www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igande eta festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1767-1782, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

I
Jai-igandeetako Eliz-irakurtzak.

Abenduaren lenbiziko igandeko irakurraldia

 

Et tunc videbunt Filium Hominis venientem in nube cum potestate magna, et majestate. Luc. 21.

 

Gaia: Ez bekaturatzeko gogoan
erabilli behar dira iru gauza

 

        Gaur Jesusek etorkizun izugarri bat agertuz arrerazi nai digu biza-giro dagokiguna, ta arrerazi nai, suleze infernu nekagarritik urrun-erazi ta zeruko ondasunez ta gloriz beterik uzteko. Artako gaur agertzen digun gauza da gure eriotza, eriotzari darraikon kontua ta kontuari dagokan gaiztoen neke gogorra ta onen betiko sari ona ta gloria, ta agerzen digu egungo bere Ebanjelio santuan esaten ta adirazten digunarekin.

        Illak arkitzen dira gu baño len bizitu ziranak; illen gara (ta anitz luzatu bage) oraindik bizi garanok eta ill beharrak dira gure ondoren biziko diranak ere. Azkenen ill-hordu hau urbilzen den denboran illunduko da, dio Jesusek, zeruko eguzkia, odoltuko da ango illargia ta galduko dute an bertako izarrak beren tokia. Aserretuko dira elementu guziak eta beldurrez, gosez, egarriz ta lorik ezin egiñez igartuko dira horduko gizonak. Oriek ere alde batera batzuek eta bestera besteak illen dira ta lenago ilzen ez diranak illak utziko ditu azkeneko su, bazter guziak erreak eta auts egiñak uztera Jangoikoak aldi artan igorri-bidaldu beharrak.

        Beren ill ondoko kontu guziak eman ta bertan beste guzien gisan biztuko dira azken-ill berri oriek ere. Oriek eta gu, bai ta sulezeko etsai amurratu guziak ere, bilduko gara Josafatko soro-aran andian. Hordu berean zerutik aterako da odei baten kataderan ta tronu guztiz egoki batean guzien kontu zorrotzak arzera datorren Juez andi Jesus Jangoiko-gizona ta fit-aski ta laster urbilduko da gu gauden aren-sorora; ta urbilduko Jauntasun ederrez ta guzizko indarrez jaunzia ta anitz mill-milloi aingeru bere bi bazterretan ta inguru guzian dituela. An egiñen du Jesusek horduko bere egiteko zuzena ta gutatik bakoitzari emanen dio beraren leneko bizitzak eskatzen duen bidea ta saria.

        Zeruko sariari dagokan bizitz on bat guri arrerazteko Apostol S. Pabloren egungo Epistolan esaten digu Jesus maitagarriak: «Jaiki-garai ta (bekatuko) loaren utz aldia etorri da; alde bat, bada, jan-edan makurrak, aragiaren zikinkeri loitsuak, ondasun-kontu galgarri guziak, gudu-erriertak eta auzi-pleituak, bai ta antuste arro ta gogoaren erakeri utsak ere ta argizko armak arturik ibill garbiro zeruko bidez ta behar den eran». Orra, bada, bi gauz dira Jesusek orain bere Apostoluz ta gero S. Joanen ezpañez dionaz, bizitz on batek eskatzen dituenak eta eriotz obera zuzenki daramatenak; bata da mundu galduaren gauzak eta aragiaren, ondasunen ta antuste arroen naikunz errebes-eroak alde bat uztea, zeren guziak diran mundu galgarriaren gauz galduak: omne, quod est in mundo, concupiscentia carnis est, concupiscentia oculorum, eta superbia vitae (1 Joan. 2,16); ta bestea ongi ta Jesusen eran bizitzea. Bi gauz orietako gaur berak agertzen digun bidea da argizko armak artzea edo zeruko argiarekin geren eriotza ta mundu galduaren iru gauz oriek kontuz, maiz ta ardura ekustea; bada oriek guk ongi ta maiz ekusi ezkero, ezagutuko dugu orien ezer-eza, ta oriek utzi ta billatuko ditugu zeruko ederrak eta egiñen dugu billanz onek eskatzen duen bizitza. Asi gaitezen oriek ekusten ta ekus dezagun lenbiziko aldian.

 

 

§ I.

 

Aragiaren atseginz txarren deus gutia ta nekagiro gogorra.

 

        Munduko anitzek leneko ero zenbaiten aide urbillak dirudite; bada aldiak ematen dien guzian orien gisako erakeri txarretan hari oi dira. Leneko eroak uste zuten gorputzaren eriotzarekin ilzen dela gure anima, zezenarena bezala, ta orregatik ibilli oi ziran al zituzten emengo atsegintzen ondoren, elkarri esaten ziotela: Ots emazue, bigar edo fite ta laster ill beharrak gara gu guziok eta hordurik galdu bage ar ditzagun al ditugun atsegintzak: venite, et fruamur bonis, quae sunt, et utamur creatura... celeriter (Sap. 26); ta hau bera da diogun oraingo eroak egiten dutena, aldia datorten aldian emengo gauz txarren ta atsegintzen ondoren ibiltzea, atseginz oriek izanagatik Jangoikoaren legez debekaturik edo perillez beteak arkitzen diran gauzak. Begir egiezu ezperen aisa bizi diran munduko zenbaiti ta ekusiko dezu gogoak ematen dien gauzen billan dabilzala goizetik arratseraño ta bitarte guzian dakarten egiteko ta lana dela hordu osoak hitzket erotan galtzea, begiak eta gogoa nai dituzten leku ta toki guziak ekusten erabilzea, jan-edan luzeak eta beroak egitea ta beren pasione sutu-galgarriari ta aragi galduari al dituzten atseginz zikiñak ematea.

        Begir egiezu haste guzia lan-tartean ta neketan daramaten beste zenbaiti ta ekusiko dezu jai-igandeen zati andiak eta duten piska borondegiko euli egiñak edo edantegi gaiztoren batean edo joko galgarrian sartuak eta tripazanzan galdu oi dituztela.

        Begir egiezu gazteetatik anitzi ta ekusiko dezu orien egiteko ta naikunz guzia dela mutil-neskak (eta jai-igandeetan berezkiago) elkar ekustea, elkargana biltzea, eta elkarrekin jostatze ta ez dagozten jan-edanak eta beste gauzak egitea. Eta orra oriek eta orien erako beste guziak len genion eroen aide urbil edo lagun egiñak.

        Zergatik uste dezu? Zeren gogoratzen etzaien beren antust-arroen, tripazanz beroen ta aragiaren atseginkunz makurren ezer-eza, ez eta gauz oriei beren ill-denbor illunean ta geroko sekula guzian emanen dien nekagiro gogorra ta naigabenz urratzalle amurragarria ere. Ill ziran leneko eroak eta orien eriotzarekin bukatu ziran orien arrontz, atsegintz eta ondasun guziak; baña bukatuko ez dira oriek oriekin irabazi zituzten betiko neke-tormentu madarikatuak, eta mugaz ta lenik uzten ezpadituzu zere langiro gaizto eroak, azkenean leneko ere beren betiko bazter amurratura jaitsiko zara zu ere. Zu ara ez jaisteko bidea da artako len errege David bekatariak beretzat artua ta aren gisan erakeria dela aragiaren naikunz makurra ezagutzea: vanitas, et ilusio est carnis concupiscentia (S. Joan Chrys. sup. Lumbi mei impleti sunt illusionibus, Ps. 37, v. 8); ta munduko arrotantz ta ondasundi guzien ezer-eza ekusi ta orien bidez egiñaz ongi damuturik berriz ez orien bideratzea, ta artako bein ta berriz ta askotan gogoan artzea. Len edo gero aitortu beharko dezu egi hau David beraren seme andi Salomonek adiña atsegintz, ondasun ta honra izaten bazenitu ere, bereen buruan onek aitortu zuen bezala.

        Jangoikoak emanik izandu zuen errege Salomonek bestek ez diña jakiunz-honr-ondasun ta atseginz, bai ta anitz eta anitz geiago ere. Bere jakinzarekin ta zituen ondasun andiekin egin zituen sekulan ekusi etziran atseginz-tegi eder galantak. Etxean ta ez etxean bazituen errege onek begi, trip, gogo ta aragiaren naikunz guziak asetzeko diña gauza, ta guzia guztiz egokia ta ezin obea; eta izandu zuen ark hau beti-beti bere erreganz luzean ta ill arte guzian, ta izandu ez ezik, artu ere bai kupide bage ta gogoak ematen zion aldi guzietan. Baña azkenean ezagutu zuen beraren aita Davidek bezala, ezer-eza ta erakeria zela hau guzia; baña ezdakigu bere ezagunz guziarekin ere atera ote zen bere erakeriagatik zeraman sulezeko bide galgarritik.

        Atera zaitezen ortik zu, bide orretan arkitzen bazara, edo ara etzoazen, oraindik an sartu ezpazara, ekus zazu bein ta berriz ta maiz ere zere ill beharra, bai ta emengo atseginkunz zikiñen ta beste gauzen ezer-eza ere; bada bi gauz oriek ongi ta maiz ekusten badituzu, gogoan sartuko zaitzu zeruko atsegintz-tegi garbi ederra, bai ta erio gaiztoari darraikon neke izugarriaren beldurra ere, ta neke orien beldurrez ta zeruko atsegintzak ez galtzeagatik aisa utziko dituzu erio gaiztora daramaten gauzak eta aragiaren loi zikin laburrak.

        Bai, laburrak dira emengo atsegintzak, bada aurtan bukatzen dira aurtan artzen diranak; gazte denborako guziak gaztetan ta zartu bage, ta geroko beste guziak emengo gure biziarekin; ta gure aur denbora, gazte denbora ta beste gure denbor guziaz tximenitik atera ta laster galtzen den kea bezala da, dio Santiagok: vapor ad modicum parens (Jacob, 4,15). Bizi(t)z onari darraizkon atseginzak dira atseginz andiak eta atseginz betiko luzeak: aeternum gloriae pondus. Ar zatzu, bada, gogoan ardura ta maiz batak eta besteak, lurreko txar laburrak utzi ta zeruko andi luzeak billatzeko. Billatze bererako lagunduko dizu era berean ekusteak.

 

 

§ II.

 

Lurreko gauzen ezer-eza ta bukanz labur galgarria.

 

        Lurreko ondasunik andienak ere ezer-ezeko edo ezer gutiko gauzak dira, ta gauz, anitzentzat beintzat kezkaz beteak eta bukanz agitz gaiztozkoak. Bai, kezkaz beteak; bada izerdi ta neke andiarekin biltzen diranak dira ta nolanai bilduak izan, bildu ondoan galdu edo aitu ditezen beldurrarekin jabearen bihotza kezkaz, aranzez ta arazoz betetzen dutenak beintzat, an, emen, jokoan, tripazanzan, atseginkunz zikin zenbaitetan edo egin behar ez litzaken beste gauzaren batean gastatzen asi ezkero; ta neke da ondasundun aberatsak bide batez ezpada, bestez artara bage luzaro irautea ta bere burua bekatuz bad-ere ez kezkatzea; zeren, esan oi denaz, aberatsa den gaiztoa edo gaiztakume, bere aitaren bidez ibilli oi dena: dives aut iniquus, aut iniqui heres; ta alakoa bizitzan ere bai, baña eriotzeko hordu illunean ta ifernuan gero suzko negarra dariola esaten ta esaten beti-beti egon beharra: «Zer atera genuen geren diru, izate ta ondasun guzitik?»: divitiarum jactantia quid contulit nobis? (sap. 5,8). Egin dugun gaiztaginza ta emen infernu sutuan dugun neke ta tormentu amurragarri kezkaria ta sekulako damu ta atsekabe agitz mindua!

        Nolerenai azkenean aberatsak eta ondasundun guziak dira errumes, behartsu, ameslari baten gisako gizonak. Inditar, ondasun guzien jabe dela errumes batek amets egiñagatik, iratzarzen den aldian arkitzen da lotara zen horduan bezain behartsu ta gabe, ta ondasunik geiena izaten duten aberatsak ere ill horduko arkitzen dira errumes ameslari hau bezain gabe ta behartsu, ta beren esku utsak ekusi ta ezagutzen dute ameslari baten gisakoa izandu dela orien bizitza ta ondasundi guzia: dormierunt sommum suum, et nihil invenerunt omnes viri divitiarum in manibus suis (ps. 75,6). Hau ezagutu dute Españan, Franzian ta Alemanian ill diran errege ta enperadore andiak, bai ta beste bazter guzietako aberats andi txiki guziak ere, ta orien artean Salomon jakintsu munduko aberatsenak; bada ardit bat bage atera dira mundutik onen ta ill diran ondasundun beste guzien animak. Era berean aterako dira gañerako guzienak ere ta beren zor txiki txar baterako ere etzaizte baliatuko izandu zituzten urre te zillar guziak: argentum eorum, et aurum non poterit liberare eos in die irae Domini (sphon. 1,18).

        Lurreko gauz-ondasunen ezer-eza onen ta ondoren galgarri amurragarri gogorraren ezaguntzak eta noizean beingo oroitzapen kontuzkoak eskurako du, bai, erotu ez den edozein zenzakor, ta bere izanen ta ondasunen arte berean ere eragiñen dio dagokan bizkunza ta landi ona ta erabilliko du ondasun-bage baliz bezain lasai ta dituen ondasun guziei ematen diela dagoten bidea edo ondasun-gauz berekin berepeko gauzak zuzenzen, hume guziak ongi azitzen, dituen zorrak ateratzen, bekatu zarren zorrak urratzen, berri guziak urrun-erazten ta anitz gauz on egiten dituela ta ondasun galgarririk ezpalu bezala garbiro ta Espiritu Santu jaun berak nai duen gisan ta eran dabillela: divitiae si affluant, nolite cor apponere (ps, 61,11). Hau da ondasundun guziak egin behar dutena ta egiñen ere dutena, kontuz ta maiz ekusten badute beren ill-behar urbil dabillena ta beren eriotzak kenduko dieztela dituzten gauz-ondasun guziak; baña ez ondasun oriekin egin dituzten, (egiten badituzte) bekatu galduak eta oriei darraizten betiko neke-tormentuak.

 

 

§ III.

 

Antuste arroaren ezer-eza ta bukanz galgarria.

 

        Gaizki ill ta betiko gal ez gaitezen aragiaren lan-gai zikiñen ta ondasunen bide makurren gisan, burutik kendu behar ditugu gogo gaiztoaren antust eta arroket eroak, eta oriek ere beste bi gauzak bezain aisa ta agitz errazkiago kenduko ditugu, kontuz ta maiz ekusi ezkero orien ezenz eroa, ta beste biena baño agitz errazkiago ezagutzen da orien ezenz ero edo ezer-eza, ta erakeri hau; hau alabaña uste utsa da, dio Apostol jaun S. Pablok, bada dio: «Uste duenak bera, berez ta lagunik bage, bai dela zer edo zer, ez daki zer esaten duen ta uts egiten duen gizona da»: si quis existimat, se aliquid esse, ipse se seducit (Gal. 6,3). Eta bat berez edo Jangoikoak eman ta duenagatik zerbait den aldian ere, andik arzen duen antust arroa, bera ta beraren edozein beste gauz baño len bukatzen den ezer-eza da, bai ta artako duen gaia Egiptoko erregin andi Cleopatrak bere baterako izandu zuena bezain andia den aldian ere.

        Erregin Cleopatra zen bere aldian munduak zuen dam-andrerik ederrena. Gazterik eta mugaz ezkondu zen Erromako enperadore Marco Antoniorekin. Marco Antonio urrutitik zijoan aldi batez, urez atera zen aren bidera, ta atera zen zituen edergarri andiez jaunzia ta agitz apaindua. Urrezko plantxez estalia zeraman bere itsas-ontzi guzia. Zaldunak ziruditen ontziko mariñel guziak. Gañetik zillarrez estali ta zeuden orien arraunak eta egiten zituzten beren arraunkak artako zeraman musikak adirazten zien aldian. Urrezko ariz egiña zen onziko bandra, granaz gorritu-ederrak ontz-egal-belak eta sed urdin-zuri-berdez egiñak. Berekin ta toki agerian eraman zituen eun donzell agitz ederki jaunziak eta orien erdian ta guzien buruei gañez egiten zien tronu urrezkoan arkitzen zen bera, itsaso guziaren erregin zirudiela. Zer antust-gaiak aldi artan ark an zituenak! Baña noizdañokoak? Bere ibiller-aldia egin ta etxera artekoak. Eta aren erreinu andi ta beste gauzak? Beraren azken hordurañokoak.

        Noiz argana zen aren ill-hordu hau? Fit aski ta laster, bada argana zen ogei ta amar urte zitueneko; ta argana, berak berariz deiturik eta suge bati bere ozkarekin zuen izurri guzia bere bularrean sarrerazten ziola. Zer egin ziran aren antust-arroa, guztizko edertasuna ta billatu zituen edergarri guziak? Aize ta auts. Eta beraren anima gaisoa? Infernuko su-gai ta ikatz belz itsusi. An datza geroztik edo bi milla urtez bezala nekez ta tormetuz betea; an bertan ta era berean egon beharra da sekulan, beti ta eternidade guzian; ta an egon beharra, ark eta hura bezalako beste emen arrotu ziran guziak, esaten dutela: «Zer da geren antust arrotik atera duguna?»: quid nobis profuit superbia (Sap. 5,8).

        Orra, mugaz uzten ez diran arrotasun eroen, aragiaren loikeri zikiñen ta lurreko beste gauz galgarri guzien bukanza; eta bukanz, gauz beren jabea ill bezain laster galdurik uzten dutena! Gal etzaitezen, bada, zu ere ta zori tristeko Cleopatra erregiñarena bezain gogorra izan ez dedin zure bukanz eta zoria, idiki maiz zere begiak kontuz ekusteko urbil dabillen zure eriotza, ta zere gogotik utzi ez, erio gaiztora eraman dezaken aragiaren loikeri galdua, lurreko gauz galgarri txarren ezer-eza ta antuste eroa.

        Begira, oriek guziak zure bizitzaren bazterrean geldituko diran gauzak dira; orietatik batek ere ez dizu lagun egiñen beste bizitzan. Arako zure lagunak dira emengo zere gauz oriekin egiten dituzun gauz onak edo gaiztoak. Gaistoak utzirik, bada, ta zere buruko arrotasun galgarri guziak lerzen dituzula, bai ta aragiaren naikunz zikiñak eta ondasun zureak eragin litzaken gaiztaginz guziak ere, asi zaitez gauz on anitz ta bizitz berri bat egiten, bere aldian egin dezazun eriotz obea ta gero erdits dezazun Jesusen sentenzi ona ta sekulako gloria. Orretarako noizean bein gogoan artu zere fite ta laster ill-beharra eta aldi onetan adirazi dugun beste guzia. Bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa