden alorren gisakoa. Zenbait urteren buruan hein edo berriz gelditu ta aldi bakar batez alferzen diran alerrak ekarzen dute zerbait zakarketa; baña ez guztiz andia. Zakarketa andia ta anitz aldetarako zakarketa dakarten alorrak dira urte batean, beste urtean ta zenbait urtez errenko ta arreo golderen ortzik, lai-puntarik edo aitzur golpe bat ekusten ez dutenak.

        Gisa berean, bada, haste guzian nekatzen diran zar-gazteak jai-egunetan alferzen badira, ekarzen dute adirazi dugun zakarra, zenbaitek bata ta besteak bestea, bakoitzak (geienean beinzat) beraren adiñari dagokana. Zakarketa ta gaistaginz andiak dakazten gizakum-emaztekiak dira jai ta haste alfer ta nagi diranak, orien ta len adirazi ditugun jai-egunetako alferren berria dutenak adirazten dutenaz. Adi zazu orietatik batee bati bein gaztigatua.

        Badakizu nork nori? San Jeronimo deritzan Elizako Doktore andiak Eustokio birjin birtutedunari. Gaztigatu zion, bada, bein ark oni: «Sinis zazu zere sinistanzan uts egiteko beldurrik bage alferkeria dela aragi-kontuzko ta beste zikinkeri guzien iturria»: tene firmissime, quod omnis concupiscentiae, et inmunditiae mater est otiositas. Sinisten zuen hau ta erakusten jentil arteko gizon jakinsu Diojenesek ere; bada beraren eskolan zebilzanei esaten zien noizean bein: «Gauza jakiña da amorketa ta aragiaren loikeria dela alferren egitekoa»: amor est negotium otiosorum.

        Hau guzia ta geiago adirazten digu Espiritu Santuak esaten digun aldian: «Anitz gaistaginz erakutsi du alferkeriak»: multam malitiam docuit otiositas (Eccl. 39,29). Eta agitz geiago erakusten dio beti edo denbor luzean alfer bizi denarl; bada bein ere bere lanetik gelditzen ez den maisu gaistoa da alferkeria, ta era orretako maisuak bein edo berriz arganatzen den ikasleari baño agitz geiago erakusten dio beraren aldetik kenzen ez den betiko ikasleari, ta betiko ikaslea da betiko alfer nagia; bada gizonaren gogoak ez daki geldirik egoten, ta bein ta berriz ta askotan aditzen ta ekusten duenak erakusten dio alferrari bere pasione ta grin gaistoak bazkatzen, ta oriek bazkatzea da alfer-nagiak nai duena ta gaistakeri guzietarako bide zabala; ta orregatik alferkeria da alferrari anitz gaistaginz erakusten diozkan maisu gaistoa, ta alferkeria beregandik batek kendu arte guzian eginñen ditu juzganz-egunerako kontu-gai izugarri anitz eta asko, ta infernuko suan bere burua beti erretzen idukitzeko egokiak diran bekatu-zakar ta ikazketa andiak.

        Oriek batek beregandik kenzeko ta geroko konturako gai onak bilzeko bidea da egin behar diran gauz onak beren horduz ta aldian egitea ta beste guzian alferkeria beregandik aienatzea, ta buruz, mihiz edo eskuz zer edo zer egiten haritzea. Hau da relijiotar ta apez onak, hau da kontuz bizi diran era bereko zaldun, jakinsu, langille ta beste guziak egiten dutena, ta hau bera da Egiptoko ta beste bazterretako eremutarrak ere len egiten zutena: libruzko, otoitzko edo buruzko egitekorik etzuten aldian eskuzko lanen bat egiten haritzea ta alferkeriari sar-bide guziak galeraztea. Kontu izugarria ta geldier amurratua da hau bera egiten ez duten betiko alferren edo jaietan bad-ere alferzen diranen begira dagona.

 

 

§ II.

 

        Eratsu bereko kontu ta geldiera da arazo ta egiteko geiegitan sartuak dabilzan guziena; bada beren ondasun-zalzak eta kutizi sutuak eragiten diezte Jangoikoaren juiziorako kontu-gai gaistoak eta sulezerako bekatuzko ikatz pill izugarri andiak. «Arazari ta egiteko askotan sartuetatik etzaitezela izan», esaten dizu Espiritu Santuak: fili, ne in multis sint actus tui (Eccl. 11.10).

        Zeinsu dirala uste dezu egiteko anitzdun ta gizaki arazari oriek? Besteren egitekotan sartu ta berenak egiteko behar dina hasti billatzen ez dutenak. Izan ditezke oriek eliztarrak, bai ta besteetatik ere. Eliztarra zen ta eliztar, len San Bernardoren konbentu berean fraide izandua, Eujenio zeritzan Aita Santua. Bazekien San Bernardok arazo ta egitekotan sartuegia bizi zela Aita Santu hau ta relijioko bere semeari bezala egin ziozkan bost libru ta erakutsi zion nola bizi bere egiteko berri andian, animako zer-egin andia alde bat utzi bage.

        «Egiteko madarikatuak dira», (esaten dio an beste gauzen artean San Bernardok Aita Santu oni), «animako egiteko andiak eskatzen duen hastia kenzen dizuten guziak, eta non gelditu uste dezu, asi zaran gisan bazabilz emendik aitzina; bada begiz ta buruz sartua zabilz besteren egitekoetan ta zereraze hastirik ez dezula»: et quo trahere te habent hae occupationes maledictae, si pergis, ut coepisti, ita tradere te totum illis, ut nihil tibi relinquas?

        Aita Santu onen gisako arazari nasi-nastuak dira eliztar beren itxekoen ta besteen zentuak beren gain artu ta saldu-erosi ta beste egiteko zenbaitetan sartu ta beren errezo ta beste apaiz-lanak ez ongi egiten dituztenak; begira dagozten eziisleei esankizuna ematen dienak eta beren egitekorik andiena ta geien-gelen balio duena azken tokian ta debozio ta sosegu bage egiten dutenak. Gis onetako eliztarrak arkitu balu, zerbait esanen zion eliztarren ta fededun guzien buru Eujeniori, ekusi duguna gaztigatu zion San Bernardok; bada Aita Santu Eujenioren egiteko arazari guziak berak berez edo besteren eskuz egin behar zituenak ziran; ziran alabaña, San Bernardo berak adirazten digunaz, fededunen auzi-pleitoak ekustea, besteen ezbaidak zuzenzea ta era bereko beste gauzak egitea; ta ekusten dezu zein oriek ez bezalakoak diran ekusi ditugun beste eliztar orien egitekoak.

        Baña kontatuak edo agitz guti dira egiteko orietan sarzen diran eliztarrak; egitekoz ta arazoz beren buruak betetzen dituztenak dira tribunaletako jakinsu ta beste gizenak, erri andietako merkatari ta erri beretako ta besteetako tratant, mandazai ta saldu-erosian dabilzan jendeak, baña ez guziak.

        Orietatik zenbaitek arzen dituzte beren gain egiteko geiegi ta ez dituzte behar den eran egiten edo zuzenzen, izan bagez eskatzen duten indar ta burua.

        Beste zenbaitek nolerebait oriek zuzenduagatik, zuzenzen ez dituzte beren itxeko edo berez dagozten zenbait, ez eta beren animeei daguztenak ere. Eta agitzen zaie hau, zeren besteren egitekoetan sarzen duten beren indar, buru ta gogo guzia, ta gero arkitzen diran hastirik, indarrik, bururik edo gogorik bage beren gauzak zuzenzeko, itxea zaitzeko, humeei jakin behar dutena erakusteko, utzi behar dutena eragozteko ta egin behar dutena eragulteko; bai ta zeren animako beren gauzak eta lanak moldatzen ta egiten dituzten ere beren ibilleren ta naspillen erdian ta zer egiten duten ta zertan hari diran ez dakitenen gisan; bada mezara badoaz edo sermoien bat aditzera Elizan sartuagatik, an daude gorputzez ta begiz, bai, baña beren gogoa ta bihotza andik urruti dutela ta eskutartean dituzten egitekoz-egiteko dabilzala, ta sermoia ta meza bukatu ta gelditzen dira zer aditu edo egin duten ez dakitela ta Jangoikoari eskeinz edo eskanz on bat egin bage atera diralako kezkarekin.

        Eta noiz edo berriz konfesatzera joanagatik eta komunio santa artu ta ere, ara ziranean bezain idor ta agor gelditzen dira ta beren konfesa-komulgatzeekin agitzen zaie bere jan-edanekin etikadunari gertatzen zaiona. Badakizu zer? Igar ta illun beti bizitzea ta azkenean beren irabazi-naiaren kalenturaz ta sukarrez illak gelditzea, etikaduna bere jan-edan, lo egite ta sendagai guzien artean gorputzeko sukarrez ta kalenturaz illa gelditzen den bezala, ta ala gelditzen da, zeren kenzen etzaion ditxekon sukar-kalentura.

        Hau guri adirazteko egokia da egitekoz ta irabaz-lanez beterik bizitu zen merkatari batek hordu artan ziona. Ilzeko zegon hau ta esaten zionari presta zedilla konfesio-komunioz Jangoikoaren tribunalerako, ez-aditu egin ta galdetzen zion: «Zenbana dabil illea alako ta onelako tokitan?», ta konfesoreak esanagatik; «Gizona, ez da ori oraingo zure egitekoa, erioaren atzaparretara zoaz ta konfesioz ongi prestatzen ezpazara, beti ta sekula guziko galdu beharra zara», eranzuten ziona zen: «Etorri dira ille-zakuak? Noiz dator igazko illeen dirua?». Eta era berean zerausala gelditu zen mutu ta illa. Eta egitekoz bete guziak orrelakorik ez esanagatik, noski, hau bera gogoan dutela ta beten irabaz-naiak eragin diezten bekatu gaistoen amurranzez beteak illak gelditzen dira. Era berean gelditu nai ez duenak egin beza San Bernardok Aita Santu Eujeniori esaten ziona: egiteko geiegi ez arzea ta guzien artean ongulena ta lenbizikorik bere animakoa zuzen ta kontuz egitea. Jangoikoak dizula artarako behar den gogoa ta grazia. Bai arren, bai.

 

aurrekoa