www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

III
Abenduaren
irugarren igandeko irakurraldia

 

Dirigite viam Domini. Joan. 1.

 

Gaia: Jangoikoaren serbitzuko
naginzatik datoz anitz kalte

 

        Jangoikoagana gu zuzenzen dabill Eliz Ama santa ta mezan zuzenzen gaitu Jesusen Ebanjelioko hitz onak eta Espiritu Santuak adirazi diozkan gauzak agerzen dizkigula. Egungo Ebanjelioko hitzak Jesusi dagozkanak eta S. Joan Baptistak esanak dira, ta mezako irur otoitzetakoak Ebanjelio bereko hitzei darraiztenak. Ekus ditzagun batak eta besteak, zer nai duen gugandik gaur Eliz berak edo Jesus maitagarriak ekusteko.

        Ikasi zuten Jerusalengo kargudunak eta gizon jakintsu andiak S. Juan Baptistak bere eremutik atera ta hitzez ta urez Jordan aldean egiten zuena, ta jakin naiez zer giza-giro zen predikari berri hau, argana igorri ta bidaldu zituzten beren arteko zenbait apaiz ta lebita. Oriek hura ekusi ta laster galdegin zioten: «Nor zara zu?», ta galdegin zioten jakin naiez ote zen Kristo. Ezagutu zuen S. Joanek orien barrengo gogoa ta oni ta egin zioten galkunzari eranzun zion: «Ez naz ni Kristo». «Nor, bada? Elias?» esan zioten mandatari berak. «Ez», eranzun zien S. Joan Baptistak. «Beste profetaren bat?», galdetu zioten berriz. «Ez eta», eranzun zien santuak. «Zertako, bada, sartu zara, esan zioten, orrelako gizonen egitekotan?». Eta Santuak behar zena eranzun ta galdegin zioten lenbiziko aldian bezala: «Nor zara, bada, zu?»; ta eranzun zien horduan aiei ta orain guri dagokiguna; bada eranzun zien: Ni naz eremuan ojuka dagoenaren hitza ta otsa, ta nik diodana len ere Isaiasek zuei adirazia da, ta onek eta nik dioguna da: Zuzen zatzue ta prestatu onez datorkizuen Jaunaren bidea: dirigite viam Domini.

        Egiteko berera zuzenzen ditu Elizak mezako irur otoitzak, bada lenbiziko otoitzan eskatzen dio guretzat Jangoikoari ken ditzala bere graziaren argiarekin buruko gure laño ta illunzak, guk obeki ezagu dezagun S. Joan Baptistak adirazi digun egitekoa. Bigarren otoitzan eskatzen dio geren egiteko hau debozki ta biziro egiteko grazia, ta irugarrenean oraindañoko gure utsen barkanza ta birtutez geren barrenak apaindurik, Jesus jaio-berria ekusteko ontart eta faborea.

        Orra nola darraizten Elizaren egungo mezako otoitzak meza bereko Ebanjelioko hitzei; bada Ebanjelioko hitzak agertzen digute geren egitekoa ta Elizaren otoitzak eskatzen diote Jangoikoari ori guk ongi egiteko grazia ta lagunza. Eta orra, Jesusek gaur Elizaren eskuz ematen digun egitekoa da naikunz epelak eta nagitasun galgarri guziak utzirik ongi, debozki ta biziro Jangoikoa beti billatu, serbitu ta maitatzea. Artara gaitezen, ekusi behar ditugu ez artaratzetik eta epelki ta nagiro Jangoiko maitagarria serbitzetik datozen irur kalte; oriek dira: bekatariaren zerura uste uts galgarria, lenbizikoa; zerura galdu duelako damu-min eskerbagea, bigarrena; ta oharkabean bezala galdurik gelditzea, irugarrena.

 

 

§ I.

 

Zerura uste uts galgarria da bekatari epel nagi alferrak duen lenbiziko kaltea.

 

        Lenbiziko kalte epelki, erdi-otz ta nagiro Jangoikoaren gauzak egitetik datorrena da, merkatari ta langille bere lan-egitekoan alfer ta nagi dabillenari etorri oi zaionaren erako bat. Merkatari nagiak ez nekatu naiez galdu oi ditu irabaz-aldi geienak edo beintzat anitz. Agitz txar laburrak dira lenbizian ark egiten dituen irabanzak eta oriek bezain labur-txarrak urrengo ta beste guziak. Arte artan eramaten dio zuen dirua ta gauz-ondasuna edo beintzat geiena daraman tratu txarrak, zorrak, jokoak eta beraren ta bere etxeko guzien jan-edanak, soñekoak eta bizi-beharrak, eta anitz urte baño len buruz-gañ egiten diote bere zor zar ta berriak. Arzeko dutenak arzen dute preso, kenzen diote gelditu zaion piska ta gelditzen da gabe ta beharsu, ta bere behar ta nekepetik irten-aterazeko biderik ez duela.

        Langille txar nagi alferrak gaizki ta berandu maneazen ditu bere bazterrak; ereinzeko zedukan bihia ta alea eramaten dio bere jan-edanak edo joko galgarriak. Jangoikoak daki non arkitzen duen ordeña, ta ori ere nolakoa? Ongarri guti ekusten dute aren alorrak eta orren aintzura dute dituzten jorrak. Bitarte orretan egiten dituen zorrena da udan biltzen duen gari ta arto piska, ta azkenean zorra, beharra ta gabea bere obira eraman oi duena.

        Orra merkatari ta langille nagiaren zoria. Bada ez da batere obea epelki ta nagiro Jangoikoaren gauzak egiten dituen gizonarena. Onek ere baditu bere lanak eta irabaz-bide zuzenak, bai ta irabazgai onak ere; bada Jangoikoak ematen dio beraren serbitzuko gauzak egiteko esku, lagunza ta grazia, ta Jangoikoaren lagunz eta grazi onekin gauz onek egiten haritzea zeruko grazi ta glori zati onak irabaztea da ta irabaz-bide berriak egitea. Baña bataitu nagi epelki bere gauzak egiten dituenak ez du araistiko merkatari ta langille alferrak baño irabanz anitz geiago egiten; bada orren irabanz-bide onak dira otoitz denbora, konfes-komun-aldia ta era bereko beste aldiak, eta aldi orietan fededun alfer-nagiak egiten du bere lan hau ekusi ditugun merkatari-langille lasaien gisan; bada bere aldian egiten du otoitz zertan hari den ez dakienaren eran, gogoa barraiaturik dadukala ta bera arrizko edo zurezko gizona baliz bezala. Konfesatzen den aldian berriketan dagon aurra dirudi; ain otz eta damuren intzikbagea da aren horduko konfesioa. Ogi puska bat arzera baloa bezain oharkabean joan oi da komunio santa arzera. Predikariaren hitzak aditzen ditu atso berritsuarenak adi litzaken gisan ta azkenean gelditzen da bat aditu ezpalu bezain otz edo epel. Libru on bat eskuan artu ta irakurzen asi horduko uzten du baztertua ta bere tokian, ta ez du ark dion gauz onik egiten, ez eta ikasten ere. Onaren bideak bide gogorrak eta aldapak dira nagiarentzat eta ez du an oñik ezarzen, edo sartu-ezarri ta laster ateratzen ditu ta geroz iduki oi ditu len bezain alfer-nagi ta geldi; onak esaten dioten gauzari ez-aditu egiten dio ta bere pausu lasai nagian dabil gero ere. Berandu elzen ta itsasten zaio bere egitekoari ta esku-tartetik erorzen zaiola dirudi artu ta laster edo artan hari den aldian, ta azkenean gelditzen dira aren horduko ta lenagoko lanak guztiz moldekaitzak eta deus guti balio dutenak.

        Bitarte artan galzen du oriek berak eta beste gauz on anitz egiteko Jangoikoak eman nai dion lagunza ta grazia; ez du irabazten beste bere gauzak obeki egiteko behar luken(a) ta leneko bere gauzak bezain epelki ta nagiro edo nagiroago egiten ditu urrengo ta beste guziak, eta egun oro arkitzen da langille ta merkatari alferren eran behartsuago ta gabeago, ta bere bizimodu lasai epelarekin agerzen du zein egia den Espiritu Santuak diona, esaten duen aldian: «Beharra ta gabenza da esku alferrak biltzen duena»: egestatem operata est manus remissa (Prov. 10,4).

        Al-ere ongi ta aberats arkitzen dela uste du, ta gizon eri, burua galdu ta ere, osasun osoan arkitzen dela esaten duena ta eman nai dioten sendagairik artu nai ez duena dirudiela; bada ez du kasorik egiten Jangoikiaren adiskide urrikalti onak ta berari ondi nai dioten gizonak esaten dioten onaz, zeren uste duen ez duela besteren beharrik eta ez dela arkitzen adirazten dioten bezain gabe ta beharsu, egonagatik Laodiceako Obispo liluratu bat bezain uts ta errumes eta ari Ebanjelari S. Joanek gaztigatu ziona gaztiga dakikeon gisan ta eran. Ari gaztigatu ta oni gaztiga dakikeona da: «A, gaisoa, zuk zere barren orretan badiozu ere, "aberats arkitzen naz ni ta ondasundun ta baten ere beharrik bage", arkitzen zara behartsu, gabe, itsu ta era guztiz urrikalgarri batean»: dicis, quod dives sum, et locupletatus, et nullius egeo; et nescis, quia tu es miser, et miserabilis, et pauper, et caecus, et nudus (Apoc. 3,17). Uste gaizto artan arkitzen zen Obispo hura, zeren epelki ta nagiro zebillen Jangoikoaren gauz onak egiten: quia tepidus es (ibid. v. 16), ta epelki ta nagiro dabil Jangoikoaren gauz beretan orain guk diogun beste hau ere.

        Nai dezu ekusi orrelakoa zaran edo ez? Ekus zazu, bada, zere biziera edo ekus zazu gogoaren gainka, bortxaz bezala, zere atsekanz barrenekoarekin, nagiro ta epelki haritzen zaran arimako zere gauz onak egiten. Ekus zazu errazki ta aitzaki andirik bage utzi oi dituzun gauz oriek berak. Ekus zazu ezin utzi dituzun aldian arkitzen zaran enojuz betea, gogoa barraiatzen zatzula ta lenbaitlen andik atera naia. Bai ta kezk edo naigabenz andirik bage gelditzen zaran orien egin-aldian egiten dituzun utsak ekusi ta ere. Bada era onetan bazabilza Jangoikoaren serbitzu santuan, anim epel nagi galgarri txarretatik bat zara zu, ta zara nagi galgarri txar Jangoikoak beregandik ur epela artu duenak sabeleko bere gauzen gisan aurtekitzeko zadukana: quia tepidus es, incipiam te evomere ex ore meo (ibid.). Orra, bada, zer kaltea lenbiziko kalte Jangoikoaren gauz onak epelki, erdi-otz eta nagiro egite txarretik datorrena! Fededun epel nagiak zuen ondasuna galtzea, berririk ez bilzea ta al-ere aberats-ondasundun arkitzen dela uste izatea.

 

 

§ II.

 

Zeru ederra galzen duelako damu eskerbagea da bere ill-aldian alfer-epel-nagiak duen bigarren kaltea.

 

        Bigarren kalte Jangoikoaren gauzen egin-modu epel nagi beretik datorrena da ekusi dugunari darraikon bekatu izugarria ongi beintzat azkeneraño ez ezagutzea ta arte orretan bere gaitz andi hau egin ezpalu bezain lasai gelditzea. Burua ez nekatu naiez egiten ditu epel nagiak uts eta bekatu txiki anitz asko, bai ta zenbait andi ere, ta egiten ditu andiak diran edo ez begiratu bage, ta izutzen ere edo kezkatzen ez dutela; zeren bere ibiller erdi-otz nagia ez utzi naiez, kontuz begiratzen ez dion bere lan gaiztoari, ta zeren bekatu txikitara oitu denak askotan andi berak ere txikitzat daduzkan ta egiten dituen aisa ta beldurrik bage, interprete andi batek dionaz: quaelibet peccata devorat, quae sibi tantum venialia videntur (Alcazar apud Alap. in c. 3 Apoc.), ta nola edozein fededun epel erdi-otz animako bere gauzetan nagi den, len ekusi dugun Laodiceako Obispo gaisoaren erako itsua da ta aisa arzen ditu txikitzat eta egiten ditu bekatu larri berak ere, naiz gogo loiak izan oriek, naiz hitz lizunak edo besteren deshonragarri galduak, naiz jan-edan galgarri, jokatze gaizto, irabanz eta tratu makurrak, naiz egille berarenak izan, naiz berari dagozkan beste zenbaitenak, edo eragotzi ta debekatu behar liozkan besteren batenak eta ez eragotziz beretzen dituenak.

        Er orretan bizi denak dirudi fededun bataitu ona ez, baizik Neron zeritzan ta erromatarrak izandu zuten nagusi ta enperador agitz gogorra. Gizon gaizto ta gogor onen atsegintzak ziran gaizki anitz lenen gain berriro egitea, ta gaizto galduei ez ezik, on berei ere ta orien arteko andienei bizia kenzea; ta bere buruari atsegin hau egin naiez, ill-erazi zituen Erromako zaldunik andienak, juezik eta senadorerik zuzen obeenak, bai ta bere maisu andi Seneca ta Agripina bere ama bera ere. Eta bein atseginz geiago bere buruari egin nairik, anitz aldetatik sua arrerazi zion erri guzien erregin bezala zen bere kort eder Erroma berari, ta erri beraren mendi-gain batera igan ta egondu zen bazter guzietako suari begira, ta atseginza atseginz gain artu naiez, erriko gaisoak erretzen ta karraisiz, aika ta ojuka zebilzan denboran, zitar bat bere eskuan artu ta haritu zen musikan ta soñu ta soñu egiten; ta Erromako jauregi ederrak, kale osoetako etxeak eta orietan bizi ziranak erreak eta galduak ekusi ondoan, bere etxera, maira ta lotara joan zen artan gaitzik ezpazen bezain lasai ta sosegunz andiarekin.

        Orra gizon gaizto ark aldi artan egiña, ta orra bataitu erdi-otz epel nagiak azkenean edo bekatu andiratzen den aldian egin oi duenaren aintzura ta gerizia; bada hura gaiztoa bezain eroa da hau, ta eroak jostaketan ta irriz ta farraz bezala egiten du, dio Espiritu Santuak, bere gaiztagintza: stultus quasi per risum operatur sceles (Prov. 10,23). Kajetan. ridiculam rem, et nullius momenti ducit scelus operari. Eta Neron enperadorearen gaiztaginza baño gaiztaginz andiagoa da bataitu alfer nagiarena, zeren ark baño agitz obe-ekusleagoak dituen onek bere begiak, animako gauzak ekusteko; argituak daduzka alabaña zeruko fedez ta sinistanzez, ta etzuen izandu zeruko sinistanzik eta federik enperadore Neronek.

        Era onetan dabillen erdi-otz epen fededun alfer nagiari esan dakioke len Jangoikoak Sardisko Obispo uts-dunari gaztigatua, ta ari Jangoikoak gaztigatu ziona da: «Biziaren antza ta izena badezu ere, illa arkitzen zara zu nere begietan; bada nagiz ekusi nai ez dezu zere bekatua ta bekatuz galdu dezun animako bizia»: nomen habes, quod vivias, et mortuus es (Apoc. 3,1). Hau alfer nagi berak ere ezagutuko du egunen batez, baña berandu noski, gaizki ill ondoan, ta bere ibiller makurrak zuzeneko bide ta eskurik izanen ez duen aldian. Hordu artan, bai, zenzatu ta ekusiko ditu emengo bere erakeri guziak eta txikitzat zeduzkan bekatu larriak eta orien itsustasunaz arritu ta asiko da esaten lenik zenzatzeko esan behar zukena, ta esanen du bere bi begietatik negarra dariola: «Zer arpegirekin ager naiteke ni nere Jangoikoa bezain Ait onaren begi garbi ederretan?»: qua fronte atollo oculos ad vultum Patris tam boni! A, ta zein gauz arrigarria ni bezain seme gaiztoak Jangoikoa bezain Ait onagana begiak goratzea: tam malus filius, talem Patrem offendisse, quam crudele!

        Ori, bada, ta orren erako beste guziak arriturik eta mututuak geldituko dira beren buruak uste etzuten eran ta bekatu larriz beteak ekusten dituzten aldian: videntes turbabuntur timore horribili (Sap. 5,2). Aldi artan oriek Jangoikoari zerbait esan naiagatik, histaz ta irriz artuko ditu Jangoikoak orien otoitzak: illos autem Dominus irridebit (ibid. 4), eta utziko ditu beren gisan ta gaizki ill ziranen artean damuz ongi lertuak, betiko galduak, alkez ta lotsaz beteak eta beti-beti honrarik bage bizi beharrak: et erunt post haec decidentes sine honore, et in contumelia inter mortuos in perpetuum (ibid.); eta orra epel nagiaren bigarren kaltea, bere naiez ta bizi gaiztoz betiko galdu delako damu eskerbagea.

 

 

§ III.

 

Alfer nagi beraren irugarren kaltea da oharkabean bezala galdurik gelditzea.

 

        Irugarren kalte anima erdi-otz epelari bere naginz gaiztotik datorkiona da ez onzeko ta betiko galzeko perilla; ta perill ta kalte, bekatu larri ezagunarekin arkitzen denarena baño andi izugarriagoa. «Bai», dio Casianok, «egun oro ta maiz aski ekusten dugu onzen dirala bekatu larri ezagunak egiten dituzten anitz eta asko; baña ekusten ez dugu ondurik Jangoikoaren gauz onetan epelki ta nagiro dabilzan guzietatik bat»: frequente vidimus, de frigidis ad spiritualem pervenire fervorem, de tepidis omnino non vidimus (Cool. c. 10), eta Kristo Jaun berak ere gaztigatu zion Laodizeako Obispo erdi-otz epelari: «Zere epeltasun nagi orretan baño ekusi naiago zinduzket bekatuz illa edo nere graziz ta amorez errea»: utinam frigidus esses, aut calidus: sed quia tepidus es, incipiam te evomere ex ore meo (Apoc. 3,16). «Zer, bada?», galdetuko dezu; «ez da animaz erdi-ill egotea baño gaiztoago guztiz illa etzatea?». Eranzunen dizut: «izatez bai, etorkizunez ez». Ori; anim erdi-otz epel nagiak era ta gis orretan arkitzen den denboran badu oraindik graziaren zerbait bizi pisk; baña bizi pisk fit aski ta laster bukatzeko dagona, ta ori bukatu bezain laster arkitzen da zeruko grazi-inzik bage ta beste anim otza bezain bekatuz illa ta Jangoikoaren graziaren bizia berriz arzeko, hura baño agitz urrutiago.

        Badakizu zergatik? Nik esain dizut; zeren bekatari ill-otz bekatu agerian datzana bekaturatzen den aragiaren suak, bere barreneko grin gaiztoak edo etsai amurratuak bat-batean ta oharkabean bezala garaitu ta, berak bere gaizki egiña ezagutzen duela; ta artan datzan aldian laguntzallerik bagez bezala datza; bada libru artako batek, konfesor onak, misio-predikuko argiak agerzen badiozka egin duen bekatuaren itsustasuna, bekatuari darraikon kontu ta sentenzi gogor zuzena ta bekatu berari dagokan neke ta erretze ta amurranz izugarria, ikara, negarrez ta arritu baten eran gelditzen da ta egiñaz damuturik joaten da lenbaitlen konfesioko iturrira, kenzen du an animatik bere bekatuaren loia, edo onezko damuz ta kontrizioz erdisten du Jangoiko urrikalti animen maitariagandik aren barkanza ta graziaren bizitza, ta gelditzen da sendatua ta bekatuz ill ezpaliz bezain sendatua ta berriz ez bekaturatzeko naiez ta gogo osoz betea.

        Baña Jangoikoaren gauz on beretan erdi-otz epel ta nagiro ibilli ta bekaturatzen den anima artaratzen da erdi itsuan ta zertara den ezpaleki bezala, ta bere bekatuan zabal-zabal etzanagatik zutik dagola deritza ta bekaturik bage, ta ez du hura beregandik kenzeko oñik igitzen, ta libru onak dakarten guzia ekusi ta ere, ta predikari jaunak esaten dutena adituagatik, ez-ekusi ta aditu egiten du; zeren uste ez duen arentzat dela oriek dioten edo dakarten gauza; ta orretan gelditzen da bere eriotz gaizto bereraño ta Jangoikoak bere bekatu izugarriarekin, Sardisko Obispo galduari bezala, begitan eman arte guzian; ta arte orretan bekatu ageri zenbait egin ta ere, gogorzen da bere artan, ilzen da gero bere bekatuaren urrikizunik bage ta sekula guzirako galzen da gorpuz ta anima.

        Hau da, berak dionaz, Casianok bere aldian ekusten zuena ta hau bera da etorkizun izugarri, Kristo Jaunak Laodizeako Obispo erdi-otz nagiari gaztigatua edo ari gaztigatuak adirazten duena, ta onegatik zion Kristo Jaun berak naiago zukela epeltasun nagi artan baño bekatu larri agerian hura ekustea. Orra fededun epel nagiaren irugarren kaltea, oharkabeko eriotz izugarria.

        Ekus zazu, bada, artara bage zuk zere egunak bukatzeko, epeltasun erdi-otz nagi berean arkitzen ote zaran ta nola egiten dituzun zere gauzak; epelki ta nagiro egiten badituzu, bertatik arzeko bi sendagai, Jangoiko urrikalti ezin obeak Obispo berari len bidaldu ziozkanak; bata da kolirioz ta zeruko ur ederrez zere begiak ongi garbitzea, den gisan ekusteko bekatu galgarria ta eriotz onari ta gaiztoari darraikon saria: collirio inunge oculos tuos, ut videas; ta bestea, bekatu guziak konfesatu ta anima zeretik orien loiak eta alkekizunak kenzea, graziaren urrez aberasturik eta birtuteen apaingarriz ederturik gelditzeko: suadeo tibi emere a me aurum ignitum probatum, ut locuples fias, et vestimentis albis induaris, et non appareat confusio nuditatis tuae (ibid. v. 18). Jangoiko maitagarriak dizula oriek zuk maiz-maiz ta ongi arzeko ta behar den guzia zuzenki egiteko grazia. Bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa