www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXXVI
Espiritu Santuaren
Bazk-eguneko irakurraldia

 

Paraclitus Spiritus Sanctus... vos docebit omnia. Joan. 14.

 

Gaia: Guztiz andia da Espiritu Santuak
dakarren grazizko indarra

 

        Bazekien Jesusek zenbat naigabenz arzen zuten Apostol bereak aditzen zioten aldian orien artetik atera ta igan bear zuela bere Aitagana, ta orien naigabenz hau arinzeko esaten zien aldi oro, hura zerura igan ondoan, etorriko zela Jesus beraren izenean ta Ait eternoak igorri ta, Espiritu Santu konsolari ezin obea. Eta gaurko Ebanjelioko bere joan bear onen agerraldian esan zuen besterik ere; bada esan zuen: «Maite nabenak egiñen du aditzen didana ta maitatuko du bera nere Ait eterno betikoak; baña ez du egiñen nik diodanik ni maite ez nabenak (eta oregatik galduko du Aita beraren maitanza ta amorea); bada Aitak ez du maitatuko beraren esanik egin nai ez duena ta beraren esana da niri zuek askotan aditua. Esan nai izandu dizuet hau zuekin emen bizi nazala. Nere izenean Ait eterno berak bidalduko duen Espiritu Santu berak agertuko dizue guzia ta klaratuko niri adituko didazutena. Orra, esaten die gero, uzten dizuet nere bakea, bake onean bizi zaitezten ta orregatik uzten dizuet mundu nasgarriak ez bezala. Ez dedilla, bada, beldurtu ta asaldatu zuen barren biotza. Aditu dezue banoala, baña berriz etorzeko noa, ta ongi nai badidazue, atsegin artuko dezue oraingo nere joan-bearraz, zeren neurau baño gaiagoko Aitagana noan. Agertu dizuet etorkizuna, etorzen den aldian errazkiago zuek siñisteko».

        Hau guzia esan bazien ere, etzien Jesusek agertu Espiritu Santuaren etorrera ta modua. Izandu zen egungo egunarekin Espiritu Santuaren etorraldi hau ta etorri zen, egungo Epistolan Elizak agerzen digun gisan ta eran. Jerusalenen elkargana bilduak eta Espiritu Santu beraren begira zeuden Apostol ta orien lagun guziak eta bat-batean aditu zuten itxe guzia artu zuen ta bazterrak urratu bear zituela zirudien aize andi bat eta denbor berean agertu ziran suz egiñak ziruditen anitz mihi ta gelditu zen bakoitza an arkitzen ziran bakoitzaren buruan ta hordu berean gelditu ziran guziak Espiritu Santuz beteak eta gañez eragiten ziela, ta bertan itxetik atera ta asi ziran Espiritu Santu berak mihian ezarzen ziena esaten, ta esaten zuten sekulan ikasi etzuten hitzkunzan; bada egun artan arkitzen ziran Jerusalenen Bazkoz etorriak judatarren legean bizi ziranak eta orietatik anitz bizi ziran Juda berean, besteak Parthoen errietan, besteak Meditarrak ziran, besteak Elamitak, Mesopotamikoak besteak, Capadocikoak, Frigikoak eta Panfilikoak, besteak Pontokoak, Libikoak eta Egiptokoak, besteak Erromako etorkiak, besteak Israeldarrak, eta israeldarren artean bizi ziranak; besteak Cretakoak eta Arabitarrak; guziak ziran beren hitzkunz berezia zutenak ta Apostoluen Galileko hitzkunza etzekitenak; al-ere aditzen zuten guziak Apostol guziak esaten zutena, nori bere hitzkunzan esaten baliote bezain aisa ta garbiro, ta hau ekusi ta «Nola da hau?», esaten zuten erdi arrituak; «Galiletar gizon predikari oriek guk nori bere jait-hitzkunzan minzatzen ta hitz egiten baligute bezain ongi aditzea?».

        Nola izan ziteken hau? diozu zuk ere. Artu zuten Espiritu Santuaren eskuz ta milagroz. Eta hau Apostol ta, bear zen aldian, orien ondorengo predikari guziei ere eragitera zetorrela adirazteko artu zuen Espiritu Santu berak Apostoletara sarzeko suzko mihien ainzura ta itxura, ta Apostoluen ondorengo erakusle onak Apostol beren aldi onetako eran edo beren hitzkunzan adirazten die munduko berei Espiritu Santuak gaur adirazia ta beraren doaiak arzeko jakin bear dutena. Anitz eta andiak dira Espiritu Santuak prestatzen diranenzat dakarzenak. Orietatik andiena da bekatudunak bekaturik bage ta grazidun egiñak uztea ta hau da aldi onetan guk ekusi bearra.

 

 

§ I.

 

        Badakizu, Jangoiko bat baizik ezpad-ere, Jainkonz bakar onetan bai dirala iru Person, Jangoikonz berarekin bat, baña Person berezi, bata ez beste diranak, eta Person oriek dirala Aita, Semea ta Espiritu Santua. Aitak ez du bestegandik bere Jainkonza; Aitagandik du Semeak Ait beraren Jainkonza, ta Aita beragandik ta onen Seme Jangoikoagandik du Espiritu Santuak bien Jainkotasun bera, Eliz Ama santak mezako Kredoan esaten digun bezala: qui ex Patre, Filioque procedit, ta orregatik da Jangoiko Espiritu Santua, Aita ta Semea Jangoiko diran bezala, ta irurak, edo Aita, Semea ta Espiritu Santua, Jangoiko bat dira, zeren bat den iruren Jainkonza ta Jainkonz bakarrak Jainko bat baizik ezin dagiken; orregatik bat bera ta berdiña da irurei ematen zaien honr, adoranz eta gloria: qui cum Patrem et Filio simul adoratur, et conglorificatur.

        Aitak egiten dituen lan guzietan hari dira Semea ta Espiritu Santua ta hari dira Ait bera diñako eskuarekin. Era berean hari da Aita, Semeak ta Espiritu Santuak egiten dituzten lanetan, zeren Jangoiko batenak eta iru Personenak diran egiten dituzten lan ta gauz guziak. Al-ere indarrezko egiteko ta gairik bage egiten diran gauzak, lenbizian zeru-lur-itsaso ta beste guziak bezala, Aitak egiñak dirala esaten da; jakinezkoak Semeak egiñak eta Espiritu Santu maitariak egiñak onginaiezko ta amoriozko beste guziak; eta orietatik da (ta Espiritu Santuak egiten dituen gauzarik andienetatik bat) bekatuz illak arkitzen diranak graziz biztea ta bekaturik bage ta grazidun egiñak uztea.

        Jesusen Apostol ta Apostol beren ondorengoei ere bere lan andi hau eragitera zerutik etorri da gaur Espiritu Santua ta eman die Apostol ta orien aldi artako lagunei beren lana ongi egiteko bear dutena, ta emanen die beren aldian orien ondorengo onei ere, ondorengo oriek artara prestatu ezkero. Eta Apostol jaunen ondorengo oriek gaur ez artuagatik aldi artan Apostol berak diña argi, grazi ta indar, aiek baño agitz errazkiago egin dezakee beren lana ta egitekoa; bada Apostol jaunak egin zuten beren lana lenbiziko erelleak beren ereinza bezala, ta orien ondorengo geienak beinzat egiten duten bigarren ta urrengo ereinlleen gisan; ta badakizu lenbiziko ereinlleak, zerbait ereiñiko badu, neke andiarekin urratu bear duela sasi eginik arkitzen den lurra, kendu bear dituela an arkitzen dituen sustrai, zain ta arri andiskote guziak, erre bear dituela an bertan bilzen dituen larrak eta beste zakarrak, eta irauli ta berdindu bear duela lur guzia; ta lenbiziko aren lan hau lan gogorra da; baña urrengo urteetako erelleak ez du bere ereinzarako lan orien bearrik; aski du lurra irauli, txikitu ta berdinzea.

        Apostol onak dira Kristo Jaunaren legeko lenbiziko ereinzak egin zituzten gizonak eta Jangoikoaren fede santa ta siñistanza munduko adilleen biotzean sartu zutenak; eta or ori sarzeko izandu zuten anitz neke ta izerdi, zeren mundutarrak horduan arkitzen ziran bekatuzko sasi-zakar egiñak eta sustrai gaiztoz beteak. Apostol erell onak beren lan hau astean arkitu zuten mundua idolatriaren illunbean agitz sartua ta Jangoikoaren berri zuzenik bagea; bada Egiptoko erreinua da horduraño geiena jakindu zuten munduko bazterretatik bat, eta al-ere uste zuten egiptarrak bai zirala berrogei mill jangoiko ta beren jainko-usi orien artean sarzen zituzten zenbait txori ta sierpe. Erromatar munduaren zati andiak beretu zituztenak jende oartuak eta beste gauzak ongi zekiztenak ziran; baña egiptarrak bezain itsu arkitzen ziran Jangoikoaren gauzak ezagutzeko, ta egiptarren eran jainkotzat artuak zeduzkaten ezin konta-al-diña gizon ta andre ill gaizto ta etzuten Jangoikoaren berri zuzenik. Oriena baño agitz andiagoa zen beste bazterretakoen itsumen galdua; bada zenbaitetan jainkotzat zeduzkaten baratzeko tipulak eta baratzuriak, besteetan beiak eta beste ganaduak eta besteetan era bereko beste gauzak.

        Beren jainkotzat zeduzkaten gauz orien itxur txarrei egiten ziezten mundutar itsuak beren sakrifizi moduak eta eramaten ziezten ofrend andiak eta noizbait beren hume berak, orien oñetan ill ta aldarean present egiteko; ta era orretan eraman ziozkaten irureun gizon, ta egin batez bat ere utzi bage ill zituen Aristomenes Misenio zeritzan idoloen apaizak; lan oriek eta gis bereko beste anitz eragiten zituen deabru gaiztoaren apaiz txar batek eta orren gisakoak ziran beste egun batez berreun zaldunen seme gaisoak gis berean beren eskuz ill zituztenak: ducentos nobilium filios mactarunt ad aras.

        Beste bazterretan ere bai, baña geienik orain mairuak dituen Africako errietan denbor luzean iraundu zuen zaldunen ta geiena zezakeen gizonen hume gaisoak ill ta jangoiko-itxur oriei edo sulezeko deabruari present egiteko legea do usanza: fuitque apud Phenices, et Carthaginenses nimis diu servatum, ut infantes principali honore insignes Saturno libarent (Alex. ab Alex.).

        Denbor orietan baziran munduan gauz gogor itsusi hau ez ezik, jentilak idoloekin edo beren ametsezko jainko txar zikinekin egiten zutena erakeritzat eta gauz gaiztotzat ezagutzen zuten gizonak; baña oriek egia esanagatik, ez-aditu egiten zien beste itsuak eta aitzin-aurrera zeramaten beren usanz galgarria, zeren idolo txar oriek edo orietan sarzen ziran deabru gaiztoak uzten zien egiten edozein gaiztaginz eta zikinkeri, ta ori zen oriek nai zutena ta orregatik bizi ziran jentilak itsu-itsuan; bizi ziran Jangoikoaren berri onik bage ta bizi ziran animako zikinkeriz beteak eta bekatuz illak, Espiritu Santua etorri, Apostol onak orietara igorri-bidaldu ta bere argiz oriei gauzak agertu ta graziz biztu arte guzian, len profet baten hitzaz ill anitzen ezurrak Jangoikoak biztu zituen gisan; bada bekatari guziak, Ait Alapidek dionaz, ezur igartu illak dautzan gisan, graziaren bizirik bage illak dautza, zeren grazia den animaren bizia, anima gorputzaren bizia den bezala, ta Espiritu Santua da ill oriek biz ditzakena; ta hau adirazten digu, dio, Ezekielek ekusi zituen ezur illen bizteak (in cap. 37 Ezech). Ekus dezagun, bada, Ezekielek ekusi zituen ezurren biztea ta Apostol jaunak illak arkitu zituzten munduko bekatariena.

 

 

§ II.

 

        Jangoiko bera bein edo beraren aingeru bat agertu ta eraman zuen profet Ezekiel toki zabal ezurrez bete batera. «Erabilli ninduen», dio profetak, «ezur guzien inguruan ta ekusi nuen agitz anitz zirala ta guztiz igarturik arkitzen zirala guziak, eta nola zeuden erakutsi ta galdetu zidan: Zer uste dezu, gizona? Biztu ditezke ill-igarturik ekusten dituzun ezur oriek?». «Jauna, ori zuk dakizu», eranzun zion profetak. «Hitz egizu, bada», esan zion Jangoikoak aingeruaren ezpañez Ezekieli, «ta esaiezu: Ezur igartuak, adi zazue Jangoikoak diona, ta Jangoikoak diona da: Nik zeren barrenean sartuko dizuet anima ta biztuko zarazte ill ez'en gisan. Orretako (ta biztuen lanak gero zuek egiteko) utziko zaituet zañ-sustraiez, aragiz, larruz ta prinzez estali beteak; itzuliko dizuet zeren anima ta biztu ta ezagutuko dezue nor nazan ni ta norgandik dezuten artu dezuten ondasuna».

        «Egin nuen nik», dio profetak, «Jangoikoaren esana ta ezurrei nik hau esan bezain laster asi ziren bilzen, elkar golpatzen ta soñu andi bat egiten lagunen billan zebilzen ezurrak. Denbora laburrean elkargana ziran guziak, jarri zen bakoitza bere toki-junturan, ta elkargana ziraneko, asi ziran gañetik agerzen zañak, bete ziran bear zen eran aragiz eta estali ziran larruz ta prinzez ta gelditu ziran bizirik bageko gorputz egiñak».

        «Hordu artan esan zidan Jangoikoak», dio profetak: «Ots egiozu, gizona, aizeari edo aizearen itzalpe ta izenean dabillen espirituari, ta esaiozu: Atoz munduko lau bazterretatik, Espiritua, Jangoikoak aginzen ta manatzen dizu, ta aiz-egiezu ill oriei biz ditezen. Egin nuen nik», dio profetak, «Jangoikoaren esana, sartu zen Espiritu-anima gorputz ill bakoitzean, biztu zen bereala, txutitu ziran guziak eta gelditu ziran ejerzitu guztiz andi bat zirudiela»: vixerunt, steteruntque super pedes suos exercitus grandis nimis valde? (Ezech. 37, v. 1).

        «Orra», dio Ait Alapidek, «aldi onetan Jangoikoak gorputz illak bizteko Ezekiel profetaz egiña, ta orra lenbizian Apostoluz ta gero orien ondorengoz anima bekatuz illak bizteko egiten duena, orien hitzez ta bere graziz biztuak eta zutik uztea»: per afflatum spiritus et gratiae.

        Apostol jaunak, bada, egungo egunez Espiritu Santua artu ta asi ziran munduan predikatzen Espiritu Santu berak adirazi ziena ta S. Pedrok itxetik atera ta hitz egin aldi lenbizikoan ta sermoi bat egin horduko, Espiritu Santuak utzi zituen graziz biztuak an arkitzen ziran iru mill gizon ta andre bezala: appositae sunt in die illa animae circiter tria millia (Actor. 2,41).

        Jerusalenen izandu zen aldi artako S. Pedroren hitz egite ta sermoi hau. Denbor berean egin zuten lan bera beste Apostol guziak ere. Ez du Eskritura Santak esaten zenbat ziran egun artan ta urrengo egun guzietan oriek prestatu zituztenak Espiritu Santuaren graziz biztuak uzteko. Esaten duena da egun oro zirala geiago Jesusen legeratzen ziranak eta badakigu banatu zirala laster Apostol berak Erromatarren bazter zabaletan ta probinzi andietan ta luzatu zirala Africako ta Asiko erreinuetaraño, bai ta urrutiko Indietaraño ere. Indietaraño luzatu zena S. Thomas zen, Jesus ill ondoan, biztu zela bere begiz ekusi ta baizik, sinistu nai etzuena.

        Amabi ziran Jesusen eskolan ibilli ziran Apostolu guziak eta oriek berak eta S. Pablo mundu guzian banatu ta aski izandu ziran mundutar gaisoei beren itsunza ta idolo txarren deus-eza ta erakeria siñisterazteko, bai ta Jesus mill neke ta tormenturekin gurutze baten illaren Jainkonza siñisterazteko ere.

        Orretako etzuten Apostol onak gerrako jend-ejerziturik, etzuten armarik, ez eta Jesusen erakustea ta Espiritu Santuaren argia baizik ere, ta erakuste ta argi guti hau aski izandu zuten munduko jakinsu andienak mututurik uzteko, orietatik anitzi ta besteetatik agitz geiagori jentil kontu zikiñak utz-erazi ta gure legeko garbiak arrerazteko jentil kontuak baziran ere gorputzak agitz nai dituen gauzak eta Jesusen legekoak gorputz bera askotan naigabetzen dutenak.

        Jesus beraren erakuste ta Espiritu Santuaren grazi ta lagunz hau aski izandu ziran jentil bataitu berri berei Apostol onak beren idoloen elizak lurrerazi ta ango idol len jangoikotzat zeduz(ka)ten guziak ostikoka erabilli ta sutan erre-erazteko; aski izandu ziran bataiatzen ziran jentilei utz-erazteko lengo ebasket, aserkunz eta beren eskuzko eriotzak, bai ta aragiaren zikinkeri loiak ere, ta orien ordez oriei berei eragiteko fededun onak egin bear dituzten otoitz, konfesi, komunio, barkatze ta zeru anitz irabazten duten beste era bereko gauz garbi ederrak; eta len gauz orietarako Ezekielek ekusi zituen ezurrak bezain illak arkitzen ziran jentilak Apostol jaunen aizearekin edo erakuste zuzen garibiarekin ta Espiritu Santuaren zeruko graziarekin gelditu ziran Ezekielek ekusi zituen ezur biztu berak bezain biziak, eta asi ziran animako beren etsaiak garaitzen ta gauz ta irabanz andiak egiten, ta hau egin zutenetatik anitz izandu ziran gero gure legeko apaiz, obispo, martir ta santu andi.

        Apostol berak ere azkenenan galdu zuten bizia, ondu ta grazira biztu ez ziran jentil zenbaiten eskuz ta gelditu ziran Kristo Jaunaren martir egiñak; baña etzen orregatik ill mundura ekarri zuten bizia ta Espiritu Sanruaren grazia; ereñi zuten hau oriek, eta oriek ereñiak ekarri du nork daki zenbat on ta ondasun; bada Santiagok ereñi zituen Españian sei edo zorzi ale, edo Jesusen legea arrerazi zien beste anbat gizoni ta gizon bataitu bakan grazidun orietatik etorri da espaindar guziak fededun egitea ta oriek berak gero Indietara ta munduko beste bazterretara fede santa ta Jesusen legea eramatea.

        Orra, bada, zer bizia ta zer indarra Espiritu Santuak Apostoluei ta Apostoluen ondorengo gizonei ta fededun guziei ematen diena. Baldin ezpadezu, billa zazu bekatu zereen damuz ta konfesioz ta bizi zaitez Espiritu Santu beraren graziz, ta bizi zaitez berriz ez uzteko. Bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa